Artículo publicado en Berria (20/11/2022)
Inflazioak eta misilek gora begira jarrita gauzkaten aldian, begirada behera jaisterakoan ikusitako zerbaitek harritu gaitu aste honetan. Irulegin egindako indusketek euskaraz idatzitako lehen hitza izan daitekeena topatu dute: sorioneku omen da hitza, eta zorionekoa, aurkikuntza bera. Prozesua aurrera eraman duen Aranzadi Zientzia Elkartearen esanetan, urte askotako eta diziplinen arteko elkarlanaren emaitza izan da. Hala entzun diegu Leire Malkorra arkeologoari eta baita Joakin Gorrotxategi filologoari ere. Aste osoan zehar entzundako erreakzioek aurkikuntzaren garrantzia azpimarratzen dute: brontzezko eskuaren irudia daramaten kamiseta eta poltsak, bertso landuak eta analisi mamitsuak. Denak eman digu aditzera gaiak duen garrantzia. Baita Adaneroren biribilguneak ere.
Azaroaren 10ean, memoriaren egunean, Eider Landaberea, Virginia López de Maturana eta Unai Belaustegi historialari gazteek Begiradak. Euskadin gizarte eraikuntzarako oinarri partekatuak dokumentua aurkeztu zuten. Dokumentu hau hainbat biktima eta eragilerekin egindako prozesu baten ondorio izan da, eta etorkizunerako oinarriak jartzea du helburu. Ez da lan erraza izan, gaia eztabaida politikoaren erdigunean egon da aspaldion, baina dokumentuak ekarpen interesgarriak egiten ditu elkarrekin egin beharreko bide orri honetan.
Aste horretan bertan, Hurkoa Fundazioaren eta Deustuko Unibertsitatearen artean landutako Baturan tresna aurkeztu zen estatuko Gerontologia elkartearen aurrean. Baturan-ek hauskortasun egoerak neurtzea du helburu, eta Usue Beloki, Bakarne Etxeberria eta Amaia Mosteiro gizarte langileek garatutako tresna izan da. Aurrerapauso garrantzitsua da hauskortasunetik menpekotasunerako logikan gizarte politikak planteatzeko garaian, orain arte denak bigarren pauso horretan fokuratuta egon baitira.
Aurreko ostegunean, Javier Elzo Soziologia katedradun emerituak ongi merezitako saria jaso zuen bere ikerketa ibilbideagatik. Elzok gazteekin lotutako aferak landu izan ditu bere ikerketa lanetan, baita erlijioarekin edo baloreekin lotutakoak ere. Euskal gizartea eta honen norabidea ongi ezagutzen ditu, egin dituen inkesta eta ikerketa guztien ondorioz. Askotan esana du azkenaldian gure gizartea euskaldun fededun izatetik elizak hustu eta gimnasioak betetzera igaro dela. Egun berean, Jule Goikoetxea politologo eta filosofoak Burujabe edo menpeko. Munduari begira Euskal Herritik hitzaldia ematen zuen Subiranotasuna(k) aztergai nazioarteko kongresua ixteko. Nor garen eta zer garen inguruko hausnarketa garrantzitsuak, eztabaidatzeko zein begirada zabaltzeko.
Arkeologia, Filologia, Historia, Gizarte Lana, Soziologia, Filosofia eta Politika Zientzia. Garai batean humanitateak eta sozialak esaten zitzaienak, baina, egun, dagoeneko giza eta gizarte zientzien izenburupean kokatzen direnak. Zientziak. Nahiz eta gizartean, zientziaz hitz egiten denean, ez diren imajinarioan agertzen lehenak, ezta bigarrenak ere. Baina aipatutako adibideek erakusten dute giza eta gizarte zientziek badutela zer esana eta zer egina gure gizartean, eta eraldaketarako eta gizarte justiziarako bidean ezinbesteko tresna direla.
Azken hilabeteetako lerroburuetan (kazetaritza, horra hor beste gizarte zientzia bat), etengabe irakurri dugu talentua erakartzeko beharra. Hainbat eragilek behin eta berriro esan dute Euskal Herriak talentua behar duela eta baita diziplina zehatzetara mugatu ere: ingeniaritza, adimen artifiziala edo matematikak. Diskurtso nagusiak talentuaren begirada STEAM mundura mugatzen du, baina, espazio horrek talentua behar duela zalantzan jarri gabe ere, ez al daude honen garapenerako espazio gehiago? Ez al dute gizarte beharrek hau baldintzatzen?
Gure gizarteak dituen beharrak eta erronkak anitz dira. Askotan eraiki dira diagnostikoak eta askotan lehenetsi ekintza lerroak. Eta gauza bat argi dago: ezin zaie erronka hauei guztiei alde bakarreko erantzunik eman. Inongo diziplinak ezin dio berak bakarrik erronka hauetako edozeini soluzioa jarri. Honetan ere, bizitzaren arlo gehienetan bezala, ezinbestekoa da lankidetza. Diziplinarteko lankidetza. Giza eta gizarte zientziak barne hartuko dituen lankidetza.
Modak agintzen digu galtzak zabal edo estu jantzi behar ditugun. Galtzekin gertatzen den bezala, iritzi publikoaren modak agintzen du zerk izan dezakeen gure gizartean irteera gehien. Eta postmodernitateak jotako garai honetan, zerk izan dezakeen erabilgarritasun handiena. Baina ez al da erabilgarria gure hizkuntzaren jatorriaren inguruko datuak ezagutzea? Memoria edo zaintzaren inguruko politika publikoak nola eraiki behar ditugun aholkuak irakurtzea? Gure gizartea hobeto interpretatzeko klabeak ulertzea? Zientzia urdin argi eta laranjek bere tokia eta espazioa erreibindikatu behar dute gizartean. Ezingo ditugu etorkizuneko erronkak hauek gabe konpondu.
Elhuyar Fundazioak azaroaren 10ean ospatu zuen bere berrogeita hamargarren urteurrena. Euskara ardatz hartuta, zientzian aurrerapausoak egin eta horiek zabaltzeko ardura du erakundeak. Urte hauetan, makina bat ekimen ikusi izan ditugu beraien eskutik, eta hala izaten jarraitu dezala hurrengoetan ere. Elhuyar osatzen duten guztiak zoriontzearekin batera, beraien ikur diren hitzak erabiliko ditut gizarte justuago baten oinarri izan behar duena aldarrikatzeko, zientzia guztiak kontuan hartuta: Ezagutuz aldatzea. Eman ditzagun ezagutzaren bidetik gizarte hobeago bateranzko pausoak. Erabili ditzagun, horretarako, giza eta gizarte zientziak.
Leave a Reply