Gure bizitzan zehar, ikusiz, entzunez, sentituz eta emozionatuz ikasi dugu. Aurrez aurreko eskoletan aukera, adibide, antolaketa eta dinamika ugari barneratu eta esperimentatu ditugun ikastunak izan gara eta, gero, gure erreferentzia eta adibide bihurtu dira. Baina… bizi izan duzu halakorik bideokonferentzia bidezko klase batean?
Joera dugu bi bideak konparatzeko berdinak balira bezala, eta ez dira. Bideokonferentzia bidezko saio sinkronoa ez da aurrez aurreko klase bat. Post honek gida edo jarraibide batzuk eman nahi dizkizu, bideokonferentziak planifikatzeko eta diseinatzeko eta ikaskuntza dinamiko, elkarreragineko eta parte hartzailerako espazioak izan daitezen. Zure aurrez aurreko eskola bezalakoa izango da, baina ez berdina.
Horretarako, gomendio sekuentziatuen gidoi bat duzu eskura eta lagungarri izango duzu bideokonferentzia bidezko klaseak planifikatzeko.
Saioaren helburua: pentsatu zein den saioaren helburua, zer eta zelan egin nahi duzun. Ondoren, zenbait aukera planteatzen dizkizut:
- Eredua: Azalpena ikasleen parte hartzearekin.
- Eredua: Baterako irakaskuntza eta ikaskuntza (ikasleak klasearen prestakuntzan inplikatzea)
- Eredua: Kasuak/ariketa praktikoak taldeka ebaztea.
- Eredua: Lanak taldeka azaltzea.
- Eredua: Eztabaida kolaboratiboa.
Saioaren antolaketa: saioko informazio guztia antolatuko duzun dokumentu bat sortu (gomendioa: Drive-ko dokumentu bat izan dadila, gero ikasleekin partekatuko duzuna).
Jardueren hautaketa: hautatu, antolatu eta sekuentziatu saioan egin nahi dituzun jarduerak:
- Kontzeptuen edo prozeduren azalpena
- Bideo laburra edo simulazioa
- Ariketa praktikoak
- Inkestak
- Ikasleei egiteko galderak…
Denbora esleitzea: aurreko puntuan planteatutako jarduera bakoitzerako esleitu denbora errealistak. Sortutako dokumentuan (2. puntua), sekuentziatu jarduerak faseka eta esleitu bakoitzari denbora.
Proposamena egiaztatzea: egiaztatu zure proposamena egin daitekeen, egin denboraren batukaria eta lehenetsi funtsezkoa.
- Kontuan hartu dituzu ikasleek prozeduraren edo kontzepturen baten azalpenean izan ditzakeen zalantzak?
- Sartu dituzu ikasleei agurra eta ongietorria emateko denborak, saiora konektatzen diren bitartean?
- Eta jarduera bat egin aurreko parte hartzeko denborak?
Baliabideen prestakuntza eta diseinua: diseinatu programatu dituzun jardueren lagungarri izango diren baliabideak, adibidez:
- Googleko inprimakia eta esteka, aurretiazko ezaguerak jorratzeko jarduerarako
- PPTa azalpenaren lagungarri
- ALUDeko inkesta E-voting-ekin
- Bideoa eta esteka plataformara
- Padlet-eko horma kolaboratiboa
- Lantaldeen eta partaideen banaketa
- Meeteko gelak taldeka lan egiteko
- Ataza ALUDen.
Baimenak egiaztatzea: egiaztatu lotutako jarduera eta baliabide guztiak egoki partekatuta daudela eta ikasleak sartu daitezkeela (editatzeko modua barne, parte hartzera animatzeko laneko dokumentuen kasuan).
Saioa partekatzea: partekatu ikasleekin ALUDen saioari buruzko informazio garrantzizkoa. Ikasleei aurretiaz helarazten diegun informazio guztia oso baliagarria izango da saioa arrakastatsua izan dadin. Adibidez:
- Saioaren helburua eta lan-dinamika
- Baliabideak aldez aurretik kontsultatzea
- Lan-taldeak osatzea
- Saioko baliabideetarako estekak…
Saiorako konexioa: konektatu saioa hasi baino minutu batzuk lehenago, ikasleei ongietorria emateko eta hurbiltasun giroa sortzeko. Gogoratu saioaren gidoirako esteka bidaltzea txataren bidez
Azkenik, jarraibide hauek zehatz-mehatz ezagutu nahi badituzu, bideo hau ikustea gomendatzen dizut. Bertan dauzkat azalduta puntu bakoitzean baliagarri izan dakizkizukeen zenbait gai.
Orientazio hauek praktikan jartzea lagungarri izango zaizula espero dut, bideokonferentzia bidezko klaseak egoki antolatzeko. Gaian interesik baduzu eta DUko irakaslea bazara, animatu zaitez eta eman izena eCampusek eskainiko duen hurrengo “Zelan antolatu eta dinamizatu bideokonferentzia bidezko klaseak” online ikastaroan.
Matxalen Belausteguigoitia Arrien
Latest posts by Matxalen Belausteguigoitia Arrien (see all)
- Nola bihurtu lineako ikasle arrakastatsu baten - 2 November, 2021
- ALUD AVANZADO - 18 May, 2021
- Ebaluatzeko errubrikak - 9 March, 2021
Leave a Reply