14 Jul

WE SHAPE OUR TOOLS AND OUR TOOLS SHAPE US BACK: GIZARTE BERRIKUNTZA ETA BERRIKUNTZA METODOLOGIKOA

Xabier Landabidea Urresti

Euskal Gaien Institutua

xlandabidea@deusto.es

 

Blog hau sortu dutenei bertan idazteko proposamena luzatzea eskertzeaz gain Deustuko Unibertsitateko Ikerketa, Aholkularitza eta Gizarte Berrikuntza masterrean eskolak ematea plazerra izateaz gain hausnarketarako aukera ere izan dela esanez hasi nahiko nuke gaurko sarrera.

Plazerra izan da batetik Masterraren beraren gaiatik (itzuliko naiz gero berriro honetara) baina batez ere ikasle eta irakasle taldearengatik, batzuetan (eta ez sarri) lehen promozioko taldeetan osatzen den indar, egin nahi eta ziurgabetasunez osatutako cocktail errepikaezin horri esker. Talde berezia sortu da master berezi baten lehen urterako, eta horrek asko laguntzen du.

Baina horretaz gain masterrerako hurbilketa kualitatiboaren inguruko eskolak prestatzeak (ATLAS.ti azterketa kualitatiborako softwarea landu dugu aurten) pentsatzeko aukera ezezik beharra ere zabaldu dizkit. Izan ere, behin ikerketarako software baten erabilera azaltzen jarrita, ekidiezina da galdera batzuk azaltzea: Zertarako ikertu gizarte errealitatea? Nola aztertu gizartea? Zer ikertu gizartetik?

Egun tresna informatikoek asko laguntzen digute geroz eta datuzko konplexutasun handiagoko (bai kantitatean eta bai kualitatean, geroz eta input multimedia gehiago baititugu) egoerak kudeatzen. Baina ahalmen tekniko honek aho bikoitza du, ezpata gehienek bezala: ahalmen handia ematen digute, baina erantzunkizun handia ere bai. Zer egin, geroz eta aberatsagoa eta konplexuagoak diren datu-eremuetan? Nola erauzi zentzua Big Data-ren aurrean? Nola antolatu ia-infinitua dirudien datu kopurua?

Galdera hauen eta erantzunaren atzean kontzeptu bera dagoela iruditzen zait: Gizarte Berrikuntza. Egun ikerketa, aholkularitza eta dibulgazioan gabiltzanontzat jada ez da nahikoa ikertzailearen eta iker-objektuaren artean amildegi bat zabaltzen duen paradigma positibista klasikoa. Gizartean eragiteko, gizartea egituratzen duten zentzuei erreparatzeko ikerlariok subjektu bezala ekin behar dugu, eta iker-objektuak baino iker-subjektuak eratu eta aitortu behar ditugu.

Euskal gizartea, gizarte garaikidea, ez dute objektu inerteek osatzen, subjektu eragileek baizik. Master bat ez dute bertako ikasgaiek edo ikasketa planek osatzen, bertan elkarreraginean ari diren i(ra)kasle eta e(ra)gileek baizik. Horrek bestelako planteamendu metodologiko, epistemologiko eta ontologiko batzuetara garamatza halabeharrez: ekin behar diogun lehen gizarte berrikuntza ezagutzaren kontzeptualizazioa, antolakuntza eta eraikuntzarena da.

“We shape our tools and therefore our tools shape us back” zioen John Culkin komunikazioaren ikerlariak 1967 jada hain urrun hartan. Gure tresnei forma ematean gure buruari, gure gizarteari forma ematen ari gara. Sortzen dugunean sortu egiten gara – edo, Lorea Agirrek azken Korrikako mezuan idatzi eta irakurri zuen bezala, egiten duguna gara-, eta errealitateari buruz galdetzen dugunean errealitate horri forma ematen ari gatzaio.

Gure ikerketa tekniken ezagutzan formakuntza, esperimentazioa eta hausnarketa kritikoa ezinbestekoa dira ez soilik Deustuko Unibertsitateko graduondoko baten kalitatea bermatzeko, baizik XXI. mendean Ikerketa, Aholkularitza eta Berrikuntzan jardun nahi duen edozeinentzat. Master honetan parte hartzeak aro zirragararri honetan erantzunkizun eta ahalmen osoz parte-hartzeko abiapuntu ederra eskaintzen duela iruditzen zait.

 

Eskerrik asko, prozesu horren partaide egitearren.

Argazkia: Andy Warhol eta Marshall McLuhan: Photomuntaia: Photofunia.com

 

 

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *