Irailaren 4ean Jesusen Lagundiko Loiolako Lurralde Plataformako hainbat erakundeetako ordezkariak elkartu ziren erakundeetan memoria jorratzeko proiektuan eman dituzten aurrerapausoak aztertzeko.
Proiektu honen helburua 1960-2011 urteetan gure gizarteak pairaturiko bortxakeriari erakundeek nola erantzun zioten aztertzea da. Deustuko Unibertsitateko Etika Aplikatuko Zentroaren aholkularitzaz lagunduta, lurralde plataformako erakundeek lantaldeak osatu zituzten iaz, biktimen eta erakundeetako arduradunen testigantzak jaso eta gogoeta hori egiteko. Ondorengo erakundeek parte hartu dute ekimenean: Donostia, Durango eta Iruñeako ikastetxeak, Deustuko Unibertsitateko bi campusak eta Alboan gobernuz kanpoko erakundea.
Urtebeteko lanaren ondoren, emaitzak aurkezteko unea izan zen irailaren 4ko bilera. Bertan argi azaldu zen prozesua oso aberasgarria izan dela guztientzat (partehartzaileentzat, biktimentzat eta erakundeentzat). Elkarrizketa ugari egin dira eta batzuk ez dira xamurrak izan. Ikuspegi autokritiko zorrotza izan zen nagusi aurkezpenetan eta irakaspen baliagarriak partekatu ziren etorkizuneko biktimizazio prozesuetan erantzun hobea eman dadin. Txostenak azaroan entregatuko dituzte erakundeek eta ondoren erakunde bakoitzak barnera begira hartu beharreko erabakiak aztertuko ditu. Aldi berean, gogoeta honek jarraipena izango du Lagundi mailan eta sektore arteko mailan.
Javier Arellano Etika Aplikatuko Zentroko zuzendari eta Lurralde Plataformako adiskidetze proiektuaren arduradunak, parte hartzaile guztiei eskerrak eman eta Espainiako probintziak bere probintzia proiektuaren definizio prozesuaren testuinguruan ekimen honekiko erakutsi duen interesa azpimarratu zuen.