euskal herriak ez du himnorik
Euskal Herriak ez du himnorik
Euskal Herriak ez du himnorik, populazioaren gehiengoak onartzen duen bat, behintzat. Baina, historian zehar, saio ugari izan dira.
Gernikako Arbola dugu lehendabizikoa. 1853. urtetik aurrera izugarrizko arrakasta izan zuen. Himno gisa egokia ez dela azaltzeko, arrazoi desberdinak eman dira: euskara traketsa darabilela, Bizkaiarekin batez ere lotura duela, edo Iparragirre (orduko euskaldun gehienak bezala) karlista zela. Azken hori ez da, noski, kontuan hartzeko arrazoi bat. Garrantzia duena hitzak dira, ez egilearen ideologia. Baina, egia da, gaur egunean ez dela ia abesten.
Lehendabiziko Aberri Egunaren deialdia 1932. urtean zabaldu zen. Aurrez abertzaleek San Inazioren eguna ospatzen zuten (orduan Gipuzkoako eta Bizkaiko patroia zelako). Horregatik Iñaki Deunaren Ereserkia-k bete zuen, modu batean, papera. Baina gaur inork ez dio zentzu hori ematen.
Urte batzuk geroago Eusko Alderdi Jeltzaleak Euzko Abendaren Ereserkia-ren erabilera bultzatu zuen. 1983tik Euskal Autonomia Erkidegoaren himno ofiziala da, hitzik gabe: egiten ziren aipamen erlijiosoarengatik baztertu zituzten. Baina Nafarroan edo Iparraldean ez zuen inolako arrakastarik izan, eta gaur egun, gainera -Euskadin ofiziala denez- , Euskal Herriko beste lurraldeak ordezkatzea ez du inolako logikarik. Gogora dezagun Nafarroak ere baduela bere ereserkia, baina inork ez du proposatu beste lurraldeetan erabiltzea.
Eusko Gudariak izan da beste aukera bat, baina hamarkadak direla Herri Batasunakoek eta haien oinordeko politikoek abesten dute bakarrik. Beraz, horrek ere ez du balio.
Une honetan, galdetuko genioke geure buruari: zentzurik ba ahal du, XXI. mendearen hasieran, himno baten bila aritzeak?
Askok pentsatuko dute ez duela inolako faltarik egiten. Batzuen ustez, Espainiaren edo Frantziaren aurkako elementu bat izango zelako. Beste batzuentzat, nazionalismo guztiak ezkorrak direlako, pertsonen arteko mugak eta gatazkak sortzen dituztelako.
Ikuspuntu horiek errespetatu eta neurri batean ulertzen ditut, baina ez nago ados.
Alde batetik, abertzaletasuna eta demokrazia bateragarriak dira. Hortaz aparte, talde edo nazio batek, irauteko, sinboloak lagungarriak ditu. Horregatik, arlo hori mantentzea interesgarria da.
Euskal Herriari dagokionez, ikurrina oso ongi errotu zen. Blasoiaren atala (Zazpiak Bat) konplikatuxeagoa da, baina gaur ez dut heraldikaz hitz egingo. Beraz, himnoa falta zaigu, eta komenigarria izango litzateke hutsune hori betetzea.
Iragana aztertuz, badakigu zer ez dugun egin behar. Adibidez, alderdikeriak arriskutsuak dira, abestia denona izan behar da eta. Talde edo ideologia bati lotua baldin badago, besteek ez dute onartuko. Hemendik kanpora ere gertatu izana da. Adibidez Errusian sobietar garaikoa erabiltzen dute gaur egun, baina hitzak aldatu dizkiote.
Bestalde, himnoaren edukiak aproposa izan behar du gizarte demokratiko batentzat. Alemaniako Deutschland über alles, adibidez, aldatu egin zuten, egokitzeko.
Baina historia demokratikoa duten estatuetan ere antzeko arazoak gertatzen dira, gizartearen bilakaerarengatik. Erresuma Batuko God Save the Queen, adibidez, polita da entzuteko… nahiz eta hitzak zerbait inozoak eta guztiz zaharkituak izan. Baina La Marseillaise-renak ere aldatu izan nahi dituzte, odoltsuegia delako.
Ez da hau gai erraza, baina begi bistan dago ereserki batek hitzak izan behar dituela, abesteko gai izateko. Gogora ditzagun, bestela, gai honi buruz Espainiakoarekin noizbehinka izan diren eztabaidak.
Euskal lurrera bueltatuz, aipatu behar da beste himno proposamen batzuk ere egon direla. Jeiki, Jeiki, euskotarrak dugu adibide bat. Doinua Iparraldekoa da, oso zaharra: «Olandresen ibarra» aipatzen duenez, segur aski orain direla ehunka urte sortua. Hitzen parte bat mantenduz, XX. mende hasieran, Hegoaldean letra berri bat eman zitzaion. Bertsio desberdinak daude hala ere. Hau da bat:
Jeiki, jeiki, euskotarrak
laster dator eguna (2)
Sortaldetik agiri da
argi gozo biguna
bere aldean, bildurtuta,
ihesi doa iluna (2).
Interneten pixka bat begiratu ondoren, adibidez, azalpen hau aurkitu dut: «Jeiki, Jeiki melodiak himno baten traza inkonfundiblea du». Ados nago.
Berez, antzinakoa izateaz gain, ez da lurralde batera mugatzen, errotua dago eta (garrantzitsuena!) hitzak guztiz aproposak dira: ez dute ideia demokratikoen aurkako ezer. Musikari dagokionez, moldaketak egiteko oso aproposa da.
Komenigarria deritzot eztabaida bat hasteari gai honi buruz. Horretarako izango litzateke aproposa Interneten jartzea himno hautagai guztiak, bakoitza fitxa batekin (azalpen historiko eta teknikoak emateko), eta gero aukera eman aldeko edo aurkako arrazoiak idazteko. Modu berean eta aurrerago, bozketa egiteko aukera ere izango genuke.
Esandakoa, eztabaida has dadila!
Hemen klikatuz gero, entzun ahal izango duzu:
jeiki jeiki euskotarrak
Atalak: Orokorra
josan
15 ekaina, 2012
Bideoan honako letra hau aurkituko duzue:
Jeiki, jeiki, etxekoak
argia da zabala
argia da zabala.
Itsasotik mintzatzen da
zilarrezko tronpeta
bai eta ere ikaratzen
Olandresen ibarra
Olandresen ibarra.
Norbait ausartuko al da letra berria sortzera?