Artículo publicado en Deia (29/09/2023)
HERENSUGEA euskal mitologian deabruak hartu ohi duen irudietako bat da. Iraganean asko zabaldu ziren horren inguruko kondaira edo esaundak. Horietako batzuetan herensugeak hainbat buru izan ohi zituen.
Halako kondairen artean, beharbada, ezagunena Aralarkoa da. Aita Barandiaranen esanetan, Aralarko Mikel Deunaren santutegia leize baten gainean eraiki zen, bertan aspaldi gertatutakoaren ondorioz.
Bada, leize horretan herensuge bat bizi zen. Gose zenean, irten, herrietara joan eta pertsonak janda asetzen zen. Horregatik, kalte handiagoak eragin ez zitzan, inguruko herrietako biztanleek erabaki zuten egunero pertsona bat eskaintzea hari, hain zuzen, zozketa egin ostean ateratzen zena. Behin batean, neska gazte bati egokitu zitzaion. Horrenbestez, leizearen sarreran utzi zuten, herensugeak jan zezan. Sasoi horretan, Goñiko zalduna zebilen mendirik mendi, penitentzia egiten, gerritik behera arrastaka zeraman burdinazko kate handia hautsi nahian. Denbora dezente zebilen batetik bestera, baina inondik inora ezin kate madarikatua hautsi. Horrela zebilela, dagoeneko ia-ia noraezean, herensugearen leizearen atarian neskatxoa ikusi zuen.
Han zer egiten zuen itaundu eta hark kontatu zionean gertatzen zitzaiona, Goñiko zaldunak etxerantz bidali eta berak hartu zuen haren lekua. Bat-batean, herensugeak leizetik irten eta hozkada batez katea ahoan hartu eta tiraka hasi zen, Goñiko zalduna aurrez aurre izan arte. Orduan, bereak egin behar zuela ikusita, Goñiko zalduna Mikel Deunari deiadarka hasi zitzaion, esanez: Mikel Deuna, lagun iezadazu! Une horretan, zeruan Mikel Deuna agertu zen, esku batean ezpata zorrotzzorrotza eta buruan Jaungoikoa zeramatzala. Zerutik jaitsi eta ezpatakada batez behingoan moztu zituen herensugearen burua eta Goñiko zaldunak zeraman katea. Horrela lortu zuen hark bere askatasuna, penitentzia bukatu eta katea hautsita.
Kontuak kontu, Euskadin debozio handia izan du Aralarko Mikel Deunak. Horren adibide, 1909ko urriaren 10ean, Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ-k) bere zaindari izendatu zuen, Aralarko santutegian bertan. Zaindari moduan izendatzeko adierazpena, solemnitate handiz irakurri zuen Ebaristo Bustinza Lasuenek, Kirikiñok. Adierazpen horrek horrela zioen: «Deun Mikel Gongotzona, donokitarr gudarijen Buru betugia! Jaun Goikua eta Lege-Zarra ikurrin bian Euskadi’n gudan dabillan Eusko Alderdi Jeltzaliak be euki gura zau bere buru ta zuzendaritzat, eta gaur artzen zau bere Zaindari donokitartzat… Deun Mikel zaindu egixu Eusko Alderdi Jeltzalia. Deun Mikel, gaizka egixu Euskadi!»
Ordutik, EAJ-k urtero ospatzen du Aralarko Mikel Deunaren eguna, irailaren 29an. Gainera, ez da kasualitatea lehenengo Alderdi Eguna, 1977ko irailaren 25ean, Aralarko Mikel Deunaren zelaietan ospatu izana. Halaber, etxeetako ate askotan Aralarko Mikel Deunaren irudia jartzea ohitura bihurtu zen, «Mikel gurea zaizu Euskalerria» irakur zitekeela oinean. Egin-eginean ere, EAJren zaindari ez ezik, Euskadirena ere bada.
Zinez, garai desberdinetan Euskadik ezagutu izan ditu herensuge eta sugoi desberdinak, beraren etorkizuna, bakea eta ongizatea mehatxatu eta arriskuan jarri izan dituztenak. Baina, hala edo hola, modu batera edo bestera, kasuan kasuko herensuge edo sugoiari gailendu zaio gure herria beti. Hortaz, esan genezake, Aralarko Mikel Deunak bere zaindari-eginkizuna ondo bete duela, mendez mende, nahiz eta, sarriegi eta tamalez, min, zoritxar, heriotza eta odol asko utzi atzean.
Gaur egungo Euskadin badugu dena suntsiarazteko gai den herensuge erraldoi eta oldarkorra. Lan-munduan ageri da eta bi buru ditu, lan-gatazkarena eta absentismoarena. Egoera ez da olgetan ibiltzekoa. Ez da batere harro egoteko gure herria izatea estatu-mailan lan-gatazka eta absentismo gehien dituena. Horren inguruan hausnarketa sakona egin beharko lukete parte diren alde guztiek —gobernu, oposizioko alderdi, sindikatu eta enpresaburuen erakundeek—, bai eta horiek ordezkatutako herritar guztiek ere. Negoziaziorako eta elkarrizketa sozialerako bidea zintzotasunez hartzen ez bada, hamarkada luzez lortutako guztia ezerezean gera daiteke.
Gure autogobernua eta horrek ekarritako bizitza-kalitatea eredu jakin batek sortu ditu, euskal balio historikoetan oinarritutako demokraziak alegia. Balio horiek dira: askatasuna, berdintasuna, jabetza pribatua eta komunitarismoa, gaur egun, ekainaren 25eko 5/2015 Legeak, Euskal Zuzenbide Zibilari buruzkoak, nabarmendu dituenak. Balio horiek RerumNovarum(1891) entziklikaren ondoren Elizaren Doktrina Sozialean aurki daitezke eta hortik ulertu behar da gure autogobernua eta horrek ekarritako bizitzakalitatea.
Iraganera begiratu eta hor egiaztatu ahal da hori guztiori. Hortxe daude gure izate eta nortasunaren sustraiak. Praktikan horren adibide dira antzinako herri-lur, korta edo sarobeak, auzolana edo Unamunok goraipatutako lorrak, Erdi Arotik aurrerako gremio, kofradia edo anaitasunek gauzatutako mutualismoa, urte luzez Elizaren bidez gauzatutako ongintza eta XIX. mendean Foru Aldundiek antolatutako gizarte-laguntzaren eredua. XX. mendearen hasieran liberalismoak, sozialismoak eta komunismoak eragindako gehiegikerien aurrean Elizaren Doktrina Sozialaren bidetik sortu ziren hainbat erakunde sozial herritarren zerbitzura, euskal senetik abiatu eta aipatu balioekin bat eginda: Euzko Langileen Alkartasuna (ELA), Emakume Abertzale Batza (EAB) edo Euzko Ikastola Batza (EIB). Ezinbestekoa zaigu gogoan hartzea testuinguru hori ulertzeko, besteak beste, Joan Bautista Eguzkitzaren Gizarte Auzia (1935) edo Joan Thalamás Labandibarren lanak. Zeresanik ez, Elizaren Doktrina Sozialaren erakusle da aita Arizmendiarrietak sortu eta bultzatutako kooperatiba-eredua, Mondragon. Orobat, ezin ahantz daiteke, beste askoren lan eskerga: Engracio de Aranzadi Kizkitza, Manuel Irujo, Alberto Onaindia, Jose Ariztimuño Aitzol, Policarpo Larrañaga… Leizaola lehendakariaren idazkiak aztertuta ere—Sendoa argitaletxearen lau liburuki marduletan— ederto asko antzeman daiteke pentsamendu hori.
Gatazka eta borroka irrazionala defendatu izan dutenen aurrean, erdiko bidetik jo duen eredu hori da hamarkadaz hamarkada nagusitu dena. Horrek sortu du aberastasuna gurean eta posible egin berau banatzea. Izan ere, aberastasuna banatu ahal izateko lehendabizi sortu behar da. Nazioartera begiratuz gero, esan genezake hirugarren bide deitu zen nolabaiteko liberalismo humanista edota komunitaristaren ildotik joan dela, muturreko joeretatik ihesi, Keynes eta Beveridgeren eskutik eratutako ongizatearen estatua gurean posible egin arte. Beharbada, Osakidetzaren sorrera da horren adibiderik onena.
Alabaina, horri guztiorri eutsi eta herensugeak irentsi ez gaitzan beharrezkoa da une oro ernai eta zuhur egotea, autokonplazentziak berarekin ekar ditzakeen arriskuak saihestuz. Horregatik, premiazkoa da herensugearen bi buruak, lan-gatazkarena eta absentismoarena, errotik moztea. Horrek berarekin dakar arazoenmuinera jotzea, eta lan-munduak dituen erronkak elkarrekin aztertu eta eztabaidatzea: trantsizio digitala, trantsizio ekologikoa, demografia-gainbehera, atzerritik datozenen oso-osoko integrazioa eskubide eta betebehar berberekin, kohesio soziala…
Mundu globalean lehiakorrak izan beharra dago, inbertsioak behar dira ikerketa, garapen eta berrikuntzaren eskutik industriak garatu eta ekonomia bultzatzeko. Horrek berarekin dakar langile kualifikatuen premia ere. Baina ez edozein preziotan. Pertsonaren duintasuna jarri behar da erdigunean, duintasun hori bermatzen dituzten eskubideak aintzat hartuta, aipatu erronka orotan. Hori guztiori erabat uztartzen da Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuetatik zortzigarrenean (lan duina eta hazkunde ekonomikoa). Esangura horretan, interesgarria da agiri hauek aztertzea: (a) Europar Batasuneko Kontseiluaren 2022ko azaroko Erabakia, estatu-kideen enplegupolitiketarako orientabideei buruzkoa, bere horretan jarraituko duenak Europako Parlamentuak hala erabaki duelako 2023ko irailean onetsitako Ebazpenean, Kontseiluaren behin betiko onespenaren zain; (b) Europako Parlamentuak 2023ko otsailean onetsitako Ebazpena, industria-lehiakortasuna, merkataritza eta kalitatezko enplegua bultzatzeko Estrategiari buruzkoa; (c) Lanaren Nazioarteko Erakundeak 2023ko irailean Transformative change and SGD 8. The critical role of collective capabilities and social learning izenburuarekin argitaratutako txostena.
Nolanahi ere, agiriotan jasotakoa alferrik galdu ez dadin, behar dugun elkarrizketa sozialean zintzotasunez eta enpatiaz jardun behar da, oreka bilatuz beti. Alde bakoitzak temati, bere bostean jarraituz gero, bi buruko herensugeak itxaropenik gabe utziko gaitu eta pobreziara kondenatu. Herensugea sua dariola dagoen bitartean, akaso, bateren batek tentazioa izan dezake gure herriaren historia desegin eta norberaren konbenientziara berreraikitzeko, lortutako guztia ukatu eta hankaz gora jartzeko. Hala bada, herensugeak horiek ere irensten edo kiskaltzen bukatuko du.
Leave a Reply