Egin diezaiekezu aurre 125 erronkari?

Sortu daiteke hitzik gabeko blogik? Antolatu daiteke ekitaldi interesgarririk, horren atzean ez badago mugak gainditzeko prest dagoen profesional irudimentsurik? Lortu daiteke benetako arrakastarik, hutsak egonda ere, gainditzeko ahalegina egin behar dela kontuan hartu barik?

125. urteurreneko blogak ez die galdera horiei guztiei erantzun nahi. Hori barik, Deustuko Unibertsitatearen barruko bizimoduari izena eta izana eman nahi die, testuen, irudien eta bideoen bidez; eta, horrekin batera, honaino heltzeko –Deusturen 125. urteurreneraino heltzeko-, denon artean egin dugun bidea ezagutarazi nahi du. Urteurreneko ospakizun horretan parte hartzera gonbidatu nahi zaitugu, oroitzapenak, hausnarketak eta elkar topatzeko aukerak partekatzeko.

Blogak “125+” izenburu esperimentala hartuko du, eta erronka bat da. Erronka bat da Unibertsitateko Elkartearentzat, baita zeuretzat ere. Zergatik? Erantzuna ez dago marketineko estrategiekin lotuta; zintzotasunarekin dago lotuta, zurekin gure oroitzapenak, ideiak eta ekimenak partekatzeko gogoarekin. Ildo horretatik, Blogaren egitura hipotetikoak hiru ikuspegi desberdin ditu oinarri, Deustuko Unibertsitatearen ezaugarri interesgarri guztiak bateratzeko. “3D”ko irudia transmititzen duten hiru kategoria.

125 + Topaketa. Urteurrenean zehar, on-line eta off-line elkartzeko aukeren berri emango dizugu, Deustuko Unibertsitatean 125. urteurrenaren barruan antolatuko diren gizarte, eskola eta kultura giroko ekitaldiez gozatu dezazun.

125 + Oroitzapena. Historiak, batzuetan, zurruntasun sentsazioa eman diezaguke. Baina ez oraingoan; izan ere, Deusturen memoria unibertsitarioa zuzenean eta era interaktiboan ikusteko proposamena egin nahi baitizugu. Gure unibertsitatearen historiak badu aurpegia eta nortasuna ere: pasadizo bitxiak, memorian gordetako oroitzapenak, iragan hurbilaz eta unibertsitateko bizipenez hitz egiten duten pertsonak, etab.

125 + Hausnarketa. Pentsatzeko ohiko era aldatzen ari da, egunean-egunean gizartean gertatzen diren aldaketen erritmoan. Hori dela eta, pentsatzeko, ikertzeko eta jasotako ezagupenak aplikatzeko era berriak sortzen ekarpena egin nahi dugu. DUko irakasleek eta ikasleek euren hausnarketez hitz egingo dizute. Hemen aukera emango dizugu informazio hori eskuratzeko, zure ingurua eta gizartea, oro har, aldatzen eta hobetzen lagundu diezazuke horrek eta.

125. urteurreneko bloga ez da Deustuko Unibertsitatearen 125. urteurrena ospatzeko; plataforma bat da hausnartzeko, eztabaidatzeko, ezagutzeko, konektatzeko, partekatzeko eta gogoratzeko. Elkarrizketen, artikuluen, testuen, irudien eta bideoen bidez, Deustuko Unibertsitatearen mundu eguneratu bat sortuko dugu, eta bertan etorkizunerako gure idealak, ikuspenak eta desioak aurkeztuko dizkizugu.