May’s treaty before the House of Commons

This post was written in Basque, apologies for the inconvenience

Post honetan Brexit prozesuaren bilakaerari erreparatu diot. Berria egunkariak elkarrizketa eskatu zidan eta haien kezken harira honako testu hau prestatu dut.

Brexit-aren negoziazioetan, Europako Batasunak (EB) zer-nolako jarrera izan du?

Brexit testuinguruan kokatzeko, Europar Batasunaren jarrera bere instituzioen ahalmenen eta betebeharren menpe dagoela abiapuntu hartu behar dugu. EBren tratatuek finkatuak dira ahalmenok neurri handi batean, batez ere Artikulu 50 famatuan. Hiru instituziok esku hartzen dute estatua Batasunetik ateratzearen prozesuan: Kontseiluak (estatuen interesen ordezkaria) aldebiko akordioa berretsiko du; Parlamentuak ados egon behar du. Batzordeak ez du ahalmen erabakitzailerik gai horretan baina negoziazioak bideratzen ditu, betiere aurreko bi instituzioek emandako gidabideei jarraituz. Batzordearen partetik Barnier frantziarra eta Weyand alemaniarra dira negoziazio talde buru trebatuak. Kontseilu Europarrareko Tusk presidentearekin eta Parlamentuak izendatutako Verhofstadt ordezkariarekin bat eginez, Batasuna inoiz baino elkartuago azaltzea lortu dute. Negoziazioak ohi baino gardenagoak, urratsez-urrats funtsezko dokumentuak guztiok kontsultatzeko moduan utzi dituzte. Erresuma Batuaren partetik, ordea, negoziazio buruak etengabe aldatu dira bi urteotan eta noraezean zebiltzatela pentsatu dugu hainbatetan.

Erresuma Batuaren interesik handiena ez da bidezko irteera antolatzea, baizik eta EBrekin merkataritza harreman pribilegiatuak lortzea, etorkizunari begira; azken finean, Erresuma Batuko produktu gehienak geuk erosten ditugu. Hortaz baliatuz, Batasuneko negoziadoreek agenda hiru fasetan antolatzea ezarri zuten: bidezko irteera (hots, Erresuma Batuak iraganeko konpromisoak beteko zituela ziurtatzea), irteeranzko transizioa, eta etorkizuneko aldebiko harremanak itxura ematea. Fase batetik hurrengora pasatzeko, ezinbestekoa zen emandako aurrerapausuak nahikotzat jotzea. Horrela, Batasunak Erresuma Batua estutu zuen, beste edozeri buruz ez baitzuten hitz egin berak aurreko zorrak ordaintzeko konpromiso sendoa hartu arte. Halere, akordio hori guztia ezerezean geratu dela badakigu.

Asteartean, Komunen Ganberan ez badute Mayren B plana onartzen, zer estrategia izan lezake EBk egun horretatik aurrera?

Dakigunez, B plana izeneko proposamenak ez du aurrekoaren aldaketa nabarmenik proposatzen. Horren aurrean, EBren erantzun argia izan da eurei ez dagokiela erantzunik ematea. Baloia Londresen teilatuaren gainean dagoela azpimarratu dute iturri guztiek. Negoziazioetan emandako denbora eta energia itzelak izan dira. Estatuburuak ez daude berriz irekitzeko prest. Ez da akordio berririk egongo. Gaur bertan, Erresuma Batuko Parlamentuak erabaki du Otsailaren 26ra arte aurrerapausurik ez badago, haiek hartuko dutela aurrea epea luzatzea eskatzeko. Gehienez jota, akordioaren edukia zatitu eta atalez ataleko akordioetara heltzea posible litzateke, teorian, baina ez dago aukera hori proposatzen duenik, nik dakidala. Gainera, irtenbide horrek Batasunaren jarrera ahulduko luke, berak nahiago baitu ezer ez finkatzea guztia finkatu arte.

Estatu kideak orain arteko batasun irudia mantentzeko gai izango direla uste duzu?

Bai. Gerta liteke gobernu ordezkari baten batek bere kabuz azaltzea hedabideetan, baina oinarrizko jarrera ez da aldatuko, inondik inora. Finean, jokatzen duguna Batasunaren biziraupena da.

Zentzu horretan, Poloniako Atzerri ministroak asteon esan du backstop-a bost urtez mugatzea litekeela irtenbidea. Horrelako erabakiren bat onuragarritzat duzu Erresuma Batuarentzat eta EBrentzat?

Batasunaren gaietan jendaurrean adieraztea zaila da. Politikariei gai orori buruzko iritziak eskatzen dizkiegu, baina adierazpenak ezberdin hartzen dituzte Europako entzuleek eta nazio-mailakoek. Kasu horretan ez dakit ministroa nori hitz egiten ari zitzaion. Funtsean, Batasunaren ordezkaria izan ezean, bere hitzek ez daukate iritziaren baino balio handiagorik.

Backstop-aren atzean xede argia dago: Irlanda eta Ipar Irlanda arteko muga berreraiki ez dadin. Hori izan da Batasunaren funtsezko lehentasuna. Gaurkoz, hara joaten bagara ez dugu mugarik hautemango. Tamalez, Brexit ostean, muga ikusezin hori Batasuneko kanpoko muga bihurtuko da. Pertsonen eta merkatal produktuen zirkulazioa kontrolatzeko beharra ekarriko du. Muga-zergez aparte, Erresuma Batuko araudiak ezberdinak izango dira eta ‘dumping’ prebenitu beharko dugu zenbait arlotan (kalitatea, kontsumitzaileen eta ingurumenaren babesa, langileen eskubideak, etab). Muga saihesteko bide bakarra da Ipar Irlandak Batasuneko araudiei eusten jarraitzea, baina irtenbidearen aurka daude buru-belarri Ipar Irlandako DUP alderdiko unionistak, bertako gobernuan daudelarik. 

Irlandako arazoak Brexit-eko akordioa oztopatzen zuenez, gerorako utzi dute Irlandaren egoera argitzea. Akordio horretara heldu arte, Ipar Irlandak Batasunaren zenbait araudi aplikatzen jarraitzea da backstop-a. Logikoa denez, Brexit-ari sustengo zabala eman zioten Ipar Irlandakoek zein Ingelesek aukera hori mugatu nahi dute, baina Europar Batasuna Irlandaren ondoan erabat egongo da eztabaida honetan. Izan ere, bake-prozesuari eutsi nahi izanez gero, backstop-a mugatzea oso irtenbide desegokia da.

EBk jakin izan al du azaltzen zer den adosturiko akordioa? Erresuma Batuko diputatu askorengan zalantzak izan baitira eta askok gaizki ulertu dituzte kontzeptu batzuk…

Negoziazioak izkutuan garatu diren horrekin ez nator bat. Ez dut adostu diren arazoen konplexutasuna ukatuko, gaiak ez dira edonork ulertzeko modukoak. Baina diputatuak badituzte laguntzaileak, adituak izan ezean; gainera, negoziazio-talde buruak bidean zehar azalpenak emateko prest agertu dira beti. Gakoa da, nik uste, adostu denaren ondorioak herriari azaltzeak ondorio politiko latzak ekar diezazkiekeela, sektore askotan urte luzez pairatuko diren ondorioak. Brexit-aren alde bozkatu zezan, herria engainatu edo desinformatu zutenek orain ez dizkiote ateratzearen gizarte eta ekonomia ondorioak azaldu nahi. Gainera, ez dugu ahaztu behar Komunen Ganbarako diputatu bakoitzak, geureek ez bezala, erantzukizun zuzena dutela jatorrizko barrutiko herritarren aurrean.

Zer kasutan onar lezake EBk 50. artikulua luzatzea?

Tratatuak ez du aipatzen ez kasurik ez eperik. Gobernuak eskatuta, beste 27 gobernuek onartzen badute, eurek finkatuko dituzte epea eta baldintzak. Nire iritziz, luzatzearen helmuga ondo finkatu ezean ez da aho batekotasunik lortuko. Luzatu bai, baina zertarako?

Jean-Claude Junckerren agintaldia aurten bukatuko da. Etorkizuneko harremana negoziatzerakoan, Europako Batzordeak beste presidente bat izango du. Horrek eragina izan lezake EBren jarreran?

Ez. Kontu horretan Batzordearen ahalmenak oso mugatuak dira, estatuen (gobernuen) esanetara dago. Askoz ere erabakigarriagoa izango da Maiatzaren hauteskundeetatik aterako den Parlamentuko osaera. Bozka ematea ezinbestekotzat jotzen dut, ikuspuntu europar batetik, Batasunaren aurkako muturreko alderdiek aurrera egitea saihestu behar delako.

Brexit-aren prozesua baliagarria izan da EBrentzat frogatzeko talde komunitariotik ateratzea agian ez dela erabaki ona? Alegia, mezu hori transmititzeko nahia izan duela uste duzu?

Batasunean zer hobetu badagoela argi dago, baina hutsuneak gorabehera, egonkortasun politikoa eta ekonomikoa lortu ditugu Batasunari esker. Nazioarte mailan geneukan baino indar handiagoa ere bai. Eremu ugaritan, herritarrok gure eskubideak zabaldu direla nabaritzen dugu, babes handiagoa dugu -bertoko erakunde publikoen aurrean-, batez ere, giza-eskubideen, gardentasunaren eta finantza-kudeaketa sendoaren ikuspuntutik. Estatuak horrekin bat ez badatoz atera daitezke,  burujabe diren aldetik, baina Batasun murriztuaren Europa bat ez litzateke inorentzat komenigarria izango. Estatuak nazioarteko erakundeen barruan aritzea onuragarria da, haien kabuz egiten dutenean gatazkak sortzen dira beti, herritarrok pairatzen ditugunak.

Eta mezu horren arabera ari da negoziatzen eta bere lehentasunak finkatzen?

Bai. Aldebiko negoziazioei begira, zera azpimarratu nahi izan dute:  Batasunetik atera daiteke baina ez muxu-truk. Bestela balitz, beste estatu batzuek jarraituko lukete, muturreko alderdiek beti eurenari eusten diotelako. Batasunetik at, Nazio-gobernuaren aldetik, askoz ere askeago jokatzen du noski.


Finean, brexit-ak zer suposatu du Europar proiektuarentzat?

Britaniarrak onuragarriak izan dira Batasunarentzat arlo askotan, baina maiz oztopoak jarri dizkiote integrazioan aurrera egiteari. Urte luzez geldituta egon diren zenbait egitasmo interesgarriei bultzada emateko gai izango da Batasuna Brexit prozesu jasangaitz eta luze hori itxi eta berehala.

Tags:

Add a Comment

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Escudo Universidad de deusto