Artículo publicado en Deia (01/02/2023)
ASPALDIAN asko hitz egiten da astean lau eguneko lanaldia izateko aukeraz. Ezbairik gabe, horrela balitz pertsona askoren bizimodua hobetuko litzateke. Hala ere, praktikan aukera hori izatea ez da hain erraza. Izan ere, lan gutxiago egin arren, ordainsariak murrizten badira, neurria nekez izan daiteke eragingarria, askotariko gastuek itotzen gaituzten garai honetan.
Horren adibide gisa, Telefonicari lotutako enpresen II. Hitzarmen Kolektiboan 2021ean egindako eraldaketa nabarmen daiteke. Bada, 32 orduko lan-astea ezarri zen, astelehenetik ostegunera, 8 lanordurekin egunean. Baina jaso beharreko alokairu finkoak eta ordainsari aldakorrak modu proportzionalean murriztu ziren. Edonola ere, enpresak bere gain hartu zuen hobariak emateko betebeharra, jaso gabeko ordainsari finkoen %20ari begira. Gainera, hobari horiengatik Gizarte Segurantzan kotizazioak egiteko betebeharra sortu zen.
Ordainsariak murrizteak eragin ditzakeen arazoak kontuan hartuta, Espainiako Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak 2022ko abenduaren 9an 1238/2022 Agindua onetsi zuen, ordainsariak ukitu gabe lanaldia murrizten duten enpresa txiki eta ertainak diruz laguntzeko. Zehatzago, abenduaren 17an indarrean jarri zen Agindu horrek oinarri arauemaileak ezarri zituen, gerogarrenean diru-laguntza horietarako deialdia egin ahal izateko.
Proiektu pilotuaren izaera du eta enpresa interesdunek, behin deialdia eginda, euren eskaerak aurkeztu ahal izango dituzte. Aurkeztutako eskaera guztien arteko lehia edo norgehiagoka izango da.
Dena den, badira kontuan hartu beharreko baldintza batzuk: lanaldi murrizketak xede izan behar du ekoizpena edo produktibitatea hobetzea, eta horretarako enpresa bakoitzak zehaztu behar ditu hartuko dituen neurriak, bai eta neurri horien emaitzak neurtzeko aplikatuko dituen adierazleak ere; enpresek konpromisoa hartu behar dute lanaldi oso eta arrunta, astean zehar, gutxienez, %10 jaisteko, 2 urtez, gutxienez; konpromiso horrek bere baitan hartu behar ditu soil-solik iraupen mugagabe eta lanaldi osoko langileak; enpresa bakoitzaren proposamenak, Aginduak ezarritakoaren ildotik, langile-kopuru jakin bat ukitu behar du, enpresak izan dezakeen plantillaren arabera; aldi baterako diru-laguntzak aurreikusi dira, lanaldia murriztearen ondorioz enpresek euren gain hartutako kostuei dagokienez, bai eta antolaketa-modu berriak ezartzeagatik eta langileei prestakuntza eskaintzeagatik sortutako kostuei aurre egiteko ere; enpresen proposamenak aldez aurretik langileen lege-ordezkariekin akordatu behar dira.
Antolaketa-modu berri horiek eta horietara egokitu ahal izateko prestakuntza estu lotzen zaizkie 4.0 industriak eratorritako trantsizio digitalari eta trantsizio ekologikorako enpresa askok nahitaez betebeharreko arauei.
Beste herrialde batzuetan ere antzeman daiteke asteko lanaldia murrizteko joera, norainoko eta emaitza desberdinekin bada ere. Konparazio baterako, Islandian funtzionarioei 35 ordura murriztu diete asteko lanaldia, ordainsariei eutsita; Frantziak iraganean zenbait lanaldi murrizketa diruz lagundu zituen; Eskozia eta Portugal diruz laguntzen ari dira astean lau eguneko lanaldia izatea; Suediak saiakera batzuk egin ditu baina ideia bazter utzi du, garestiegia omen delako.
Zinez, lanaldia ordainsariak ukitu gabe murriztu ahal izateko, gehienbat, erreparatu behar zaie enpresaren ekoizgarritasunari eta enpresak sortutako aberastasuna banatzeko duen moduari.
Horrenbestez, ordainsariei eutsi ahal izango zaie, baldin eta, lanaldia murriztu arren, ekoizgarritasunari eusten bazaio edo hori gehitzen bada.
Bestalde, lanaldia murriztearen ondorioz, ordainsariak ere modu proportzionalean murriztuko balira, ordainsari horiek bizitzako gastuei aurre egiteko behar bestekoak izaten jarraitu beharko lukete.
Jakina, ordainsariak murrizten badira eta horiek nahikoa ez badira, Gizarte Segurantzarako kotizazioak ere gutxiago izango dira eta, ondorenez, bihar etziko prestazioak urriagoak.
Nolanahi ere, sektore guztietan ez da posible astean lau eguneko lanaldia izatea. Hurrean ere, sektore eta jarduera batzuetan lanaldi bereziak daude, hala nota, ostalaritzan, itsasoan, nekazaritzan eta garraioan. Hain zuen, lanaldi berezi horiek eragotz dezakete arau orokor gisa astean lau eguneko lanaldia izatea. Beste kontu bat da antolamendu juridikoak ahalbidetzen duela urtean zehar lanaldi irregularra izatea, baldin eta hala itundu bada hitzarmen kolektiboan edo enpresako itunean.
Asteko lanaldia lau egunera murrizteak izan ditzakeen onuren inguruan, batzuek uste dute neuri hori baliagarria dela lana banatu eta langabezia murrizteko. Alabaina, ez dago hori egiazta dezakeen inolako oinarri estatistikorik. Hori berori geratu da, esate baterako, lanaldi partzialeko eta errelebuko lan-kontratuekin: 80ko hamarkadan ezohiko lan-kontratu bezala beren-beregi arautu ziren enplegua banatzeko helburuarekin, baina emaitzak eskasak izateaz gain, sarritan prekarietatea areagotu baino ez dute egin. Espainian, halako lan-kontratuak izan arren, langabezia-tasak handiegia izaten jarraitzen du.
Dena den, astean zehar lan gutxiago egiteak erraz dezake norberaren, familiaren eta laneko bizitza uztartzea. Halaber, arrisku psikosozialak murritz ditzake eta laneko asegabetasuna gutxitzeko aproposa izan daiteke. Gainera, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakunderekin bat etorriz, badira ordu gutxiago lan eginda gehiago ekoizten duten herrialdeak.
Hala eta guztiz ere, lan-denbora behar bezala arautu ezean, disfuntzioak sor daitezke, dela lanaldi partziala dagoela ulertu eta ordu osagarriak ituntzeagatik, dela lan-denbora malgutzeko xedearekin lanaldi irregularrak ituntzearen ondorioz batzuetan lau lan-eguneko astea ezerezean uzteagatik, dela benetan egindako lan denbora kontratuan ezarritakotik haratago luzatzeagatik, guardiak egitearen edo lanerako prest egotearen ondorioz, dela deskonexio digitalerako eskubidea ez izateagatik edo eskubide hori behar bezala ez egikaritzeagatik, dela enpresaburuak lanaldia erregistratzeko betebeharra behar bezala ez betetzeagatik; dela aparteko orduak egiteagatik.
Labur-zurrean esanda, astean lau eguneko lanaldia izateko aukerak baditu bere arriskuak eta, beraz, zuhurtziaz jokatu behar da, saltzen diguten guztia ez baita dirudiena eta, are gutxiago, gure gizarte pikareskoan. l
Leave a Reply