26 Oct

Ajeak

Jai egun baten ondorengo ajea da gaurkoa. Ajeak ez dira xamurrak izaten normalean. Baina horrelako biharamunek indarberritu egiten gaituzte. A zelako eguna atzokoa!

Atzo, larunbata, Alternatiben Herria egitasmoa burutu zen egun guztian zehar Bilboko Areatzan eta Alde Zaharrean. Egitasmo honek, egungo egoera prekario, ez iraunkor eta abarri aurre egiteko alternatibak badirela erakustea eta hauek azaleratzea zuen helburu.

Lau karpa nagusitan banandu ziren hitzaldi, antzerki, tailer, dokumental eta abar luzeak. Egitarau oso zabala antolatu zen lehenengo aldi honetarako. Ekintza interesgarri ezberdinak ordu berdinean egotea izan zen, agian, nire ustez hobetu beharrekoa. Hau da, dena hain konpaktu egun berean jartzea baino, asteburu osoko egitasmo bilakatuko nuke, nire uste apalean.

Antolakuntza kontuak alde batera utzita, goaz harira.

Argi geratu zen atzokoan badela posible gauzak beste modu batera egitea eta aurrera eramatea. Gaia edozein zelarik ere, ekonomia, feminismoa, natura, bizitza mota anitzak… guztietan azpimarratu zen ideia hori. Gune guztietara joateko aukerarik izan ez nuen arren, gaur sare sozialetan edo/eta egunkarietan hori da irakur genezakeena.

Hainbatetan gizarte berrikuntzari buruz hitz egiten dugunean “prozesua”-ren garrantziaz mintzatzen gara. Kasu honetan ere, prozesuan bertan bila genezake indarra. Horrelako ekimen batean mota guztietako eragileak (elkar)lanean jartzea, hurbildu ginenoi interesa oraindik gehiago piztea eta lanerako gogoa atera araztea… hor dago aldaketaren indarra.

Indarra badagoela argi geratu zitzaidan. Kontutan hartuta hau hasiera besterik izan ez dela, indar hori kudeatzean dago orain erronka. Hau ez dadin egun bateko ekimen soil batean geratu.

Amaiera ekitaldian Bea Clown-ak esan zuen bezala, egunen batean, ez gara “alternatiboak” izateko beharrean aurkituko (momentu horretan, beste batzuk izango dira “alternatiboak” –zioen, barre artean), baina ordura arte behintzat, mota honetako aje egun gehiago izateak ez dit bat ere axolarik izango. Kontrakoa, beso zabalik hartuko ditut.

12105815_10153291544482903_3450329361712963027_n
Amaiera ekitaldia

 

Garramiola

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *