Euskal herritarrek suspentsoa jarri diote Osakidetzari (4,8) lehen aldiz azken hamarkadan. Herritarren segurtasunik eza hirugarren kezka bihurtu da. % 62k adierazi dute uztailaren 23ko hauteskunde orokorretan bozkatuko dutela.
María Silvestrek, Braulio Gómezek eta Gorka Urrutiak Deustobarometro Sozialaren (DBSoc) emaitza berriak aurkeztu zituzten joan den ekainaren 23an Deustuko Unibertsitateko Bilboko campusan.
Sei hilean behin euskal gizartean kezka gehien sortzen duten gaiei buruz herritarrek dituzten iritziak eta lehentasunak jasotzen dituen inkesta horren arabera, bizitzaren kostua (% 45) eta osasun arreta (% 43) dira euskal herritarren kezkarik nagusienetarikoak alde handiz.
Azken sei hilabeteetan behera egin du prezioen igoerarekiko kezkak, eta osasunarekiko kezkak gora egiten jarraitu du. Izan ere, euskal herritarrek Osakidetzari suspentsoa (4,8) jarri diote lehen aldiz azken hamarkadan. Langabeziarekiko kezka (% 8) azken hamarkadako baxuena da, herritarren segurtasunik eza (% 20,8) hirugarren kezka bihurtu da, eta euskal herritarrek suspentsoa eman diete segurtasun-politikei (4,6). Gainera, garraio publikoa (6,4), unibertsitateetako (5,7), ikastetxeetako eta institutuetako (5,3) hezkuntza eta azpiegiturak/errepideak (5,6) dira euskal herritarrek hobekien baloratzen dituzten politikak.
Osakidetza
Euskal herritarrek Osakidetzari suspentsoa eman dioten arren, gehienek ez dute osasun publikoarekiko konfiantza galdu. % 38k lehen baino konfiantza gutxiago du, eta % 19 konfiantza galtzeko zorian dago. Herritarren % 81ek uste du baliabide gutxi edo oso gutxi bideratzen direla Osakidetzara. Gehienek nahiago dute osasun publikoa hobetzea, horrek zerga gehiago ordaindu beharra badakar ere. % 88k uste du osasun arloko langileak falta direla, eta % 79ren esanetan osasun arloko langileek arrazoiak dituzte mobilizatzeko eta beren lan-baldintzengatik protesta egiteko.
Datu gehiago: herritar gehienek (% 74) ez zuten lortu hitzordua nahi bezain azkar mediku espezialistarekin, ezta lehen mailako arretako medikuarekin ere (% 60). Erabiltzailerik gehienen ustez (% 78), osasun-instalazioak egoera onean daude eta, diotenez, aurrez aurre artatu zituzten egoerak hala eskatzen zuenean (% 63). Herritar gehienek (% 69,5) uste dute Osakidetzak hobeto funtzionatuko lukeela osasun zerbitzu publikoak modu arduratsuagoan erabiliko balira.
Uztailaren 23ko hauteskundeak
% 62k adierazi dute uztailaren 23ko hauteskunde orokorretan bozkatuko dutela. Boto-emaileen % 74k esan dute ez lioketela inoiz VOXi botoa emango, eta % 45ek ez lioketela inoiz Alderdi Popularrari emango. Hauek dira Euskadin gaitzespen sozial handiena duten bi alderdiak. Euskal herritar gehienak ez dira erakunde politikoez fidatzen. Oso mesfidantza handia dago alderdi politikoekiko (2,6, 0tik 10erako eskalan).
Inkesta honen 2023ko udako edizioa eskuragarri dago webgune honetan: barometrosocial.deusto.es
Leave a Reply