Deustuko Unibertsitateak atzo Deusto-Bizkaia Berrikuntza eta Ekintzailetza Sare Globalaren (RIEG) bigarren edizioaren amaiera-ekitaldia ospatu zuen. Ekimen hau nazioarteko lankidetza eredu gisa sendotzen ari da, Bizkaian STEM talentua erakarri eta garatzeko helburuarekin. Deustuko Unibertsitateak bultzatutako programa honek, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta Bizkaia With The Talent ekimenaren bidez, Latinoamerikako zazpi herrialdetatik etorritako 22 profesional bildu ditu ikasturte honetan. Parte-hartzaileek Berrikuntza eta Teknologiako Master Duala burutu dute, aldi berean lurraldeko 21 enpresatan ordaindutako lan-egonaldi bat gauzatuz. Ekitaldiak, gainera, proiektuan parte hartu duten erakunde eta bideratzaileen konpromisoa aitortzeko eta Masterreko bigarren promozioaren graduazioa ospatzeko balio izan zuen.
Bigarren edizio honek beste urrats garrantzitsu bat suposatu du ekimenaren sendotze-prozesuan. 2025-2026 ikasturtean, Sareak Latinoamerikako zazpi herrialdetatik etorritako 22 parte-hartzaile izan ditu —Argentina, Txile, Kolonbia, Honduras, Mexiko, Peru eta Uruguai—, eta lehen aldiz Txileko eta Hondurasko ordezkaritza izan du. Parte-hartzaileek Bizkaiko 21 enpresatan egin dute beren egonaldi duala. Horietatik, hamarrek lehen edizioan hasitako konpromisoari eutsi diote, eta hamasei lehen aldiz batu dira proiektura. Horrenbestez, RIEGek 37 enpresa laguntzaile ditu dagoeneko sortu zenetik, unibertsitateen, enpresen eta erakundeen arteko lankidetza-sarea sendotuz, nazioarteko talentua erakartzeko eta garatzeko helburuarekin.
María José Arangurenek, Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko eta Erakunde Harremanetarako errektoreordeak hasiera eman zion ekitaldiari, RIEGen helburua nabarmenduz, gure lurraldeak talentua erakartzeko eta garatzeko dituen erronkei erantzuteko tresna gisa. Bereziki azpimarratu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak proiektu honen alde egindako apustua; izan ere, lankidetzaren bidez unibertsitateak, enpresak eta erakundeak elkartzen ditu, garapen profesionalerako eta lurraldearen hazkunderako aukerak sortzeko. Era berean, AUSJAL sareko Latinoamerikako unibertsitate jesuiten eginkizuna azpimarratu zuen; haien lankidetzari esker, talentua identifikatu, lagundu eta Bizkaiko enpresen ekosistemarekin konektatzea posible baita.


Jardunaldia Garbiñe Henryk, Deustuko Unibertsitateko Berrikuntza eta Ekintzailetzako zuzendariak, gidatu zuen. Sarearen bilakaera errepasatu zuen, eta sortu zenetik izan duen hazkundea nabarmendu zuen. «Berrikuntza eta Ekintzailetza Sare Globala Deustuko Unibertsitatearen eta Latinoamerikako unibertsitate jesuiten arteko lankidetzari esker sortu zen, unibertsitateen eta lurraldeen arteko zubiak eraikitzeko helburuarekin. Horri esker, gaur egun ez ditu unibertsitateak bakarrik lotzen, baizik eta unibertsitate horiek parte diren berrikuntza- eta ekintzailetza-ekosistemak ere», adierazi zuen.
Ondoren, Iraide Aramberriak, Deustuko Unibertsitateko Berrikuntza eta Ekintzailetza teknikariak, bigarren urtez jarraian Latinoamerikako Sareko Nodo Unibertsitateen bideo-testigantza aurkeztu zuen. Mexikoko eta Txileko unibertsitateetako ordezkarien hitzen bidez, Latinoamerikako 10 herrialdetan dauden 15 Nodo Unibertsitateen etengabeko konpromisoa aitortu eta balioan jarri zen. Iraidek, unibertsitate horien lana funtsezkoa dela azpimarratu zuen, parte-hartzaileen talentua identifikatzeko, bideratzeko eta laguntzeko. Bideoan, unibertsitateek RIEGen bigarren edizioan izandako esperientzia partekatu zuten, eta prozesu horretan erabilitako metodologiak eta ekintzak aurkeztu zituzten; RIEG proiektua beren erakundeetan bai Sarearen sendotzean izaten ari den eraginari buruz hausnartuz.
Ekitaldiak aurrera egin zuen María Lambarri, Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Ekonomia Eragileekin Harremanetarako Unitateko zuzendariaren eskutik. Mariak, mahai- ingurua zuzendu zuen eta bertan parte hartu zuten Zuriñe Larraurik, Zunibal enpresako pertsonen zuzendariak, enpresa laguntzaileen ordezkari gisa, eta Mexikoko Axel Solalindek, EY enpresan egonaldia egin ostean, Masterreko ikasleen ordezkari gisa jardun zuenak. Enpresaren ikuspegitik, Zuriñek azpimarratu zuen nazioarteko talentu kualifikatuaren ekarpena funtsezkoa dela berrikuntza sustatzeko, lantaldeak aberasteko eta erakundeen lehiakortasun-erronkei aurre egiteko. Era berean, nabarmendu zuen programaren laguntzari esker talentua enpresan txertatzeko prozesua bereziki erraza izan zela. Bestalde, Axelek azaldu zuen programak aukera eman diola prestakuntza akademiko espezializatua eta erreferentziazko enpresa bateko esperientzia profesionala uztartzeko, bere hazkunde pertsonala eta profesionala bultzatuz. Halaber, adierazi zuen RIEG programari esker EYren Bilboko taldean lanean jarraituko duela.


Ondoren, bigarren edizio honetan parte hartu duten 26 enpresa laguntzaileei aitortza egin zitzaien, haien parte-hartzea funtsezkoa izan baita proiektua garatzeko. Horietatik, hamarrek lehen edizioan hasitako konpromisoari eutsi diote —Alba Energy, BBVA Technology, Deloitte, Haizea Bilbao, Iberdrola, Laboral Kutxa, NWorld, Petronor, PharmaBio Serv eta Teknei—, hamasei, berriz, lehen aldiz batu dira ekimenera: Accenture, Aindeep, Arteche, ASLE, CIE Egaña, Draxton, EIT Food, EY, Inser Robótica, Miesa, Pappstor, RDT, ULMA, Vicrila, Zunibal eta Zyonia. Sarrera berri horiei esker, Deusto-Bizkaia Berrikuntza eta Ekintzailetza Sare Globalak 37 enpresaren parte-hartzea izan du dagoeneko martxan jarri zenetik, eta horrek agerian uzten du Bizkaiko enpresa-sareak nazioarteko talentua erakartzeko eta garatzeko duen gero eta konpromiso handiagoa. Horrez gain, Masterreko bideratzaileen lana ere aitortu zen, bai irakasgaiak ematen dituztenena —Begoña García-Zapirain, Garbiñe Henry, José Luis Izkara, Macarena Larrea, María Lambarri eta Stephanía Mosquera—, bai enpresetan garatutako proiektuetan parte-hartzaileei laguntza ematen dietenena –Unai Aguilera, Mikel Emaldi, Jenny Fajardo, Oihane Gómez, Aitor Goti, José Luis del Val, José Luis Izkara, Diego López de Ipiña, Enrique Onieva, Carlos Polo, Israel Ruiz eta Iñaki Vázquez–.
Lehen edizioan bezala, aitorpen gisa emandako oroigarria Gotaa Lab startupak diseinatutako pieza jasangarri bat izan zen. Startup hori Innogune-n dago finkatuta, Deustuko Unibertsitateak duen ekiteko guneetako batean, eta pieza birziklatutako arrantza-sareekin egin da. Aurten, diseinua iazko oroigarriaren osagarri gisa sortu da, urtez urte multzo bera osatzen joateko. Keinu horren bidez, Sarearen hazkundea irudikatu nahi izan da, baita edizio bakoitzak proiektu kolektibo honi gehitzen dion pieza berria ere; unibertsitateen, enpresen eta erakundeen arteko lankidetzari esker eraikitzen den proiektua baita.


Jardunaldiko unerik berezienetako bat Berrikuntza eta Teknologiako Master Dualaren bigarren promozioaren graduazio-ekitaldia izan zen. Bertan, Masterreko parte-hartzaileek diplomak, bandak eta oroigarriak jaso zituzten Andoni Eguíluz, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko dekanoaren, eta Janire Gordon, Masterraren zuzendariaren eskutik. Horrez gain, Andoni Eguíluzek zorion-mezu hunkigarria eskaini zien graduatuei, eta nabarmendu zuen programa honek profesionalak modu berritzailean prestatzen dituela, eredu dualaren bidez, erakundeetako eraldaketa-prozesuak gidatzeko gai izan daitezen. Era berean, 22 profesionalek ikasturte osoan erakutsitako ahalegina eta egokitzeko gaitasuna azpìmarratu zuen; parte-hartzaileek beren ezagutza eta esperientzia Bizkaiko enpresa-sarearen zerbitzura jarri baitute, graduondoko prestakuntza osatzen zuten bitartean. «Einsteinek esaten zuen bezala, gaurkoa egun berezi gisa bizitzera gonbidatzen zaituztet; izan ere, unibertsitate honek ez du bere egitekoa tituluak ematea soilik dela uste, baizik eta gizartea eta planeta hobetzea, zuek bezalako pertsonen bidez», adierazi zuen.
Ekitaldiaren amaiera instituzionala Joseba Mariezkurrena, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekintzailetza, Talentua eta Enpresen Lehiakortasuna Bultzatzeko zuzendari nagusiak, egin zuen. Josebak, adierazi zuen ezinbestekoa dela lankidetza publiko-pribatuko ekimenak bultzatzen jarraitzea, lurraldearen lehiakortasuna indartzeko eta nazioarteko talentu kualifikatua erakartzea, hartzea eta errotzea ahalbidetzeko. «RIEGek erakusten du talentua enpresen, unibertsitateen eta erakundeen arteko lankidetzaren bidez zaintzen dela; denok batera lan eginez. Aldi berean, Bizkaia lurralde ireki, lehiakor eta konektatu gisa kokatzeko modu bat ere bada», nabarmendu zuen.


Ekitaldiari amaiera emateko, familia-argazkia atera zen eta koktel bat eskaini zen Deustuko Unibertsitateko Klaustroan. Horrela eman zitzaion amaiera RIEG Deusto-Bizkaiaren bigarren edizioari, ekimenaren sendotzea berretsiz.

