– José María Guibertek eskatu die erakundeetako ordezkariei mantentzeko eta areagotzeko ikerketari eta jakintzaren transferentziari eta sormenari ematen zaien laguntza
– Aurtengo ikasturtean, ikasleen kopurua, batez beste, % 10 igo da; Donostiako campusean, % 17 igo da lehenengo mailako ikasleen kopurua.
– Esther Calvetek irekiera-hitzaldian adierazi du prebentzio goiztiarra dela familia barruko indarkeriari aurre egiteko estrategiarik onena.
Unibertsitateak gaur, irailak 11, ikasturte berriari hasiera eman dio, Deusturen 128.ari. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu buru dela izan den ekitaldi akademikoan, José María Guibert errektoreak aparteko eran aipatu nahi izan du jesulagunen unibertsitateetan esaten den “humanitas” delakoa. Kontzeptu horrek “izaera arrazionala” hobetzea hartzen du kontuan, goitik beherako prestakuntzan aurrera egiteko, demagogiak edo hiperkritizismoak alde batera utzita.
Errektoreak uste du, seguru asko giza historiaren unerik onenetarikoa bizi dugun arren, mendebaldeko munduan jarrera kritikoa, hiperkritikoa, asaldatzailea edo histerikoa ere nagusi dela, gizarteko erakundeek bizi dituzten arazoez iritzia ematen dugunean. Haren aburuz, pertsona kultuak zibilizazioak eskuratutako lorpenak aitortu eta zaintzeko betebehar morala du.
Hortik, bada, “humanitas” printzipioari erreferentzia egitea. Izan ere, printzipio horrek dio ez direla iritziak arinegi pentsatu gabe eta probarik gabe bota behar, mendekuak edo erresuminak, edo taldeko histeriak eraginda. Horren inguruan dio iritzi publikoa “kultua, informatua, ernea, adimentsua, zentzuzkoa, zuzena, heldua” izan behar dela eta unibertsitateak lagundu egin behar duela zeregin horretan.
Izan ere, uste du Deustu saiatzen dela printzipio horiek aplikatzen. Hala, gaitasunen eta balioen prestakuntzan lidergoa du, pedagogia eredu arrakastatsua eta gizartean onespena duena du; eta Tutoretza Plana ezarri du ikasleekiko harreman zuzena eta euren ikaskuntza prozesutik hurbila izateko. “Izan ere, gure ezaugarria “humanitas” hori da: prestakuntza intelektuala eta arrazionala”, zehaztu du.