Giza eskubideei buruzko jardunaldiak antolatu dituzte Deustuko Unibertsitatean. ‘Giza eskubideen defendatzaileen’ terminoaz gogoetatu dute parte hartzaileek, definizioaz eta zenbait herrialdetako egoeraz
Berrian argitaratutako artikulua (09/09/2023) | Olatz Silva Rodrigo.
Europan ez dago giza eskubideen defendatzailerik», esan du Dolores Morondo Deustuko Unibertsitateko Giza Eskubideen Institutuko ikerlariak. Eta segituan eman du azalpena: «Giza eskubideei buruz ari garenean, ez dugu esapide hori erabiltzen. Hirugarren herrialdeei buruz hitz egiten ari garenean bakarrik aipatzen ditugu defendatzaileak».
Unibertsitateak antolatutako AHRI Conference giza eskubideei buruzko jardunaldietan hartu du parte Morondok; Nor da giza eskubideen defendatzaileen beldur? mahai inguruan egon da, Lourdes Castro Kolonbiako Somos Defensores programako koordinatzailearekin. «Tajikistango aktibistak giza eskubideen defendatzaileak dira; Madrilgoak [Espainia] eta Tarantokoak [Italia], ordea, ez».
Arrazoi bat dago horretarako: «Europako Batasunak eta oro har Europako gizarteak termino hori erabiltzen du mugak ezartzeko: barrukoa eta kanpokoa banatzeko». Era berean, «hirugarren herrialdeei» exijitzen zaie giza eskubideak bermatzeko. «Gure agintariei, berriz, ez diegu hori eskatzen». Ideologia ildoak ezartzeko ere erabiltzen da adierazpen hori: «Badirudi hemen ez dagoela pertsekuziorik, eta, hori dela eta, ez dugu giza eskubideen defendatzailerik; agian Europan ez dituzte aktibistak hiltzen, baina horrek ez du esan nahi ez zaienik beste modu batean jazartzen».
Ez dago giza eskubideen defendatzaileen inguruko definizio zehatzik. «Zaila da talde heterogeneoak bilduko dituen definizio bat aurkitzea», zehaztu du Morondok. Nazio Batuen giza eskubideen goi komisarioaren bulegoak, hala ere, badu definizio bat: «Banaka edo beste batzuekin giza eskubideen alde lan egiten duten pertsonak». Ikerlariaren arabera, defendatzailea izatea ez da «kategoria» bat, baizik «estatus» bat: «Kategoria bat ezaugarri komunak dituzten pertsonen banaketa bat da; estatusa, berriz, une jakin batean dagoen egoera bat da: edozein pertsonak har dezake parte bertan».
Definizio horrek, baina, baldintza batzuk exijitzen ditu: defendatzaileek giza eskubideen unibertsaltasuna onartu eta bake ekintzak egin behar dituzte. Hitzaldia entzuten ari zen Kolonbiako epistemologo batek adierazi du definizioak ezartzeak «arazoak» ekar ditzakeela. «Definizio unibertsal batek tokikoaren potentzia galtzea eragingo du; ni ez nago baldintzak betetzearen alde». Gainera, esan du zaila dela akordio batera ailegatzea: «Defendatzaile izatea aitortzen zaienen eta ez zaienen arteko botere harreman bat da».
Zigorgabetasun handia
Kolonbiako egoera mahai gainean jarri du Castrok. «Hainbat babes mekanismo ezarri arren, defendatzaileen aurkako arriskuak bere hartan dirau». Hilketa gehiago izan dira; eta ingurumenaren eta herri indigenen alde borrokatzen direnek pairatzen dute ondorio gehien.
Erasorik ohikoenak mehatxuak dira: «Beldurraren bitartez, ahalegina egiten dute jendeak bere lana bertan behera utz dezan». Munduan, hala ere, gero eta kezka handiagoa eragiten du beste eraso mota batek: «Defendatzaileen kriminalizazioak eta judizializazioak». Zigorgabetasunak, gainera, indarkeria ahalbidetzen du. «2002tik 2022ra bitartean, 1.333 hilketa egin dira; eta, horietatik, 75ek bakarrik dute
kondena epaia».
Castrok ez du ahaztu defendatzaileek azken urteotan egin duten lana: «Besteak beste, pertsona zaurgarriak babestu eta bidegabeki atxilotutakoen askapenean lagundu dute. Hala ere, haien nortasuna hau da: zigorgabetasunaren aurkako borroka».
Leave a Reply