TTap aldizkarian argitaratutako artikulua (02/10/2023)
Uda amaieran ur-ertzera olatuek ekarritako gaztaina-oskol bati begiratu diot.
Gaztainak bezala gatoz mundura: morkots edo lakatz barruan, bigun-bigun, gozo-gozo, ezin hobeto eratutako gotorlekuan babestuta.
Bada, kirikino-itxuran, arantza finak ditu gaztaina-oskolak, kanpotik etor dakizkiokeen eraso guztiei aurre egiteko prest une oro.
Asturias aldean hasi eta Lapurdirainoko zenbait basotan ikusgai dira oraindik kirikinausi, eskorta, kortina, gaztaina-hespil edo gaztaina-bordak. Antzinako eraikuntza horiek balio zuten gaztainak bildu eta heldu bitartean mantentzeko. Harriz egindako itxitura biribilak dira, eta bertara sartzeko zein bertatik irteteko egurrezko ataka dute, ate txiki eta estua alegia. Animalia askok nahi izaten zituzten gaztainak jan, baina ezin; izan ere, eraikuntza horiek goitik garo eta adarrez estaltzen ziren, gaztaina-oskolak biguntzen zirenerako babes-neurri gisa.
Horrela jaiotzen gara, eta, zorte apur batekin, haurtzaroan hazi. Hortik aurrera, ordea, morkotsetik askatzean gaztaina-gorringoari gertatu antzera, bizitzak ibilbide desberdinetatik garamatza, zimeltzeraino eraman ere, lehenago galdu ezean behinik behin.
Bien bitartean, ibilbide horietan bestelako arantzak agertzen zaizkigu. Orduan, babestu eta aurrera egin ahal izateko norberaren burua defendatzeko premia sortzen da. Baina horren gaineko kontzientzia hartu ondoren, ibilian ibili, txipli-txapla plun egin eta erreta ez bukatzeko, egoki da enparauekin elkarlanean aritzea, guk ere garai batean gaztainek kirikinausietan izan ohi zuten babesa izan dezagun.
Leave a Reply