Urtarrilaren 18an, ostegunean, “Encuentros Restaurativos. Opinión de 30 mujeres desde el ámbito guipuzkoano / Topaketa Errestauratiboak. 40 emakumeren iritzia Gipuzkoako esparrutik” liburua aurkeztu zen Santa Teresa komentuan, Iñaki García Arrizabalaga eta Mª Pilar Rodríguez Deustuko Unibertsitateko irakasleek koordinatua eta Dykinson argitaletxeak argitaratua.
Lan kolektibo honek topaketa errestauratiboei buruzko gizarte eztabaidan lagundu nahi du eta, horretarako, Gipuzkoako esparruko 40 emakumeren iritzia jasotzen du, terrorismoaren biktimen eta ETAko kide ohien arteko topaketa horien inguruan.
Liburuaren aurkezpenean Esther Pascualek hartu zuen parte, topaketa errestauratiboen bitartekaria eta liburuaren hitzaurrearen egilea.
Liburuaren laburpena
Hainbat hamarkadatan, terrorismoarekin lotutako gaien buruzko gizarte eztabaidak ez dira agerikoak izan, ez esparru publikoetan eta ez pribatuetan. Liburu honek horma hori hausten lagundu nahi du, eta topaketa errestauratiboei buruzko gizarte eztabaidari ideiak eskaini. Iritzi publikoa sortzeko eremuan oraindik ere emakumeen ahotsak gizonenak baino askoz gutxiago entzuten direla kontuan hartuta, lan kolektibo honek Gipuzkoako eremuko 40 emakumek terrorismoaren biktimen eta ETAko kide ohien artean izandako topaketei buruz duten iritzia jasotzen du. Iritzi horiek argi erakusten dute etengabe aldatzen ari den gizarte dinamiko batean bizi garela, eta gure ingurune hurbilean dauden emakumeek gizarte justiziaren eta bakea eta bizikidetza lortzearen inguruko gaietan gogoeta sakonak egiten dituztela, jarrera arduratsu, kritiko, ireki eta eskuzabalarekin. Topaketa errestauratiboak zigor zuzenbidearen eta biktimologiaren ikuspegitik aztertu izan dira, soil-soilik. Lan honek beste ikuspegi batzuetatik aztertu nahi izan ditu. Justizia errestauratiboa gizarte osoak ezagutu behar duen lekukotza etikoa ote den eta bizikidetzarako eta etorkizunerako elementuak sortu eta sendotu ditzakeen eztabaidatzea da lan honek oraindik hain nahasia den euskal gizarteari egin diezaiokeen ekarpen nagusia.
María Pilar Rodríguez Pérez Komunikazio Saileko irakasle titularra da, Deustuko Unibertsitatean. Harvardeko Unibertsitateko doktorea da (Cambridge, AEB). 2002ra arte, Columbiako Unibertsitateko irakasle izan zen (New York, AEB). Komunikazio taldeko ikertzaile nagusia da, Eusko Jaurlaritzak A mailarekin aitortua. Ehun eta hogeita hamar argitalpen inguru ditu, literatura, zinema, kultura eta genero ikasketei buruz.
Iñaki García Arrizabalaga Management Saileko (Marketineko Arloa) irakasle titularra da, Deustuko Unibertsitatean. Komunikazio taldeko ikertzailea ere bada. 1980ko hamarkadaren erdialdeaz geroztik, modu aktiboan lan egin du Euskadiko bakearen eta bizikidetzaren normalizazioaren aldeko hainbat erakundetan. Terrorismoaren biktima izanik, topaketa errestauratiboetan parte hartu du.
Leave a Reply