Berrian argitaratutako artikulua (29/10/2023)
Orain dela gutxi, kalean paseatzen nindoala Olatz topatu nuen, ikastolan Historiako irakasle izandakoa. Primeran gogoratzen dut oraindik nola zazpigarren mailan geundela (LOGSE aurreko belaunaldia izan zen gurea) goiz oso bat igaro genuen liburuaren portadan ageri ziren irudi eta mezuak aztertzen, liburua ia ireki gabe. Olatzek erakutsi zigun zein garrantzitsua den galderak egitea, baita gure egunerokoan agerikoa ez den horren gainean ere. Hori egiten dute Olatz bezalako erreferente handiek: errealitatea kuestionatu, bakoitzak gure ikuspuntua landu dezagun.
Baina artikulu honetan hausnarketa esperientzia pertsonaletik apur bat harago jarri nahiko nuke, gure gizarteari forma eman eta iritzi publikoa zein kontzientzia kritikoa osatzen laguntzen duten erreferente kolektiboen eraikuntzan eta sendotzean. Nola sortzen dira gizarte erreferenteak? Zergatik kontsideratzen ditugu hala? Eta iturri baliagarria izan al daitezke informazio zuzen eta zehatza jasotzeko?
Garai batean, gizartea modu analogikoan bizi zenean, erreferentenagusiak intelektual izenarekin ezagutzen genituen. Intelektualak ziren egunkari nagusietan idazten zutenak, manifestuak sinatzen zituztenak, irrati eta telebistetan ahotsa zuten pertsonak. Intelektualek, Gerra Hotzak eredu zurrunetan banatutako mundu batean, eredu argien alde egiten zuten, eta eredu hauen gaineko posizio garbiak adierazten zituzten. Esan beharrik ez dago, intelektualaren begirada honek genero eta estatus joera nabariak zituen. Intelektual gehienak klase altuko gizonezkoak ziren. Eta haiek esandakoak oihartzuna eta eragina izaten zuen gizartean. Iritzi publikoaren osaketan, iritzi artikulu luzeak, horiek idazten zituztenak eta horiek publikatzen zituzten medioak ezinbesteko bihurtu ziren.
Interneten sorrerak, eta horrek berarekin ekarri zuen iraultza digitalak, axioma hauhankaz gora jarri zuen.
Kazetari baten hitzetan, medioek egiaren atezain izateari utzi zioten. Eta medioekin batera, artikulu luzeek
eta horiek idazten zituzten intelektualek. Erreferentzialtasuna lantzeko moduaren eraldaketa gertatu zen. Digitalizazioak erreferenteak sortu eta zabaltzen zituzten medio tradizionalen papera auzitan jarri zuen, eta bide berriak ireki zituen mezuak zabaldu nahi zituen pertsona orok aukera hori baliatu zezan. Beste modu batean esateko: gizarte erreferentzialtasuna eraikitzeko aukerak demokratizatu egin ziren eta intelektualarenkontzeptua bera krisian sartu zen.
Dagoeneko ez dira idazle, kazetari, unibertsitateko katedradun edo lider politiko eta erlijiosoen ideiak bakarrik entzungarri direnak. Eragina izateko aukerak zabaldu zituzten sare sozialek, eta Twiterren mezuak zabaltzeko aukera zuenak edo Youtuben komunikatzeko gaitasun handia erakusten duenak ere irabazi du influencer titulua. Intelektualetatik influencer-etara egin dugu bada saltoa. Medio tradizionaletatik plataforma berrietara. Noski, eraldaketa hau ez da aldi berean egin, ezta osotasunean ere. Oso nabaria da belaunaldi gazteetan. Ia ikusezina boomer eta hortik gorakoetan. Tartean, ahal dugun bezala moldatzen gabiltza millennial-ok. Eragin esparru honen aldaketa edo zabaltzea beraz albiste ona litzake bere horretan, pertsona askok informazio iturri bakar gisa hartuko ez balituzte.
Erreferentzialtasunaren eztabaidaren atzean, pertsonak daude, baina batez ere iritzi publikoa eta kontzientzia kolektiboa sustatzeko ardura kokatzen da. Edozein arazoren inguruko klabeak azaldu eta horien inguruko posizioak agerian jartzekoa. Eta hau pertsonek egiten dute. Legitimoagoa al zen intelektualek hori egitea egun jarrai ditzakegun figura berriek egitea baino? Ezin al dira bateragarri izan? Jenny Hermoso bezalako norbaitek bere keinu eta jarrerekin egindakoak edo Instagramen elkarrizketak egiten dituenaren analisiak ezin al dira bateratu Javier Elzo, Jule Goikoetxea edo Joana Abrisketak beren artikuluetan esaten dutenarekin?
Konbentzitua nago baietz: bi posizioak bateragarriak dira. Giltzarria nork/zer bikotearen bigarren zatian jarri beharko genuke, nork kontatzen duenean baino, zer esaten duenean. Giltza, beraz, informazioa bera da. Ba al dugu nahikoa tresnarik iturria ongi bereizteko? Edo informazioaren unibertsoan posizio egokia dena bereizteko? Oinarria hauxe baita, informazio egokia bilatu, galdera egokiak egin, erantzun argiak bilatu. Ez dakit garai bateko intelektualek zein egungo influencerek iturri izatearen kontzientzia duten, baina informazio transmisiorako duten gaitasuna oso handia da. Etaberaiek sukaldatzen duten zopan hizkirenedo hitzen bat bilatzeko gaitasunak denona beharko luke.
Datozen urteetan erabakiko du Euskal Herriak hurrengo belaunaldiei eskainiko dien gizarte eredua, edo horretara iristeko egin beharreko bidea. Mundu mailan, Ukrainako gerra zein Gazako genozidioa, Saharako auzia, eskuin muturraren oldarraldia… erronka izugarriak dira. Nork egingo du horien guztien analisia? Nork emango dizkigu horiek ulertzeko gakoak? Eta batez ere, nork lagunduko digu galdera egokiak egiteko beharrezko ditugun tresnak topatzen? Erreferente berrien agertzeak ez luke ohiko bideen desagertzea suposatu behar. Are gehiago, biak sustatzen jarraitu beharko genuke, belaunaldi arteko logikan ere sakonduz. Azkenean, Olatzek esaten zuen moduan, oinarrizkoa ez al da edozein fenomenoren aurrean galderak egiten ikastea?
Leave a Reply