78 udaberriren ostean (Alex Uriarte Atxikallende)

Plazerra da guretzat Deustuko Unibertsitateko Alex Uriarte ikaslearen testu hau argitaratzea, Gernikako bonbardaketa gogoratuz.

Mila esker Alex!

gernika picasso

78 urte. 78 urte udalehen hura gogoratuz, 78 uda oskarbi memoriako hodei ilunak ahantzi barik, 78 udagoien negarti oroimenaren putzuan erori gabe, 78 negu isil eta hotz behinola geure herri maitea ezerezean bihurtu zutela bakardadean esanez. Egun bat bestearen atzetik, etengabe, gupidagabe. Denboraren mailuak gure sentimenak bortizki eta ziurtasun osoz jipoitzen jarraitzen duelarik. Baina ezin ahaztu inolaz ere behin batean gorriz jantzita ikusi genituela gure herriko bazterrak, kaleak errautsak eta norabiderik bako oihuak konkistatu zituela, ezin ahantzi aitak ezkutatu gura izan zituen negar-samin haiek, etsipenezko eta hondamenezko malko haiek, ezin burutik atera egun hartatik aurrera ezin izan genuela geure oheetan atzera lo egin, hazten ikusi gintuzten txoko ezkutu eta maite haietan jolastu edota haien geurea sentitzen genuen hizkuntza hura, sataniko eta barbaro izenez epaitua eta kondenatua, berriro erabili. Jadanik ez ginen ezer eta ez genuen ezer.

Egun seinalatu hartaz geroztik, geure sorterria goitik behera suntsitu zuten hartatik, ezin izan dugu bihotzaren eta arrazoiaren epaia azaleratu, borreroak gu geu ginela zioten eta. Erraietan gorde behar izan dugu amorru guzti hori, azalera atera ezinik, itzalpean. Baina udaberri berriek garai berriak ekarri zituzten. Garai berri haiekin batera benetako erruduna bilatzeari ekin zitzaion. Baina zertarako balio du errudun batek jada bere bekatua iraungiturik dagoenean? Geure barrenean giltzapetzera beharturiko gorroto hura jadanik erruki bihurtua zen. Haserrearen hazi sendo hura ordurako gupidaz ernaitua zegoen. Eta horrela heldu ziren udaberri gehiago eta gehiago, eta errudunen bilaketa gehiago. Hegazti harrapariak ehizan zebiltzan, kondorra noiz harrapatuko.

Geure herriaren suntsiketa komunikazio faltaren ondorio izan zitekeen, nork jakin. Izan ere, zerua setiatu zuten heriotz-kondor haietan etorritako gizon haiek arrotzak iruditzen zitzaizkigun, ez genituen ezagutzen. Eta geu, behekoak alegia, ezin gintuzten ondo ikusi. Xomorroak baino ez ginen haientzat, izu-ikaraz ihesean zihoazen intsektu xume batzuk. Haiek ere behean egongo balira, geure parean, ikusi ahal izango zuten beraiek bezalakoak ginela, ez ginela zomorro xalo batzuk. Baina ez zen komunikaziorik izan. Haiek goian zeuden, eta geu behean. Haiek zeruan eta geu infernuan. Eta suzko, metrailazko eta heriotzazko euri hura bidali ziguten. Eta geure herri maitea suntsitu zuten. Eta geure anai-arrebak erail. Eta geure amets oro lurperatu. Eta geure barnean sentitutako oro fusilatu. Eta geure izaeraren ardatza errauts artean ito.

Baina denborak zauriak irekitzeko duen indarraren parekoa da haien orbainak ixteko duen ahalmena. Eta orduz geroztik udaberri ugari bizi izan ditugu. Batzuk ilunak eta lorerik gabekoak, isiltasunezkoak eta sumiziozkoak alegia. Beste batzuk, ordea, argi eta biziagoak. Eta haietako batean atzerriko gizon arrotz haiek bueltatu ziren geurera. Baina orain ez zekarten fusilik, besarkadak baizik. Ez zekarten hegazkinik, damu hitzak baino. Ez zekarten kondorraren begirada zorrotz hura, anaitasunezko espresio bizia baizik. Eta orain denok geunden behean, bai geu eta baita haiek ere. Ikusi ahal izan zuten haiek bezalakoak ginela, ez geneukala zer ezkutaturik. Udaberri hartan ikusi ahal izan zuten heriotzazko errauts hartatik lore berriak hazi zirela eta garai batean geure herri sakratua izandako hartatik horma eta amets berriak erne zirela. Eta balak lurperatu genituen elkarrekin besarkatzeko, eta ikusi ahal izan zuten ez ginela kondorrak, ezta zomorroak, beraiek bezalako herritarrak baizik. Ikusi ahal izan zuten bagenuela familia, bagenituela lagunak, bagenituela karrika berriak, geure eskuekin eraikitako bunker-zulo haiek erabiltzeko beharrik ez genuela eta gorrotoaren hiriburu izandako honetan laguntasuna eta batez ere komunikazioa zela nagusi.

Baina, era berean, ezin oroimenetik aldendu geure herriko sarraskiaren ondoren beste hondamendi batzuk etorri zirela, ezin ahaztu haietan, geurean bezalako odol eta negar tantak izan zirela nonahi, bizitzak bere zentzua eta iparra galdu zuela eta seguru aski, toki guzti haietan ere sentimenak mozalez isilarazi zituztela. Bai Dresden, bai Hiroshiman, Nagasakin, Afganistanen, Palestinan, Somalian, Sirian, Ukrainan… geurean bizitakoaren antzeko zerbait jazo zela eta, zelan edo halan, haiek ere Gernika direla. Berton abiaturikoak toki guzti haietan bere horretan dirauela eta egindako akatsetatik batzuek ikasi ez dutela, ikasi ez dugula, dirudielako.

1997ko udaberri hartan zera sentitu genuen, Gernikan, geure sorterrian, geure erraietan bizitako izu eta zorakeria hura ezin zitekeela beste inon ere gertatu eta behin suntsituriko geure herriaren errautsetatik bakezko lema bat hazi behar zela, mundu guztira zabaltzeko lema bat, denontzat baliogarria izango litzatekeen lema. Zera hedatu nahi izan genuen lau haizetara, geurean jazotakoaren tankerako hondamenik beste inon ezin zela jazo, eta geuk sufritutako oinaze guzti hura ezin zitekeela beste inon errepikatu. Beldur eta mozal oro askatu genuen barrenetatik eta geure indar guztiekin ondorengo deiadarra egin genuen: atzerritarrok, herritarrok, lagunok, ongi etorri Gernikara. Euskaldunon herrira, alemaniarren herrira, munduko biztanleen herrira, bakearen eta askatasunaren herrira.

Hemeretzi urteko gazte bat naiz eta ondo dakit neure esanak ez direla ez lehenak ezta azkenak izango. Honez gain, ederto dakit neuk esandakoek ez dutela ezer aldatuko, eta seguru asko ezer berririk erakutsiko. Baina hitz hauekin adierazi gura izan dudana zera da, gazteok ere, bai gernikarrak zein kanpokoak, geure iraganaren eta sustraien jakitun garela. Gazte batzuk behintzat ez garela isolaturik bizi, geure arbasoek bizitakoaz kontziente garela eta ez dugula geure izaeraren iragana ahazten, ezta ahaztuko ere. Sarritan iraganak orainaren eta etorkizunaren zentzua ezartzen duelako, eta iragan horretako akatsak oinarri hartuz eraiki behar dugulako bai oraina eta baita etorkizuna ere. Oroimena ez delako egun bakar batera mugatzen eta geure barrenean egun oro izan beharko litzatekeelako apirilaren 26a, egun oro izan beharko litzatekeelako saihestu beharrekoaren oroigarri eta egun orotan izan behar genukeelako gogoan behinola geurean gertaturikoa ez litzatekeela atzera beste inon gertatu behar.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.