“San Anton, bixigus a monton”!
Halaxe zioten antzina, bixigua ugari harrapatzen zen garaian, San Anton ingurua izaten omen zen-eta bixigurako sasoi aproposa.
Edozelan ere, gaur urtarrilak 17, San anton eguna dela aitzakia hartuta, eta “egunari berea” ematearren, “Anton”en inguruko kontu eta kanta batzuk jaso ditugu hemen: ea gustuko dituzuen!
Segidan dituzuen koplek nola edo hala, Anton daukate ardatz:
ANTONTXURENA. (Egin klik izenean entzuteko)
Antontxu, Antontxu zara zu;
Kuartilo t´erdigaitxik (eta erdiagatik)
Ohie saldu dozu (ohea)
Aita datorrenian,-ian, Ama datorrenian,-ian
Etxetik kanpora bialduko zaitxu!
Aita datorrrenian,-ian, Ama datorrenian,-ian
Etxetik kanpora bialduko zaitxu!
(Joxe Mari Landak Bedarona—Ea–(Bizkaia)ko Guadalupe Mendiberi jasoa , 2000. urte inguruan)
San Antonio eta txerri gaixoarena (egin klik izenean entzuteko)
San Antonio, San Antonio,
Txarridze gaixo danian,
San Antonio datorrenian
Ama ez dago etxian.
Badirudi antzina ohikoa zela eskekoak edo erromesak baserriz baserri eskean ibiltzea San Antonioren irudi batekin, berau baita, kristau sinistunen ustean, animalien babesle. Eta ama izaten omen zen eskaleari janari apurra, arropa zaharren bat, edo dena delakoa eskaintzeko ardura izaten zuena; Baina, txerria gaixo izanez gero ama ez zela ezer emateko prest egoten kontatzen digu kopla zahar honek.
Bestalde, nahiko esamolde ezaguna da “ama ez da beti etxean egoten” dioena, norbait arazo baten aurrean dagoenean, ahal duen moduan, bere kasa molda dadila adierazteko esaten dena.”Hor konpon,Maria Anton!” ere oso ezaguna da, eta errimaren kasualitateagatik baino ez bada ere, honetan ere ANTON dugu presente.
(Kopla eta horren azalpena Joxe Mari Landak Bedarona—Ea–(Bizkaia)ko Guadalupe Mendiberi jasoa , 1980. urte inguruan)
Landaneko Joxe Mari.
Deustun, 2014ko San Anton egunean; urtarrilaren 17an, alegia.
Jeronimo Bosch-ek margotutako San Antonioren tentaldiak, irudiaren gainean klikatuz gero, gehiago jakingo duzue San Antoni buruz.
Eta badakizue; gaurko egunean etxeko animaliak bedeinkatzeko ohitura izaten da leku askotan;Bestetik, Mungian jai egun handia izaten da, eta azoka printzipala egiten dute bertan! Beraz, baduzue zeregina egunotan ere! euskaraz, jakina!
Atalak: Orokorra