Artículo publicado en Deia (10/04/2023)
XX. mendeko esperientzia historikoak demokraziari buruzko hiru ikasgai orokor gutxien-gutxienik utzi dizkigu. Lehenengoa da marko instituzionala arreta handiz eta gogotik ondo zaindu behar dugula. Zereginik behinenak dira, besteak beste, hauteskunde libreak eta lehiakorrak modu erregularrean eta gardenean egitea; boterea modu funtzional eta eraginkorrean banatzea; halako pluraltasun informatibo bat bultzatzea (iritzi publiko askea eta informazio egiatian oinarriturikoa); gizarteko elkarte ezberdinak euren lehentasun eta eskaerak bideratzeko aukerak, baliabideak eta gaitasunak dituztela sinetsita egotea.
Esate baterako, 1930eko hamarraldian, gurean, abertzaletasunak bi bertute nagusi izan zituen: bat, ideia politiko eta moralen jabe izatea; bestea, auzokideen ikuspegi ezberdinak aitortu, eta elkarrekin -edo behintzat elkarren ondoan- bizi ahal izateko erakunde eta balio konpartituen alde egitea.
Bi bertute horiek demokraziaren oinarrioinarriko ideia bat azaleratzen digute: demokrazietan guztia ez da posible (dena ez da onargarria edota egingarria), baina herritar eta auzokideen bizierak eta bizi-aukerak beste era batekoak izan daitezke; erregimen totalitarioetan zernahi posible da, baina gauzak ezin daitezke beste modu batekoak izan. Tentsio harixe zor zaio demokrazia gauza irekia, kontentagaitza eta itxaropentsua izatea. Mendebaldeko herrialdeetan, azkenaldian, polarizazio afektiboa hedatzen, gobernu kontrolaren alternantzia toleratzeko indizeak makaltzen, natibismoa espazioa okupatzen, agitazioa eta propaganda sendotzen, eta orainaldiaren mespretxua eta arbuioa hedatzen ari diren heinean, lehen ikasgaia oso kontuan hartu behar dugu.
Bigarren ikasgai orokorra zera da: pertsona hezur-haragizkoek euren bizitzak aurrera atera ahal izatea eta nola-halako berdintasuneko aukerak eta ongizatea ezinbestekoak dira. Izan ere, halako gizarte giro batean herritarrak uste osoa edo konbentzimendua izan ohi du edo behintzat, idealismo posibilista moduko zerbait guztion auziak, edota erronka konplexuak, aurre emateko modukoak direla, eta, neurri horretan, gure erantzukizunarekin auzoan, enpresan, herri-erakundeetan bidea urratzeko ahalegina egiten dugu.
Neurri berean, herri-ordezkariak eta, modu apalagoan, erabakigune ezberdinak ere eskura egon daitezkeela pentsatu ohi da. Kasu horretan, herritarrek eta elkarte sozialek zentzu eta kontzientzia historikoa mantendu ohi dute, elkartegintzarako kultura biziberritzen da, etorkizunak tankera irekiagoa du, ez dago aurretik zehaztua, eta gure biziera ez datza joera nagusietara egokitze hutsean, ezen aukera ezberdinak posibleak eta probableak baitira.
Ifrentzua gizarte estratifikatu eta hautsiak dira, eta hedaduraz elite eta agintarien aurkako erreboltak, edo momentu populistak, sarri askotan koiunturalak eta iragankorrak; pertsona-talde haserretuek guztia posible dela sinetsi ohi dute (konpetentzia politiko subjektibo altua), eta elite edota kontra-eliteekiko amorrua eta sumina kalean manifestatzen dituzte, fikziozko gizartea bitan zatitu eta iritzi-giroa ere ezegonkortuz. Kasu batzuetan, gainera, kultura politikoari buruzko ikerketek zera gaineratzen digute: sentimendu politiko bizienek eskutik izan ohi dituztela gaitasun kognitibo, moral eta afektibo oso apalak (errealitatearen ulermen baxua, lehentasunak ezartzeko zailtasuna, demokraziaren mugen kontzientzia urria).
Giro horretan, egin kontu sasoi historiko berriari: Mendebaldeko herrialdeak geldialdi ekonomiko luzean daude, eta komertzio globalean lehiakide berriak abailan sendotzen ari zaizkigu, laneratzeko eta gizarteratzeko aukerak eta moduak zeharo bihurritzen ari diren bitarte berean.
Hirugarren ikasgai orokorra da demokrazia egosi ere egin behar dela, kultura bat landu, besteak aitortu eta errespetatu, ardurak hartu, besteekiko erantzukizunez jokatu, guztien ona bilatu. Demokrazia elkarbizitzako kultura horrexek birsortzen du.
Kate, legezko lotura politiko, indarkeria, engainu, hertsapen edo gogorkeria ezberdinetatik aske egotea (askatasuna); bere buruz aukeratu ahal izateko egoeran egoteko gaitasunak izatea, edo ekinbidean norbere erabakiak burutu ahal izatea (aukeramena edo erabakimena); eta ardurak hartuz eta besteekiko erantzukizunez jokatzea (burujabetza), euskal kulturaren sustrai-sustraiko hiru disposizio moral izan dira.
Hiru ikasgaiak izaera eta zentzu ezberdinekoak dira. Baina hiruek ere badute nolahalako parekotasun bat; demokrazia pertsonek euren esku-buruak eta elkarren arteko harremanak zaindu eta lantzean datza. Alde horretatik, demokraziak badu, noski, irekiera eta itxieraren arteko tentsio etenik gabea; eskubideak ugaritu eta hedatzen diren aldi berean, horrek hainbati egonezina sorrarazten die (pribilegioak galtzeagatik, bestelako ikuskera, balio eta interesei aitortza egiteagatik). Era berean, irekiera berriak -edo diseinu politiko erreformista batek- sarri askotan pertsona-taldeak bazterrean utzi ohi ditu (demokraziaren historia, besteak beste, inklusio eta esklusioetan oinarritzen da: langileak, emakumeak, etorkinak, baztertuak).
Hori gutxi ez eta, Mendebaldeko herrialdeetan, gizarte bereko pertsonen artean bizi aukerak ezberdindu, eta espektatibak eta asmoak ugaritu eta dibertsifikatzen ari dira. Gaur egunean, bestetik, politika sozial estandarrek belaunaldien arteko dibergentzia handiak sorrarazten dituzten bezala, aglomerazioko ekonomiak ere lurraldeko desoreka esanguratsuak eragiten ditu. Gainontzean, agenda politiko berria ezartzeko zailtasunek demokraziaren izaera dialektikoa eta interesen arteko konkurrentzia berresten dute. Gazteenen kasuan, egoera oraindik-eta gehiago zailtzen da enpleguaren konposizio sektoriala eraberritu eta laneratzeko aukerak zaildu edota ezberdindu direlako. Ildo horretatik, gizarteko segmentu ezberdinek sentimendu eta afektibitate politiko oso apala dute pertsonek eta elkarte zibil eta politikoek gizartea hobetu eta eraldatzeko gaitasunaren inguruan; atsekabe politiko handia dute, pixkanaka erregimen politikoekiko indiferentzia ere igarri daiteke, eta horrek sarri askotan egonezina edota biziraupeneko sentimendu moral berekoiak, taktizistak eta korporatiboak (me/us first) indartzen ditu.
Gurean kultura politikoa ñabartuagoa da, gaur oraindik ere, baina patroi orokor horiek, pisu gehiago ala gutxiagorekin, bidea egiten ari dira; sozializazio, interakzio eta komunikazio sistemen eraldaketa ere bete-betean ari da transformatzen euskal tradizioko balio-sistema.
XX. mendeko sasoi historiko ezberdinetan Europak ez du beti jakin izan norantz egin; trantze txarrenetan demokraziaren bideak urratzeko trabak handiak izan dira. Gaur egunean, gizarte giro nahasi eta gaiztotuetan, lokartzeko arrazoirik ez dugu; baditugu ziurtasunak, eta ekinbideei zentzua emateko esperientziak ere bai, gainera.
Leave a Reply