Euskarabildua jardunaldia egin dute: ‘Utopiatik egunerokora. Google gabe, aukera burujabeak badira’. Kontzeptuak argitu dira, eta esperientziak ezagutu
Berrian argitaratutako artikulua (27/10/2023) | Arantxa Iraola.
«Burujabetza zerbaiten gaineko erabaki ahamena eta askatasuna izatea da». Euskarabildua jardunaldiaren harira, definizio hori gogoratu zuten atzo antolatzaileek, partaideen artean banatutako eskuorrian: Ametzagainak, Iametzak eta Argiak. Utopiatik egunerokora. Google gabe, aukera burujabeak badira leloa erantsi diote aurten topaketari, eta teknologia berrien munduan askeago eta burujabeago jarduteko irizpideak eman dituzte.
Alde horretatik, hainbat esperientziaren berri ere jakin ahal izan zen atzoko jardunaldian. Askotarikoak dira. Hezkuntza munduan garatutakoak, osasun arloan, enpresen kudeaketan, sare sozialetan… Kontzeptuak argitzeko eguna ere izan zen; Deustuko Unibertsitateko irakasle Miren Berasategik, esaterako, asmo horrekin eman zuen atariko hitzaldia: Software librea, kode askea eta teknologia burujabetza. «Hiperdigitalizazioaren» aro betean, prozesuaren hedatze gero eta sakonagoan, azkarragoan, orohartzaileagoan, aski garrantzitsua da kontzeptu horiek argitzea, horien gainean gogoetatzea, burujabeago izateko era horixe izango baita. «Argi eta garbi: burujabetza posible da bakarrik software librearekin egiten bada. Hala egiten ez bada, ezinezkoa da», zehaztu zuen.
Kontzeptuak argitzeko langintzan aurrena «kode askeari» erreparatzea garrantzitsua dela uste du. Eta, atariko urrats gisara, «kode irekia» zer den ere azaldu behar da: «Kode itxiari kontrajarrita, iturburu kodea ikusgarri daukan programa litzateke kode irekia duena; programa hori sortzeko erabili den programazio hizkuntza eskuragarri dauka». Egunerokoan erabiltzen dira era horretan sortutako tresna asko: Android sistema eragilea, adibidez, eskukoetan, eta Linux ordenagailuetan. «Kode itxia den kasuetan, berriz, ezin dugu ikusi programazio lengoaiak nondik nora doazen: kontrako eredua dira». Microsoft Office da adibide ezagun bat, edota sare sozialetako plataforma ezagunenak, aski hedatuak: Twitter, Instagram, Tiktok… «Horiek erabiltzaile gisara bakarrik eskaintzen zaizkigu, eta espresuki debekatuta dago iturburu kode horietarako sarbidea». Doan eskaintzen dira usu, erruz erabiltzen dira, baina, sakonean, arrotzak dira: «Ez dakigu nola funtzionatzen duten». Eta, azaleko erabileraz harago, «optimizatuta» daude, esaterako, propio erabiltzaileak plataforman ahalik eta asti gehiena egoteko.
Iturburu «itxien» eta «irekien» arteko aldeak argituta, «gainjartzen» diren kontzeptu bi bereiztea samurragoa da Berasategirentzat. «Zerk bereizten du software librea kode irekia duen softwaretik? Software libre guztia da kode irekikoa, baina kode irekiko guztia ez da software librea. Posible da enpresa batek aplikazio baten iturburu kodeak eskuragarri jartzea baina, adibidez, erabilera batzuk mugatzea: ez ematea baimenik zenbait erabileratarako. Muga horiek dituzten softwareak ez lirateke sartuko software librearen definizioan».
«Ilusio» bat
Software librearen eremu horretan hazten jarraitzea ezinbestekoa dela argi du Berasategik. Izan ere, libreak ez diren tresnekin antzeman daitezkeen burujabetza zantzuak «ilusio» bat besterik ezin daitezke izan. «Izan gaitezke eskura jartzen zaizkigun tresnen operadore oso aurreratuak». Horien gaineko kontrolik ez dute, ordea, erabiltzaileek: ezin dute izan. «Gizarte elkartasuna» ere ez da sustatzen. Aldiz, «auzolana» funtsezkoa da mundu librezalean. Hizkuntza gutxituei begira ere, aukera gehiago ematen ditu, software itxia «errentagarritasunaren» irizpideen arabera aritzen delako. «Eta itzulpenak ere beraien interes ekonomikoen arabera egiten dituzte». Eragina du horrek, gero eta argiagoa: «Erdarazko mundu ikuskera bat sortzen ari gara mundu digitalean».
Berasategik iritzi dio ikuspegi hori aintzakotzat hartu beharrekoa dela trebatze digitalari buruzko irizpideak ezartzean. «Gaitasun digitalak» ematera bideratzen direlako usu, horretan indarra jartzera: «Baina horrek ez du bermatuko hezten ari garen haurrak edo herritarrak aukera burujabeak izango dituenik. Nahitaezko baldintza da; baina ez da nahikoa», zehaztu du. «Gaitasun digitalen garapenak ez zaitu nahitaez erabakigunean kokatzen». Eta erabakia hitz ezinbestekoa da burujabetzan. Alde horretatik, erabiltzaileak, gaitzeaz gain, «ahaldundu» egin behar dira.
Teknologia berrien garapenetik aparte dauden sektoreetan maiz sentitzen da aparteko gaitasuna behar dela software librean murgiltzeko. Gizartean oso «barneratuta» dagoen «mito» bat dela onartu du Berasategik, baina, esan duenez, «erabiltzaile» arrunt izateko, areago eremu askotan ekarpen aktiboa eta oparoa egiteko ere, ez da aparteko ezagutzarik behar: «Ez dago inolako zailtasun gehigarririk». Beste gai askotan bezala, argi du honetan ere berebiziko garrantzia duela «kontzientzia» hartzeak. Elikaduraren arloan gertatzen den moduan, hein batean. «Han ere, zero kilometroko produktuak kontsumitzen baditugu, inguruko eragileak saretzen eta indartzen ditugu. Hemen ere, teknologiarekin, berdin».
«Norabidea» argi dago
Norbanakoek kontzientzia hartzea ezinbestekoa da; erakundeek hartzea ere bai. Adibiderako, Frantziako Hezkuntza Ministerioak arloan egin dituen urratsak azaltzen izan zen atzoko jardunaldian Alexis Kauffmann. Adi aditu zituen haren hitzak Berasategik. Zer ikasia badela uste du: non aurreratua. Baina uste du ez dela zaila inplikazio maila horietara heltzea. «Inbertsio txiki batekin emaitza izugarriak lor daitezke».
Gaiaren garrantziaz kontzientzia hartu eta «norabide» bat hartuta, asko aurreratu daiteke. «Bidea argi dago, eta ez dago oztoporik norabide hori ezartzeko, gure borondate falta ez bada; eta gure esaten dudanean, gizarteaz ari naiz: norbanakoez, komunitateaz eta erakundeez».
Leave a Reply