Euskarazko komunikabideen kontsumoa eta internet: lotuneak, migrazioak, trantsizioak eta etendurak

Euskarazko komunikabideen kontsumoa eta internet: lotuneak, migrazioak, trantsizioak eta etendurak proiektua hasi berri dugu Deustuko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitateko ikerlarien artean, eta hari lotuta #selfieIKT twitterreko kanpaina abian jarri da.

Arrosa Sareko Zebrabidea saioan eta Berrian kanpainaren berri eman dugu Elkarrizketa Zebrabidean

Bestetik, Urtzi Urkizuk artikulua argitaratu du Berrian

Euskaldunon kontsumoari ‘selfie’-a

Euskarazko komunikabideen ikerketa kualitatiboa egiteko, hiru ikerlarik #selfieIKT kanpaina jarri dute martxan Twitterren

2015-04-26 / Urtzi Urkizu

Hekimen elkartearekin batera, Xabier Landabidea (Deustuko Unibertsitatea), Gorka Salces (Euskal Herriko Unibertsitatea) eta Koldo Diaz Bizkarguenaga (Mondragon Unibertsitatea) audientzia ikerketa kualitatiboak egiteko proposamen bat lantzen ari dira. Euskal Hedabideen Behategiaren proiektuarekin lotutako Bestelako irakur-ikus-entzuleriaren ikerketak taldetik abiatutako proiektua da. Euskarazko komunikabideen kontsumoa eta Internet aztertzeko. «Epe ertaineko proiektu bezala hasi dugu, eta helburua Interneten garapenak ekarri digun ekosistema berrian euskarazko komunikabideen kontsumo forma garaikideak hobeto ezagutzea da», dio Xabier Landabideak.

Ikerketa abiarazteko joko bat proposatu dute Twitterreko komunitate euskaldunarekin: #selfieIKT kanpaina. «Batetik, gure ikerketa hasieratik sozializatu nahi dugu, iker-objektuak iker-subjektu bilakatuz, nolabaiteko talde-hausnarketa fragmentatu eta umoretsu bat proposatuz». Bestetik, IkerGazte biltzarrean aurkeztuko dituzte ikerketaren oinarri teoriko eta metodologikoak. «Horretarako, nahiko genuke material fresko eta propioa eraman, gure disko gogorretako argazki zaharrak eta Googlen indexatutako irudi harrapaketan ibili baino». Eginahal horretan arrantzan ibiltzeko asmoa dute hiru ikerlariek, «komunikabideekin euskaldunok eguneroko harremanen deskribapen espontaneoen eta kasu kritikoen arrantzan».

Oraingoz Twitterren baino ez dago kanpaina, #selfieIKTetiketarekin. «Baina traolak martxa hartzen badu, oraindik Whatsappen amai dezakegu. Gaur egun hedabideen arteko mugak geroz eta lausoagoak dira». Jadanik hainbat euskal txiolarik zabaldu dute zer harremana duten euskarazko komunikabideekin.

Kanpaina-joko horren ostean, ikerlariek hamabost elkarrizketa egingo dituzte. Ahalik eta kasu ezberdinenak jasotzen saiatuko dira, egun dagoen «aniztasuna» eta «aberastasuna» islatzeko asmoarekin.

Aurten Durangoko Azokan aurkeztu nahiko lituzkete ikerlariek atariaren emaitza batzuk, Hekimen prestatzen ari den urtekariarekin batera.

Ohituretan aldaketak

Ikerlariek adierazi dute eguneroko esperientziaren berri izan nahi dutela, aldaketa teknologikoak praktiketan ez ezik praktika horiei ematen zaizkien zentzuetan eraldaketak izan dituelakoan. «Gure asmoa ez da lagin batetik abiatuta euskaldun guztien ohitura mediatikoen potreta osoa egitea, baizik eta aurretik bilatzen ari garen profil ezberdinen atzean dauden errealitate aniztun eta singularrak hobeto ezagutzea». Ikerlariei iruditzen zaie orain arteko audiometria eta hurbilketa estatistikoek ez dutela kontuan hartu dimentsio subjektibo hori. Horrenbestez, hurbilketa kualitatiboek euskal ikus-entzuleriaren ikerketa garaikide baterako «ekarpen garrantzitsuak» eskain ditzaketela uste dute.

Hiru unibertsitateetako ikerlariak ados daude: «Teknika kuantitatiboez gain, ezinbestekoa da kualitatiboak erabiltzea ere». Horregatik, euskarazko komunikabideen kontsumoaren hurbilketa etnografikoa proposatu dute, kontsumitzeko eta ez kontsumitzeko zergatiak eta moduak esploratu, eta Internetek sortu dituen etendura, trantsizio, migrazio eta eraldaketak hobeto ulertzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.