Nola prestatu azterketa mota desberdinak II: ahozko azterketak

Lehenengo post-a garapen azterketak prestatzeari eskaini genion. Ikus ditzagun orain ahozko azterketa bati aurre egiten lagundu diezaguketen ideia eta aholku batzuk.

Ahozko azterketa

Ahozko azterketetan ezinbestekoa da irakasgaia ondo menderatzea eta hitz-jario ona izatea. Gainera, galdera egin ondoren, gure erantzunaren parte izango diren ideiak azkar antolatzeko gai izan beharko dugu.

Nola prestatuko gara ahozko azterketa egiteko?

  • Ahozko azterketa prestatzea eta garapeneko idatzizko azterketa prestatzea oso antzekoak izango dira, baina alde handia dago: ahoz ikasi eta errepasatu beharko dugu, batez ere.
  • Oro har, horrelako azterketetan gai osoa garatzeko eskatzen digute eta, beraz, oso garrantzitsua da gai bakoitzaren alderdirik garrantzitsuenak identifikatzea eta laburbiltzen jakitea, azaltzeko ematen diguten denborara egokituz.
  • Presta ezazu ikasi beharreko edukia. Egin ezazu irakurketa azkarra eta ulermenezko irakurketa, ideia nagusiak azpimarratu aurretik. Hortik aurrera, zure ikasketaren parte izango den edukia idazten has zaitezke. Gogoratu informazioa antolatu behar duzula, sarrera, garapena, ondorioak eta amaiera egiturari jarraituz.
  • Egin ezazu gai bakoitzaren eskema edo mapa mentalak, egitura era bisualean barneratu dezazun. Horri esker, edukiak modu ordenatuan garatu ahal izango dituzu gero eta atalen bat ahaztea saihestuko duzu. Eskema edo mapa mentalak izango dira zure ikasketaren oinarria.
  • Berrikusi edukia. Mapa mentala barneratuta, puntu eta atal bakoitza ozen azaltzen hasiko gara. Hasieran, baliteke apunteei begiratu bat eman behar izatea. Saiatu errepikatzen, atal guztietako informazioa barneratu arte.
  • Praktikatu ikaskideekin edo senideekin. Horrela, atal eta gai bakoitza jorratzeko duzun erraztasuna eta segurtasuna egiaztatu ahal izango duzu. Zaindu ahozko eta hitzik gabeko intonazioa eta komunikazioa ere. Eskatu iritzia entzuleei, hobetu ditzakezun alderdiei buruz edo segurtasun faltaz ikusi zaituzten puntuei buruz.
  • Ikusi zeure buruz horretan. Garrantzitsua da imajinatzea azterketaren eguna, nola jarriko zaren, non egon daitekeen aztertzailea edo epaimahaia… Hartu aurrea egoera posibleei, konfiantza hartzeko.

Azterketa egunean…

  1. Izan konfiantza eta segurtasuna.
  2. Jarri arreta berezia galderari edo galderei. Enuntziatuko hitz batzuek emango digute garatu beharreko edukiari edo gaiari buruzko gakoa.
  3. Saiatu azalpenari ekin aurretik zure erantzunaren eskema mentala bistaratzen.
  4. Jarri arreta garrantzitsuan eta ez joan adarretatik.
  5. Hitz egin segurtasunez, patxadaz, ondo ahoskatuta eta ahots-bolumen egokian.
  6. Erabili hiztegi akademikoa eta irakasgaiari dagozkion terminoak.
  7. Zaindu komunikatzeko modua (hitzezkoa eta hitzik gabekoa). Lasai egoten saiatu zaitez, begiratu begietara aztertzaileei eta saiatu diskurtsoaren lagungarri diren keinuak erabiltzen, batez ere besoak, burua eta aurpegia.

Ikasgelan lan bat aurkeztu behar baduzu edo GrALa edo MALa defendatu behar baduzu, ondo etor dakizuke jendaurrean hitz egiteari buruzko post-a.

Hurrengo postean test motako azterketa prestatzeko erari buruz hitz egingo dugu.

Baliabide digitalak

Infografia: Nola prestatu ahozko azterketak
Infografia: Azterketa mota desberdinak nola prestatu

Add a Comment

Your email address will not be published. Required fields are marked *

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.