“Tostaden festa” bilakatu zen Inauteri martitzena Irakaslegoan!
Benetan ere! Ezin dugu ukatu tostadak edo torradak izan zirela atzo Irakaslegoan bizi izan genuen Inauteri-jaitxoaren ardatz eta erdigune, giro alai eta ederrarekin batera, jakina!. Izan ere, Ugari izan ziren inauteri-dultze ospetsuak;, mota ezberdinetakoak, eta zein baino zein goxoago, alafede!
Goizeko 11etan hastekoa zen inauterien inguruko bideo emanaldia, aurtengo honetan Bizkaiko inauteriei dedikatua; eta ordurako hasiak ziren batzuk, bideogela ondoko gelako mahai luzean, txukun-txukun azpiletan atontzen euren “goxo-preziatuak”, torradak, alegia.
11´30etarako, 10 azpil tostadaz betetako zeuden mahai gainean kokatuta eta zenbaki banaz hornituta.Tartean, apaingarri eta bizigarri, “txurrunplinez”, Anpurdáko ardo goxoz betetako porroia!
Bertan ginen guztiok, ikasle, irakasle eta bisitari, denetatik dastatu ondoren, gure botoa eman genuen: bakarra izango zen irabazlea:
eta aurtengoan, Irakaslegoko irakasle Aneren tostadek hartu zuten ohore hori.(eta bertan ginenok hartu genuen tostada zoragarri haiek dastatzeko ohore eta lana!)
Jakin nahi duzue errezeta, ala? Bada, hementxe duzue, Anek berak kontatua:
Aneren tostada txapeldunak
Esnea azukrearekin, bainillarekin, kanelarekin eta limoi azalarekin sutan jarri. “Nik maribainuan eduki nuen pixkat murriztu arte”.
Epeltzen utzi eta arrautza parea nahastu.Irabiatu ondoren, tostaden gainera bota eta gau oso batean eduki.
“Gainerakoa normala da”: arrautzetatik pasa, frijitu, ateratzerakoan olioa kentzeko xukatzeko papera edo erabili, eta azukrea eta kanela hautsa bota.
“ Nik moldeko ogia erabili nuen, “Binbok” dituen xerra berezi batzuk.”
Sari ederra jaso zuen Anek: Guggenheimerako bi sarrera! Zorionak, Ane!
Ondoren, “19 galdera” lehiaketatxoa etorri zen. Hirukoteka, azkar eta ondo erantzun behar zitzaien Joxe Marik arrapaladan eta algara batean botatako 19 galderei; guztiak inauteriei buruzkoak.
Barre ugari egin genuen, bai horixe, eta galderak zailak izan arren, nahiko ondo erantzun zieten bikoteek. Ikasleen inpugnazioa aintzat hartu ondoren, erabaki zen saria 3 ikaslek osatutako taldeari ematea: “sorpresa-poltsa” bana. Ez dugu hemen argituko zer zegoen poltsetan, “sorpresa-poltsak” baitziren, baina eurak oso kontent geratu ziren, antza!
Eta “Inauterietako kopla barriak, Landanekok jarriak” abestu ondoren, dantzarako parada ere izan zen! zeinen ederto aritu ziren gure “dantzameneo tailerreko irakasle eta ikasleak! benetan ere!
Benetan egun ederra pasa genuen inauteri martitzena! Hurrengoan hobeto! Ahalegindu behintzat egingo gara, ez dugu erraz izango baina! Zorionak, eta eskerrik asko guztioi!
Eskerrik berezi eta beroenak Fabiani, bere argazkilari-arteagatik!
Atalak: Orokorra