Bilatu

Atalak

Txat

Erantzunaupaa 16.06.2014 11:00
neskak kirol gehienetan baztertuta uzten dira,mutilak baino kalitate gutxiago dugula uste dute askok
Erantzunzurrukutune 16.06.2014 11:00
denok omen gaude ez konforme, baina "la viiiddaaaa sssiiiiiguuue iguuuuuaaaalllll!
ErantzunGora bihotzak 16.06.2014 11:00
neskak profesionalak direnean beste soldata bat behar dute baita euren familia aurrera ateratzeko, nire ustez ez da bidezkoa mutilek hainbeste izanda emakumeek beste soldata bat behar izatea
Erantzunzurrukutune 16.06.2014 10:58
eta nesken taldeak? noizko profesional?
ErantzunHiruket 16.06.2014 10:54
Opioa …. nire ustez, hori baino txarragoa da… "Ogi eta zirku" horrekin…kokoteraino nago!!!! Posible baldin balitz, intsumisoa izango nintzateke
ErantzunGora bihotzak 16.06.2014 10:54
herriaren opioa da zalantzarik gabe, izan ere, orain mundialaren aitzakiarekin murrizketak egiten ari dira, eta hiritarrak futbolarekin tontotuta daudenez ez diete murrizketei kontra egiten.
Erantzunzurrukutune 16.06.2014 10:54
ondo ikusten duzue umeak hain gazteri, profesional gisa tratatzea Lezaman eta halako lekuetan?
ErantzunIru 16.06.2014 10:53
Gaur egun futbolak nagusitasun handia du eta bestelako arazoak alde batera lagatzen ditugu, askotan garrantzia handiagokoak direnak.
ErantzunIeeepa! 16.06.2014 10:51
dudarik gabe!
Erantzunzurrukutune 16.06.2014 10:51
futbola herriaren opioa?
ErantzunDavidCollem 16.06.2014 10:49
kotxeak bidegorrietan aparkatzen badute izuna mereziko dute
ErantzunHiruket 16.06.2014 10:49
Irakurri nuen Bilbon autobusak moldatuko dituztela bizikletak eramateko, atzeko aldean……hori ona izango litzateke, ezta? Nahiz eta bidegorri ez izan, edo aldapatsuegia izatekotan … arazorik ez!!!
ErantzunIeeepa! 16.06.2014 10:45
Zaila da hiri oso bat bidegorrien bidez konektaturik egotea. Bidegorriak ondo planifikatu behar dira.
ErantzunHiruket 16.06.2014 10:43
Nire iritziz, kalitatea kantitatea baino garrantzitsuagoa da. Hain zuzen, bidegorrien arazo nagusia mantenua da.Adibidez, nik behin istripua eduki nuen lurrean motorr olioa izateagatik
ErantzunIdoia Elgezabal 16.06.2014 10:42
Broma da eh.. :))))))))))
ErantzunItziar 16.06.2014 10:42
Bizikleta hartzea errazagoa izan beharko litzateke, herriko edozein puntutik gai izan beharko ginatekelako erdigunera edota nahi dugun lekura heltzeko. Hori bidegorri gehiago jarriz lortuko litzateke.
ErantzunDavidCollem 16.06.2014 10:41
Nire ustez Bilbo da bidegorri onenetakoak dituena
ErantzunIdoia Elgezabal 16.06.2014 10:41
Nire ustez oso polital dira.
ErantzunGora bihotzak 16.06.2014 10:40
ez dut uste politikarekin zerikusia dutenik
ErantzunKatxiporreta 16.06.2014 10:40
Herri batzuetan nahiko hedatuta daude bidegorriak, baina Bilbon adibidez nahiko zaila da leku guztietara ailetgatzea.
Publish
😉😐😡😈😯😛😳😮😆💡😀👿😥😎😕

Artxiboak

Iruzkin berriak

Etiketak

Mar 22 2012

Bilbotik New Yorkerako bidaia egin genuen “Irakurle-txokoan”

 

“Irakurle-txoko”aren bigarren saioa izan dugu martxoaren 21ean. Bertan elkartu ginenok gustura egon ginela esan bagenuen ere, (halaxe egon baikinen, oso gustura, egia esan) Kontutxo garrantzitsu bi aipatu beharrean gaude; Batetik, bertaratu ginenotatik gutxi batzuk baino ez genuela liburua irakurria ekarri. Eta horrekin lotuta, aurreko “irakurle-txokoan” izandako zenbait lagun ez zirela oraingo honetan etorri, horretarako esperantza, eta beraz liburua irakurtzekoa, baldin bazuten ere. Aztertu beharko dugu lasai horren zergatia aurrerago (ustegaberen batek galarazi ote zien etortzea? liburua gustatu ez eta irakurtzeari utzi ote zioten bidean ?…)

Edozelan ere, atzo bertan izan ginenok gustura egon ginela ez dago ukatzerik, ezta? eta horren froga garbia honako hau da: Liburua irakurri gabe bertara etorri zirenak ere pozik atera omen ziren bileratxotik, eta gainera, euretako batzuek liburua irakurtzeko gogoa eta asmoa adierazi ziguten.

Bide batez, profitatu gura dut aukera horiei eskerrik beroenak emateko; euren presentziari esker “irakurle-txoko” horretako giroa askoz gozoagoa eta interesgarriagoa gertatu baitzitzaigun.Biba zuek!  Eta esker oneko  berezia, guztion partez, gure Jabiri, kontatutako guztiokin liluratu gintuen-eta!

Eta gatozen harira: Irakurrita ekarri genuenoi, guztioi, gustatu zaigu liburua.Kirmen Uribek oso ondo eta oso argi kontatzen ditu gauzak. Eta batez ere oso modu xamurrean, ukitu egiten duen moduan. Batzuoi hasieran kostatu egin zitzaigun haria edo erritmoa hartzea, ez baita  Kirmenena oso liburu “ohikoa”; ez da nobela lineala, eta ez da erraza hari edo lerro nagusia harrapatzea. kontakizun asko ditu eta haien arteko lotura ez da erraz Harrapatzen, ahula da. Gaiari buruz, oro har, aipatu dugu Kirmenek nolabaiteko omenaldia egin nahi izan diela bere etxekoei eta ingurukoei; aitari batez ere. horrekin batera gogora elkarri nahi du “galtzear dagoen mundu bat”, bere aitaren garaiko Ondarroako arrantzaleen bizimodua. Egia da ez duela pertsonaietan asko sakontzen, azalean geratzen da, baina bere asmoa, gure uste apalean, ez delako nobela sikologikoa egitea;Hiru belaunaldien bizitzako atal batzuen errepasoa aurkeztu nahi digu, besterik gabe, omenaldi hori gogoan.

Kirmen Uriben darabilen hizkuntza ere oso irakurrerraza da, eta kontatzeko modu xamurrarekin batera, erakargarri egiten du edonorentzat.

Baina ez naiz gehiago luzatuko. Segidan dituzue literaturan adituago diren zenbait kritikok egindako aipamen batzuk, batetik, laburututa. Eta, bestetik, kritikak osorik nahi badituzue begiratu, hor duzue “armiarma” web orriaren lotura.    Baina horiek baino askoz garrantzitsuagotzat jotzen ditut nik zuen komentarioak; ea ba animatzen zareten zuek ere iruzkinen bat edo beste idaztera !

Eta hurrengo “irakurle txokoa” noiz?  MAIATZAREN 8AN ALA EKAINAREN 5EAN? Zeuok erabakiko duzue asteon! Zuon iritzien zain izango gaituzue.  Bai, bai, seguru nago jakin nahi izango duzuela zein liburu aukeratuko dugun, baina astebetetxo, behintzat, hartuko dugu proposamenak egiteko eta aukerak aztertzeko. Seguru egon, dena den, astesantua baino lehen zehaztuko dugula.

ETA AURREKO GUZTIAREN LAGUNGARRI, ASTEON EUSKAL TELEBISTAKO “BISITARIA” SAIOAN KIRMEN URIBEREKIN IBILI DIRA HAN-HEMEN. NAHI DUZU IKUSI?

BISITARIA.Kirmen Uribe

Gora bihotzak!

 

 

 

 

Bilbao-New York-Bilbao/ Kirmen Uribe / Elkar, 2008

Bilbao-New York-Bilbao aire-bidaiak ez nau ase Mikel Asurmendi / Irunero, 2009-02

Liburuaren azalean ageri den “Dos amigos” itsasontziak alabaina ez du itsas porturik aurkitu. Aitzitik, airetiko portuetan ibili eta galdu da. Galdu da ontzia, galdu da kapitaina eta galdu da tripulazioa. Edo nik neronek ez dut itsasontzia aurkitu behintzat.

“Arrainek eta zuhaitzek elkarren antza dute” hasi da narratzen idazle kapitaina. Hor dago liburuaren haria eta tonua nik uste. Baina poetak ez du hauteman narratzailearen ahotsa. Narratzaileak, poetak ez bezala, ahotsaren eta hariaren jabe izateaz gain, gidoia landu behar baitu eta narrazioa ehundu.

/…/Eleberri honen ahotsa poetaren ahotsa da, baina ez du balio nobela gauzatzeko. Eleberriaren narrazioa egunerokoetan entzuten eta izkiriatzen diren hitzez ehundu du egileak.

Eguneroko hitzak mugatuak dira, oso mugatuak errealitatea kontatzeko. Fikzioa omen da errealitatera eta egiara gehien hurbiltzen dena. Kirmen Uribek kontatu dizkigunak benetakoak dira, baina nork kontatu dizkigu? Pertsonak edota —literatur mintzaleku batzuetan— gura duten pertsonaiak?

/…/Nobelako Foister Walace-ren hitzak ditut gogoan: “Literatur onak korapilo bat sortzen dizu urdailean”. Bilbao-New York-Bilbao aire-bidaiak ez nau ase.

Bilbao-New York-Bilbao / Kirmen Uribe / Elkar, 2008

Kirmen Uriberen Obabakoak? Angel Erro – Iban Zaldua / Volgako Batelariak, 2009-01-30

Bilbao-New York-Bilbao autofikziozko liburu bat da, egilearen izen bereko narratzailea duena, eta baita anglosaxoniarrek faction deitzen dutena ere (fact + fiction), hots, nagusiki benetako gertakariak (historikoak edo garaikideak) eta fikziozko batzuk nahasten duen generokoa, egileak berak aipatu duenez. Bertan Ondarroako familia bateko hiru belaunaldien nolabaiteko historia (edo istorioak) aurkeztu nahi zai(zki)gu, liburuaren beraren eraikuntza prozesuarenarekin batera,

/…/Apurrez eraikitako liburu bat da, beraz, fragmentarioa, eta ikuspuntu horretatik esan ahal da, halaber, euskal Nocilla Dream bat dela (Candaya, 2007), zatikatze moduagatik, istorioak tartekatzeko moduagatik, lotura oso meheaz, eta baita lehen pertsona erabiltzeko moduagatik ere./…/ Kirmen Uribek bere herriko istorio xamurrak ipini ditu, pinturaren historia liburutik (batez ere euskal pintura garaikidearen historia liburutik) ateratako anekdota gehiegi aldatu gabeekin batera. Honako hauek dira nobelak jorratzen dituen ardatz nagusietako batzuk: Aurelio Arteta pintorearen eta Rikardo Bastida arkitektoaren arteko harremana, eta haiena Ondarroarekin; narratzailearen aita lemazainaren bizitza familiarra eta profesionala, batez ere Atlantiko iparraldeko arrantza-guneekin izan zuen harremanari dagokionean, eta baita belaunaldi horretako beste zenbait adiskide eta ezagunenen zantzuak ere; Liborio aitonaren istorioak, eta haren “Dos Amigos” izeneko ontziaren inguruko misterioa (nobelaren hasierako leit-motiva izan behar zuena eta, finean, lanaren MacGuffin nagusia bilakatzen dena); Kirmen Uribe narratzaileak, Nerea beraren andreak eta Unai hamasei urteko semeak osatutako triangeluaren gorabeherak; narratzailearen beraren ibilerak, famatzen hasitako euskal idazle gisa, Europako eta Amerikako mundu literarioan barna. Besteak beste. Eta horiek guztiak hariltzen, bi kontu: 2008 urtearen amaiera aldera narratzailea Bilbotik New Yorkera egiten ari den hegazkin bidaia, eta nobelaren beraren eraikuntza prozesuaren kontakizuna.

/…/Nobela honetan, narratzaile aparta dela frogatzen du Kirmen Uribek. Bere idazkerak ez du inoiz ere trabarik egiten, eta aurrera bultzatzen du etengabe irakurlea, estilo sinple bezain eraginkorra baliatuz… ez dena, kontraesankorra irudi dezakeen arren, lortzen batere erraza. Uriberen prosa urteetako lanaren emaitza da, eta zinez txalotzeko modukoa da alde horretatik.

Bilbao-New York-Bilbao mundu galdu batez ari da: “desagertzen ari den arrantza munduari buruzko nobela bat” izateko asmoz sortu zen, egilearen beraren hitzetan

/…/Egileak berak, eta baita kritikariren batek ere, obraren berritasuna eta arrisku-gogoa azpimarratu dituzte (egileak elkarrizketa batean Aritz Galarragari esan zion bezala, “ez nuen nobela ortodoxoaren bidetik joan nahi. Nobela honetan ez dago ia tramarik, ez dago intrigarik”)/…/ Edonola ere, eta alde askotatik iraganera begira dagoen nobela izanik ere (1920ko hamarkadatik gaur egunera arte, nagusiki, baina antzinagoko garaietara salto eginez noizik behin), argitaratutako unean oso errotuta dago, eta alde horretatik nobela gaurkotzeko sekulako lana egin du egileak iturri ezberdinetatik datozen material zaharrak bateratuz eta eguneratuz. Esaterako, Meryl Streepek Donostiako azkeneko zinemaldian eginiko deklarazio batzuk datoz, 2008ko irailaren 26koak, edo Hegoaldean estreinatu berri den Entre les murs pelikularen aipu zehatza.

/…/Kirmen Uribek esan du, halaber, “Kanpora joanda asko ikasi dut, baina nire helburua ez da kanpoko hura geurera ekartzea, kanpokoaren kopiak egitea. Nire helburua geure ikuspegia kanpoan erakustea da”: begi bat atzerrian jarrita idatzi du egileak liburu hau. Izan ere, hala frogatzen du liburuaren izenburuak berak, euskaraz ohikoa den “Bilbo” izendapenaren ordez nazioarteko mailan ezagunagoa den “Bilbao” aukeratu den heinean. Beste zenbait xehetasunak (adibidez, “Prestige” petroliontziak eragindako hondamendiaren inguruko azalpen luzeegiak, egungo euskal irakurlearentzat soberan legokeena, 96. orr., edo lehen aipaturiko Estatu Batuetako hauteskunde presidentzialei erreferentzia bera) liburu honen nazioarteratze-bokazio argiaz ari zaizkigu.

/…/Bestalde, egileak aitortu bezala, tramarik eta intrigarik gabeko liburua da, baina (gehitzen dugu guk) baita tentsiorik edo dilema moralik gabekoa ere. Familiako partaide guztiak eta are familia inguruko harreman guztiak dira onberak, salbuespenik gabe: Jose aita, aitona Liborio, amona Susana, izeba Maritxu, izeba Margarita, osaba Boni, Antigua Piperra eta Miel Gallastegi auzokideak… Onberatasun propietate hau, gainera, ez da familiaren ingurura mugatzen, kutsakorra da, eta are aspaldian aita ezagutu zuen eskoziar bat, Angus MacLeod, hartzen du bere baitan, 1970eko hamarkadan euskal arrantza-ontziak harrapatzen ziharduena eta, beraz, “aurkari” gisa agertzen den pertsonaia bakarrenetakoa nobelan: “gizon onak ziren euskaldunak” aitortzen amaitzen du.

/…/baina kritika hau sinatzen dugunok onartu behar dugu, literatura giza arimaren argi-itzaletan esploratzeko tresna gisa maite dugun heinean (besteak beste), liburuaren alderdi horrek ez gaituela sobera asebete.

/…/Ildo horretako beste adibide bat aitona Liboriorena da. Liburuan zehar indar negatibo nabarmen baina nahiko lauso eta arketipikoak ageri dira: ETAren terrorismoa, Estatuaren errepresioa, frankismoa eta, batik bat, Gerra Zibila, zeinaren alde iluna, zuzentasun politiko-literario nagusiari jarraiki, altxatuek ordezkatzen baitute (alde positiboa abertzaleek eta sozialistek osatzen duten bitartean)./…/ Bada, halako batean  jakiten dugu aitona Liborio,, frankisten aldekoa izateagatik egon zela preso gerraren hasierako garaian,  (140. orr.). Alabaina, Kirmen Uribek ez dio horren interesgarria izan zitekeen hariari heltzen, eta istorioaren hondarreko apurra kontatzen digunean aukera galtzen du garaiko euskal gizarteak bizi izan zuen zatiketaz sakonago aritzeko.

/…/Bestalde, arreta piztu digute bereziki dauden dialogo gutxien sineskortasun edo naturaltasun eza, pasarte narratibo hutsen erritmo biziarekin kontraste handia egiten dutenak.

/…/Aipatu dugun bezala, Bilbao-New York-Bilbao badaude istorio ezberdinak lotzen dituzten bi hari garrantzitsu (New Yorkerako hegazkin bidaia eta nobelaren proiektuaren garapenari buruzko metafikzioa), Obabakoak-en ipuinak josten zituen istorio nagusi bat zegoen bezala (kasu honetan narratzailearen itzulera bidaia bere herrira, Obabara)/…/ bat egiten dugu, hein batean, Beñat Sarasolak bere kritikan planteatzen zituen zalantzekin, zeinen arabera “badirudi idazlea jasotako material eta apunte guztiak ezin lotu ibili dela

/…/Eta, bestetik, gure iritzia ez delako Sarasolarena bezain negatiboa lotura horien arintasunari berari dagokionean:/…/ anekdotak eta istorioak metatuz, eta, hala eta guztiz ere, sendo eusten diote irakurketari. Arazoa dator lotzen diren istorioen funtsa eta izaera ahula denean,/…/. Beti ere gure ikuspuntu subjektibotik: argi daukagu Kirmen Uriberen azkeneko urteetako zutabegintza gustuko duenak gustuko izango duela eleberri hau, eta nekez asebeteko duela, ordea, idazlearen prentsarako ekoizpena atsegin ez duena.

/…/Beste adibide bat jartzearren (eta honetan ere Obabakoak-ekiko galtzen ateratzen da Bilbao-New York-Bilbao), literaturaren izaeraren inguruko hausnarketak bereziki herbalak iruditu zaizkigu/…/Oro har, pasarte politak dira, atseginak, esan bezala parabola eitea hartzen dutenak askotan, baina anekdotikoegiak suertatzen dira, sakontasun handirik gabekoak, literatur oihartzun ahula uzten dutenak irakurle saiatuaren gogoan, edo hori iruditu zaigu guri behintzat.

/…/herrian bi apaiz. Sermoia esateko bakoitzak bazuen manera jakin bat. Bata hurbila zen, jendeak xamur jasotzen zituen hark esan nahi zituen guztiak, Don Manuel. Bigarren apaizaren estiloa, ostera, makurra zen. Ez zitzaion ezer ulertzen. Don Jesusi buruz ari zitzaidan. Elizako hasierako ilaretan esertzen ziren aberatsentzako esaten zuen sermoia, atzeko ilaretakoak kontuan hartu gabe. Bada nik bigarren apaiz horren moduan idazten nuela esan zidan aitak, Don Jesusen moduan, zirkinik egin gabe.” (51-52. orr.)

Hemen dago, jakina, kontakizunen, hots, parabolen bitartez aritzearen justifikazioa eta oinarria, egileak liburu honetan darabilen estiloaren ezaugarrietako bat dena. Baina, bestalde, badago, esan bezala, asmo literarioen aldarrikapen argi bat: ez da Don Jesusen moduan idatzi behar, baizik eta Don Manuelenean; atzeko ilaretakoak hartu behar dira batik bat kontuan. Arazoa izan daiteke atzeko ilaretakoentzat idatzi nahi hori dela medio, lehenengo ilaretakoak besterentzea, urruntzea. Eta Bilbao-New York-Bilbao arrisku horretan erortzen dela esango genuke.

Bilbao-New York-Bilbao / Kirmen Uribe / Elkar, 2008

Anekdota-bilduma Javier Rojo / El Correo, 2009-06-06

/…/Nobela hau metanarrazio bat da. Hau da: nobelan, azken finean nobela bat idazterakoan narratzaile-idazleak jarraitu duen prozesua kontatzen zaigu.

/…/Baina testua irakurleari aurkezten zaion bezala, anekdota-bilduma handiaren itxura hartzen du. Hegazkinean doalarik, oroitzapen batek beste oroitzapen batera darama narratzailea, zeharkako erreferentzia batek istorio bat kontatzera darama, halako osagaien arteko lotura guztiz ahula denean.

Esperimentu moduan, testua edozein puntutan irakurtzen hasi daiteke irakurlea, eta edozein puntutan utzi, eta jasoko duen inpresioa ez da oso desberdina izango. Beste hitzetan esanda: nobelari argumentu sendoa falta zaio. Berak kontatzen dituen anekdota eta istorioetan ez dugu konflikto handirik ikusiko, dena tonu xamur eta leun batean mugitzen da, idazleak istorioz istorio salto egiten duen bitartean, irakurlea hainbeste izenen oihartzunekin hipnotizatuta bezala gelditzen den bitartean.

/…/Irakurgai politen bilduma eskaintzen du Uribek liburu honetan, hori bai, oso ondo idatzitako irakurgaiak, askotan arrantzale eta marinelen bizimoduarekin zerikusia dutenak, eta interesgarriak suerta daitezkeenak. Haietan sentimenduek gainez egiten dute, eta nekeza gerta dakioke irakurleari sentimenduen sare horretatik askatzea.

Bilbao-New York-Bilbao / Kirmen Uribe / Elkar, 2008

Ondarroa-New York Jon Kortazar / El Correo, 2009-05-23

/…/Asko eta asko hitz egin da nobela honen izaeraz eta eraginaz. Batari ez zaio batasun falta atsegin, besteak muzin egin dio idazlearen itzal baten antzeko presentzia mugaezin horri.

Nik atseginez irakurri dut liburua, joan bedi aitorpena aurretik. Adiskideei esaten diet atseginez irakurri dudala, baina askoz ere atsegin handiagoz pentsatu dudala nobelak planteatzen duen horretaz, bere ausardia teorikoaz, bere planteamendu berriaz.

/…/Nik ez ditut ikusten hiru hari nagusi liburuan: autofikzioa, familiaren historia, eta nobela nola idazten den auzia. Ez, nik hari asko ikusten ditut testuaren barnean, azken batean nobelaren ildo nagusia ildorik ez izatea da. Intrigarik ez duen nobela da, zer da abioi batean eserita joatea baino ekintza-ildo geldoagorik? Baina joanaren joanak badu bere barne kilika, eta joateak berak ematen dio mugimendua./…/ nobelaren historia; mila istorio labur biltzen duen mataza nagusia; ehun miresgarria, mila istoriok gurutzatua; familia baten historia, baina era berean, egilearen mamua den itzalak New Yorkera bidaiatzen badu, berak badaki ez duela ezer berezirik egiten, jakinaren gainean baitago, aitonak —kartzelatik ihes egiterakoan— infernura egin zuela bidaia eta aitak ezagutu zituela zientziak ukatzen zituen Rockall irlako olatu nagusiak; nobela bat nola egiten den hausnarketa ikusten dut, baina horren gainetik arte munduaren sorkuntzaren misterioaren eta teknikaren erroetan egindako uztarketa bat, tradizioaren eraginaz pentsakizun sakona, izan garen, garen eta, auskalo, izango garenaren arteko zubi ezustekoaren mataza; errealitatea eta fikzioa nahastatzeko era miresgarria.

/…/“Kontatzearen sekretua pokerra bezalakoa da: sekretu guztia gezurtia irudikatzea da, egia esaten denean”. Eta hori maisu lanez agertu du nobelak.

Bilbao-New York-Bilbao / Kirmen Uribe / Elkar, 2008

Idaztankerak, pentsakerak Iratxe Retolaza / Berria, 2009-11-01

 

Batetik, zoriaren aldeko hautua egin da nobelan, eta pertsonaiek ez dute harturiko hautuen aurrean erantzukizunik agertzen. Badirudi testuinguruak bultzatu egiten dituela pertsonaiak, eta bihotza dela horretarako akuilu nagusi. Baina bihotza onberatasunari baino ez zaio lotzen, ez dago kontraesanik edota maleziarik, eta are gutxiago gorrotorik, inbidiarik edo halakorik. Onberatasuna da pertsonaia guztien ezaugarri nagusia, eta nobela osoa estaltzen duen onberatasun horretan zail egiten zait distantzia ironikorik antzematea. Autobiografiaren kutsua hartu diot, idazlearen ohar koadernoaren traza, edota euskaldun onaren tratatuaren itxura.

Bestetik, mundu ikuskera globalizatzaile eta tradizionala da nagusi: familiaren instituzio tradizionalari oso lotua (aitatasunez aitatasun kontatua), geografia politikoak berdintzen dituena (ez da hierarkiarik herri eta herritarren artean, ez botere-harremanik), nazioartean ezagun egin diren artista euskaldunen eskutik egiten du bidea pertsonaia idazleak (nolabait, kulturaren nazioartekotze horren aldarria eginez).

Kezkatzen nau, bide horretatik, Bilbao-New York-Bilbao nobelan irudikatzen den euskal kulturaren eta jendartearen irudiak: heldugabea, txikia, onbera eta xaloa. Ezbairik gabe, kanpo begirada batek egoki jasoko duena, kultura bitxi eta berexi bezala irudikatua den neurrian, exotiko. Susmoa dut irudi horren mesederako idatzi ohi direla hainbat lan literario (oharkabean bada ere), eta ez kulturak bizi gaitzan, edo kulturak egin gaitzan.

Kezkatzen nau Bilbao-New York-Bilbao kultur eredu bihurtzeak.

 KRITIKAK, OSORIK, “ARMIARMAN”: 

http://kritikak.armiarma.com/?page_id=4003&non=oro&tes=Kirmen%20uribe