Euskal soziolinguistikan ikerlari gisa ibilbide sendoenetakoa duen pertsona da. «Bat» aldizkariko zuzendari berria da, Deustuko Unibertsitateko irakaslea, baita Equiling sareko partaidea ere.
Naiz.eus-en argitaratutako elkarrizketa (2023/05/09) | Maider Iantzi
Estibaliz Amorrortu Gomez Bilbon jaio zen 1969an. Euskal Filologian lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean, eta gaur egun Soziolinguistika eta Hizkuntzen Didaktikaren arloko eskolak ematen ditu bertan. Azken urteetan, testuinguru erdaldunetako euskal hiztun berriengan arreta jarri, eta ikerketa bat egin du Bilbo Handiko gazteekin. “Bat” soziolinguistika aldizkariko zuzendari berria da, eta ikerlari katalan, galego eta madrildarrekin batera Equiling sarean parte hartzen du. Patxadaz erantzun die gure galderei.
Zer moduz hasi duzu «Bat» aldizkariaren zuzendari ibilbidea? Zein erronka duzu?
Urte luzeetako elkarlana egin dugu Iñaki Martinez de Luna aurreko zuzendariak eta biok eta oso erraza izan da aldizkaria hartzea. Oso ondo utzi du: erabat egonkortua dago, publikoa definitua du, eta lantalde oso profesionala du atzean. Jarraipena eman behar diot nik. Erronka bat unibertsitateko ikerketa eta euskalgintza lotzea da. Euskalgintzaren gogoeta eta praktika onei lekua egin eta oreka mantentzea. Orain arte oso ondo aritu gara.
Bestalde, ikerketan dabiltzan gazteentzat aldizkaria erreferentzia lekua izatea nahi nuke. Horretarako inportantea da aldizkariak unibertsitatearen irizpideak betetzea, euren karrerarako baliagarri izateko. Bidea hasita dago hor ere.
Hirugarren erronka ikerketa sustatzea da. Txillardegi-Hausnartu saria abiatu genuen EHUrekin batera, eta esperientzia oso ona izan da.
Hauxe idatzi zuen Txillardegi «Bat»-en sortzaileak 1990ean: «Gure nazio-hizkuntza berriro Euskal Herriaren oinarri bihurtuko bada, bi gauza lortu behar dira: bat, hizkuntzaren fenomenoak ahalik eta ongien ezagutzea (…) Bestea, hizkuntza pizkundean herria bera interesatu gabe, soluziorik ez dagoela sinetsi eta sinetsaraztea».
Erabat ados nago. Herria behar da, eta hiztun komunitate bat behar da aurrera egin nahi duena. Behar da ikerketa ere. Erabat gaurkoa da Txillardegiren gogoeta.
Ikerketa fase berri batean sartu zineten 2016an. Zergatik?
Liburu bat atera genuen Ane Ortega, Jone Goirigolzarri, Jacqueline Urla eta laurok. Euskal hiztun berrien familia argazkia egin nahi izan genuen. Euskaraz ondo dakitenak baina familiatik kanpo ikasi dutenak zelakoak diren eta zelan sentitzen diren jakin nahi genuen. Araba, Bizkai eta Gipuzkoara mugatu genuen ikerketa.
Lan horretan hiztun berrien artean talde estrategiko bat identifikatu genuen euskararen normalizaziorako zaindu beharrekoa: testuinguru erdaldunetako hiztun berriak. Horiengan zentratzea erabaki genuen, eta Bilbo Handiko gazteekin ikerketa bat egitea. Unibertsitateko ikasleak hartu genituen, graduko lehen mailakoak, hainbat karreratakoak, 18 urte ingurukoak, euskara erabiltzeko zelako zailtasunak zituzten eta hiztun aktibo bihurtzeko prozesua zelakoa zen aztertzeko.
Metodologia berritzen ari gara, gero eta gehiago egiten dugu etnografia eta ikerketa-ekintza parte-hartzailea, eta 24 lagun gonbidatu eta talde bat osatu genuen. Interesa zuten, boluntario aurkeztu ziren gogoeta eta ahalegina egiteko, denek nahi zuten euskara gehiago erabili, motibatuta zeuden. Eurek gogoeta egitea, ikerlari bihurtzea nahi genuen. Hausnarketa soziolinguistiko kritikoa garatzen joan ziren: zelan sentitzen ziren ikusi, eta erronka txikiak hartu zituzten Bilbon euskara gehiago erabiltzeko. Ikaskide zehatz batekin harreman hizkuntza aldatzea erabaki zuten, adibidez. Gero gogoeta konpartitzen genuen, eta hortik aurrerapausoak egiten zituzten, gero eta gehiago, gero eta egoera gehiagotan. 2018. urtean hasi ginen, eta Euskaraldia aprobetxatu genuen. Askoz ere gehiago lortu zuten. Jarraipena egin genien 2021. urtera arte.
Datu aberatsak lortu dituzue, ezta?
Bai. Uste dugu baldintzak jarri genizkiela eta akonpainamendu bat egin geniela. Elkarri ere lagundu zioten. Garrantzitsua izan da hori mudantza egiteko eta hiztun aktibo bihurtzeko; euskara gero eta gehiago erabiltzeko, alegia. Batzuek asko lortu dute eta beste batzuek, askoz gutxiago. Bakoitza bere erritmoan doa. Esperimentuak egin ditugu. Taldean elkartu gara, eta espazio seguru bat sortu dugu kezkak eta sentimenduak komentatzeko. Zer zailtasun izan ditugu? Zer gertatu da? Askatasunez hitz egin dugu, epaituak sentitu gabe. Ikusi dugu espazio seguru horrek norbere prozesuan aurrera egiten asko laguntzen duela.
Zein beste gako identifikatu dituzue euskara gehiago egiteko balio dezaketenak?
Bada esperientzia bat ‘Euskara Kirolkide’ izena duena, Jone Miren Hernandezek Soziolinguistika Klusterrarekin egina. Lan handia egin dute kirolaren eremuan prozesuak errazteko. Alde aplikatuan, esperientzia asko daude: autoestimu tailerrak, ikasleekin egitekoak, aisialdikoak, lanekoak… Horietatik ikasi dugu. Elementu gakoak identifikatu eta integratu ditugu.
Zein tresna soziolinguistiko dituzue?
Baditugu tresna soziolinguistiko batzuk jendartera zabaltzeko lantzen ari garenak. «Ibilbidea» deitzen duguna, tartean. Behin-behineko diseinua egin dugu eta ibilbide hori indarrean ipiniko dugu datorren ikasturtean irakasle izango diren unibertsitateko ikasle batzuekin. Kontzientzia soziolinguistiko kritikoa lantzeko da, gaitasun profesionalarekin oso lotuta. Irakasle izango direnek gaitasun profesionalaren barruan euskararen inguruko gogoeta kritikoa oso garatua izan behar dute. Ezin ditugu behartu lagunekin edo bizitza pribatuan, baina irakasle izango diren neurrian, hausnarketa soziolinguistiko hori ondo garatua izan behar dute, eta erabili egin behar dute. Orain, elkarlanean arituko gara irakasle batzuekin behin betiko diseinua egiteko. Begoñako Andra Mari irakasle eskolan pilotatuko dugu. Hor ikasten dugunarekin eskuragarri utziko dugu edonork erabiltzeko.
Beste tresna batzuk ere baditugu; adibidez, hizkuntza biografia lantzeko edo norberak euskara noiz eta nola erabiltzen duen behatzeko. Zein formatu eman pentsatu behar dugu, jende askorentzat baliagarria izateko.
Espazio segurua aipatu duzu lehen. Sakondu dezakezu gehiago?
Espazio seguruarekin lotuta, akonpainamendua oso inportantea da, ez goitik beherakoa bakarrik; agian, inportanteagoa da kideen artekoa. Bidea taldean egitea, eta ikustea eurei gertatzen zaiena askori gertatzen zaiela. Autopertzepzio eskasa dute askotan euren euskara gaitasunari buruz: txarto begiratuko dietela sentitzen dute, ez direla euskaldun onak. Lotsatu, beldurtu egiten dira. Eta hori dena taldean partekatzea eta enpatia sortzea oso lagungarria da.
Gero, pausoak apurka-apurka egitea ere oso inportantea da. DBH edo institutua amaituta euskara oso gutxi erabiltzen duen bilbotar batek, nahiz eta nahi izan, oso zaila du egun batetik bestera euskaraz egitea. Gerta daiteke, batzuek egiten dute. Baina normalean apurka egiten da.
Testuinguruak ez du batere lagunduko Bilbon.
Ez. Ideologia asko daude euskararen kontra. Arau sozialak daude, eta zigortu egiten dute euskaraz egiten duena: ‘¡Qué pelma! ¡Qué friki! ¿De qué vas?’. Euskara gehiago hitz egiteko, gogoeta soziolinguistiko kritiko garatua izatea, nahi izatea eta apurka-apurka joatea dira gako batzuk.
Euskararen etorkizuna Bilbon dagoela jokoan aditzeaz aspertuta zaude?
Soziolinguista bezala, esan dezaket hizkuntza batek modu normalizatuan aurrera egingo badu, botereguneetan presente dagoelako izango dela, errekonozitzen delako; bestela, beti egoera diglosikoan biziko da. Egon daiteke bizirik etxeko sukaldeetan, frankismoan bezala. Prestigioa irabazten jarraituko badu, botereguneetan ere egotea lortu behar dugu. Zentzu horretan, hiriak botereguneak dira, eta oso inportantea da euskara ere presente egotea Bilbon eta beste hiri handietan. Bestalde, Euskal Herriko biztanleria gehiena Bilbo Handian bizi da. Euskaldun kopuru oso handia dago, baina biztanleak hainbeste gara, non zaila baita euskaraz egiten dugunak topatzea. Asko dugu jokoan: euskararen etorkizuna Bilbon eta hiri handietan dago, baina ez hor bakarrik, arnasgune eta herri txikietan ere bai. Gure mundu garaikide honetan hiriek garrantzi handia dute. Baina herri-hiri dikotomia oso lausotua dago. Ni herrian bizi naiz, Bilbon egiten dut lan eta joan-etorrian ibiltzen naiz egunero.
Equiling sarean zabiltza. Kontatu bertan egiten duzuena.
Hiztun berrien gaiarekin saretzen hasi ginen, Europako hizkuntza gutxituen testuinguruan. Urteetako harremana dugu irlandar, eskoziar, galestar, katalan eta galegoekin. Equiling lau taldek osatzen dugu, berez; oso koordinatuta gaude. Gu Equiling Basque gara, eta orain arte kontatu dizkizudan gai hauekin ari gara. Katalanak, Omniumekin batera, etorri berriekin ari dira. Galegoak, batez ere, institutuko ikasleekin dabiltza, eta laugarren taldea Madrilen dago. Bertako zuzendariak, Luisa Martin Rojok, proiektu osoa gidatzen du. Unibertsitateko ikasleekin ari dira lanean Madrilen; itzelezko hizkuntza aniztasuna dute.
Amankomunean baditugu gauza batzuk: metodologia, ikerketa-ekintza parte-hartzailea egiten dugu denok, eta gero gai nagusia hizkuntza berdintasun eza da. Gu, alde batetik, euskararen minorizaziotik ari gara; bestalde, euskararen barruan badaude beste berdintasun falta batzuk eta horiek aztertzen ari gara. Etorri berriek sufritzen dituzten berdintasun falta sozioekonomikoak ikertzen ari gara. Sare honetan lan asko egiten dugu batera, oso aberasgarria da guretzat, beste batzuekin egoteak aukera ematen baitigu gure egoera beste betaurreko batzuekin ikusteko. Elkarlan horren ondorioz berrinterpretatu ditugu guk hemen aurkitutako gauza batzuk. Agian, izena eman diegu. Asko aurreratzen dugu, asko ikasten dugu, eta indarberrituta etortzen gara.
Leave a Reply