Proiektuak gizartean duten eragina neurtzeko tresna bat garatu da

TecnaliaTECNALIA RESEARCH & INNOVATION tresna bat garatzen ari da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, bere jarduerak gizartean duen eragina neurtzeko. Labur esanda, tresnaren xedea hau da: neurtzea I+G+Bko proiektuek Gipuzkoako gizarteari dakarkioten onura.

Horretarako garatu den metodologia praktikoa da, batez ere, eta zenbait inpaktu-mota hartzen ditu kontuan: ondare ekologikoaren eta ingurumenaren gainekoa, ondare kulturalari (sormena, babesa, sustapena edo irisgarritasuna) eragiten zaiona, ezagutzaren gainekoa (teknologia-transferentzia, hezkuntza, gaikuntza, enplegagarritasuna), ongizatearen gainekoa (gizarteratzea, osasun fisikoa eta mentala, laneko segurtasuna, aisialdia), harremanen gainekoa (talde-sorrera, aniztasuna, enpresen bermea eta kaudimena, gizartearen kohesioa eta partaidetza) eta ondare ekonomikoari eragiten zaiona (enpresa-sorrera, enplegu-sorrera, enplegu-kalitatea).

Sei ondare (edo kapital) horien arteko oreka ezinbestekoa dugu berrikuntza baten gizarte-inpaktua erreala izan dadin.

Proiektu honetan, bidelagun du TECNALIA RESEARCH & INNOVATION-ek APTES (Teknologia Soziala Sustatzeko Elkartea), zeinak, bere eskarmentua eta bazkide-sarea direla medio, areagotu egiten baitu egitasmoaren partaidetza-ahalmena. Horrez gain, berrikuntzaren inpaktu soziala neurtzeko, kanpoko eragile garrantzitsuen ekarpenak eta ideiak eskuratzen laguntzen du.

Honenbestez, baterako sorkuntzako bi saio egingo dira, Donostian, otsailaren 14an eta 21ean. Han izango dira berrikuntzaren inpaktu soziala neurtzen diharduten zenbait euskal eragile; besteak beste, Sinnergiak, Gipuzkoa Berritzen, Novia Salcedo Fundación, Evidentis, Grupo SSI-Home Care Lab, IK4 Research Alliance, Innobasque eta hainbat profesional ezagun. Saio horien helburua ezagutza partekatzea da, proiektuaren xede nagusia lortzeko (hots, ikerketa-proiektu baten inpaktu soziala neurtzeko) behar diren adierazle egokienak aurkitzearren betiere.

Azken fasean, zenbait proba pilotu egingo dira, metodologia praktikan jartzeko. TECNALIA RESEARCH & INNOVATIONeko zenbait lantalde jardungo dira proiektuen gizarte-inpaktua neurtzen, hasierako fasetik (proiektua zehaztea) azkenekora arte (emaitzen azterketa).

Gipuzkoako gizartearen esku jarriko da prozesu horrek sortzen duen metodologia, proiektu ororen gizarte-inpaktua neurtzeko erabil dadin.

1 comentario en “Proiektuak gizartean duten eragina neurtzeko tresna bat garatu da

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.