27 Nov

Nahikoa da!

Morez jantzi da gizartea Azaroaren 25 honetan. Gustuko dut kolore morea, ez ordea, aste honetan irudikatu nahi duenarenaren atzean ezkutatzen dena, indarkeria matxista, alegia.

Ikaragarriak bezain beldurgarriak dira gizonezkoen eskuetan hiltzen diren emakumeen zerrenda, zoritxarrez, luzeak. Azken aldian, esku artean darabilten proiektu baten harira irakurtzen ari naizen liburu batean autoreak azpimarratzen duen bezala, gizarte gaixorik dago; autore honek liburuan aipatzen duen irtenbidea alde batera utzita, sendagai errealago edo ukigarriago batzuen beharra dagoela esan beharrik ez dago.

Beti esan ohi da, heziketan jarri behar dela indarra eta guztiz ados nago horrekin. Nahiz eta hezkuntza hori nolakoa izan behar duen eztabaidatzeko orduan, seguru nago zailago izango zaigula ados jartzea. Dena dela, ez dut nahi horretan zentratu gaurko hausnarketa, hurrengorako gordeko dut hezkuntza modelo edo sistemei buruzko idatzia.

Bada aste pare bat, taberna baten kanpoaldean zigarro bat erretzen nengoela txundituta eta guztiz harrituta utzi ninduen lagun arteko elkarrizketa baten harira noa; lagun ez erretzaileak izatearen ondorioa, ezin izan nuen bost minutu haietan belarria kendu hiru neska haiek hitz egiten ari zirenetik.

Gaia ez dago guztiz lotura indarkeria matxistarekin, baina 40 bat urteko emakume haien burugabekeriak txundituta utzi ninduen eta buelta asko eman dizkiot egun hartatik eta, modu batera edo bestera gogoeta hau burutzera eraman nau. Badakit hiru emakume haiek ez direla gizartearen erreflexu osoa, estatistikoki hitz egiterakoan, estatistikoki ez erakusgarri bezala agertuko litzateke, baina tira.

Elkarrizketa hartatik atera nuen ondorio nagusia, tristea izan arren, emakume askok eta ez hain gazteek duten pentsaera atzerakoiak, matxismoa indartzen duela da. Horrelako jarrerek sumisa izatera eramaten gaituzte eta sumisio horrek indarkeriara sarri asko.

Gizartea aldatu behar da, noski, baina prozesu geldia izaten ari da. Bistan da egunkarietan ageri diren datuen arabera. Berdintasunaren bide horretan, emakumeok indartu behar gara; gogorrago eta kritikoago jokatu behar dugu eta sumisio horretatik urrundu.

Sendagai horren zain gauden bitartean, ez gaitzatela zapaldu! Egunerokotasunean, agerian ikusten ez diren jokabideetatik hasi, begirada lizunak aguantatzearekin jarraitu eta erailketekin bukatu.

Nahikoa da! Nekatuta gaude!

eskuGarramiola

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *