Jesusen Lagundiko Loiolako Lurralde Plataformaren proiektu honen helburua 1960-2011 urteetan gure gizarteak pairaturiko bortxakeriari erakundeek nola erantzun zioten aztertzea da. Horretarako erakundeek lantaldeak osatu dituzte testigantzak jaso eta gogoeta hori egiteko. Lehen fasean ondorengo erakundeek parte hartuko dute: Donostia, Bilbo, Durango eta Iruñeko ikastetxeek, Deustuko Unibertsitateko bi campusek eta Alboan gobernuz kanpoko erakundeak.

Ekainaren 28an, erakundeetan sorturiko lantalde horietako kideak Deustuko Unibertsitatean elkartu ziren egun osoko trebakuntza saio batean parte hartzeko. Juan Jose Etxeberria erretoreordearen ongietorri hitzen ondoren, Lurralde Plataformako delegatu Jaime Oraak proiektuaren garrantzia nabarmendu zuen —»hau ez da ekimen arrunt bat gehiago»— Jesusen Lagundiak azken urteotan azpimarraturiko lehentasunen testuinguruan kokatuz.

Ondoren, Deustuko Unibertsitateko Etika Aplikatuko Zentroko arduradun eta ikerlariek gidatu zuten saioa. Galo Bilbao irakasleak proiektuaren zentzu eta helburuak azaldu zituen: «Zer gertatu zen eta zergatik gertatu zen jakin nahi dugu, eta baita etorkizunean berriro gerta ez dadin zer egin beharko genukeen ikusi, eta gaur egun gertatzen diren beste bidegabekerien aurrean gure sentsibilitatea indartu”. Gogoeta honetan biktimen ikuspegia erdigunean jartzeko beharra ere azpimarratu zuen.

Ondoren, Izaskun Saez de la Fuente irakasleak eta Javier Arellano Etika Aplikatuko Zentroko zuzendariak proiektuaren metodologia eta erakundeek eman beharko dituzten pausuen xehetasunak azaldu zituzten. Arratsaldean erakunde bakoitzeko lan taldeak lanean hasi ziren eta zalantzak argitzeko aukera izan zuten. Lehen inguratze bat beterik ez zen izan, benetako lana irailean hasiko baita. Erakunde bakoitzean informazioa biltzen eta testigantzak jasotzen hasiko dira orduan eta ikasturte osoko lana izango dute.

Egitasmoak aurreikusitako epeak betetzen badira, datorren ikasturte amaieran erakunde bakoitzak txosten bat izango du giza eskubideen urraketen aurrean erakundeak zer egin zuen edo zer ez zuen egin aztertuz. Bileran azaldutakoari kasu egiten badiogu, txosten horiek harribitxiak izango dira oroimena eta justizia lantzeko eta baita, agian, ondoren etor daitezkeen berradiskidetze ariketetarako—, baina ez dira erosoak izango.