Zertan datza?
Deustu-Bizkaia Berrikuntza eta Ekintzailetza Sare Globaleko -RIEG- proiektua Deustuko Unibertsitateak gidatzen duen proiektua da, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, «Bizkaia with the talent» talentua erakartzeko ekimenaren bitartez eta AUSJAL Sareko unibertsitate jesuitekin lankidetzan. RIEG Deusto-Bizkaiak STEM profilak dituzten pertsona latinoamerikarrak identifikatu eta lurraldera erakarri nahi ditu, Bizkaiko enpresa erreferenteen berrikuntza-arloak aktibatzen eta bizkortzen lagun dezaketenak.
Nola funtzionatzen du?
Deustuko Unibertsitateak, bere unibertsitate-sare globalaren bidez, lankidetza bultzatzen du Latinoamerikako unibertsitate jesuitekin, RIEG Deusto-Bizkaiko unibertsitate nodo gisa jarduten dutenekin.
Lankidetza horren bidez, talentu berritzaile eta ekintzaile latinoamerikarra erakarri nahi da, Bizkaiko enpresetan barne-ekintzailetzako proiektuak garatzeko gai dena, Berrikuntza eta Teknologiako Etengabeko Prestakuntzako Master Dualaren bidez. Master hori Deustuko Unibertsitateak jartzen du Sarearen esku. Master bakarra gure lurraldean, % 100ean metodologia esperientziala duena, learning by doing delakoan oinarritua, enpresa laguntzaileen benetako erronkak konpontzera bideratua. Master hau dualtasunaren arloko lankidetzaren adibide bat da, eta berrikuntzan erreferente diren teknologia-enpresetako 100 profesionalek baino gehiagok parte hartzen dute bertan.
Unibertsitate Nodoek Latinoamerikan zabalduko dute deialdia, eta gutxieneko baldintza hauek betetzen dituzten hautagai-zerrenden aurre-hautaketan lagunduko dute: Unibertsitate Titulu Ofizial bat izatea hainbat adarretan, hala nola zientzietan, teknologietan, ingeniaritzetan edo matematiketan (STEM), edo aipatutako arloetan gutxienez bi urteko esperientzia profesionala egiaztatzea.
Deusto Emprendek, enpresak eta bere hautagaitza aurkezten duten STEM arloetan prestakuntza eta/edo esperientzia duten pertsonak konektatzen ditu. Horretarako, pertsonek masterra egingo dute eta enpresa parte-hartzaileetan lan egingo dute.
Aurreko guztiaren helburua Bizkaia eta Latinoamerikaren arteko sare-lotura sortzea da, jesuiten unibertsitateen bitartez.
Sarearen Unibertsitate Nodoak
Gaur egun, RIEG Deusto-Bizkaiak 14 Unibertsitate Nodo ditu Latinoamerikako 9 herrialdetan:
- Universidad Católica de Córdoba (Argentinako Nodoa)
- Universidad Alberto Hurtado (Txileko Nodoa)
- Pontificia Universidad Javeriana Bogotá (Kolonbiako Nodoa)
- Pontificia Universidad Javeriana Cali (Kolonbiako Nodoa)
- Pontificia Universidad Católica del Ecuador (Ekuadoreko Nodoa)
- Universidad Rafael Landívar (Guatemalako Nodoa)
- Universidad Iberoamericana Ciudad de México (Mexikoko Nodoa)
- Universidad Iberoamericana Puebla (Mexikoko Nodoa)
- Universidad Jesuita de Guadalajara (Mexikoko Nodoa)
- Universitario Tecnológico del Valle del Chalco (Mexikoko Nodoa)
- Universidad Antonio Ruiz de Montoya (Peruko Nodoa)
- Universidad del Pacífico (Peruko Nodoa)
- Universidad Católica del Uruguay (Uruguaiko Nodoa)
- Universidad Católica Andrés Bello (Venezuelako Nodoa)
Izena emateko, ez da beharrezkoa zure ikasketak Sareko Unibertsitate Nodo batean burutu izana.
Interesatzen zaizu…
- Latinoamerikako talentua bazara, eta pertsona proaktiboa, berritzailea eta sortzailea zarela uste baduzu
- Bizkaiko enpresa edo negozio-ildo berri bati ekin nahi dion bizkaiko erakundea bazara
- Zure unibertsitatea nazioarteko komunitate erreferente batean sartu nahi duen, unibertsitate latinoamerikarra bazara
Izen-ematea
STEM LATINOAMERIKAR TALENTUARENTZAKO IZENA EMATEKO EPEA IREKITA:
Izena eman formularioaren bidez eta aukeratu zure Unibertsitate Nodoa. Zure hautagaitza aurkeztu ahal izateko, ez da beharrezkoa RIEGeko Unibertsitate Nodo batean unibertsitate-ikasketak egin izana. Kasu horretan, aukeratu zugandik gertuen dagoen Unibertsitate Nodoa.
«Berrikuntza eta Ekintzailetza Sare Globalaren bidez Deustuko Unibertsitatera etortzeko eta master dual bat egiteko aukeratu nindutenean, nire esperientzia dinamikoa eta zirraragarria izan zen. Bizkaiko hainbat enpresa ezagutzeko aukera izan nuen modu praktikoan ikasten nuen bitartean. Gainera, nire egungo lankideak ezagutu nituen, eta haiekin batera sortu nuen adimen artifiziala eta errealitate birtuala uztartzen dituen startup teknologikoa».
Jose Valenciano. Zyoniako sortzaileetako bat eta RIEGeko Nodo Mexikarreko partaidea.
Gaur egun, 150 pertsonak baino gehiagok osatzen dute RIEG Deustu-Bizkaia komunitatea!
Eta zu, zeren zain zaude?