Berrian argitaratutako artikulua (2024/03/16)
Azken egunetan futbola gehienonahotan egon da Euskal Herrian. Bilbora sarritan joaten garenok beti dugu gure inguruan Athleticen denboraldi apartaz hitz egingo digun norbait; mutilak Europako postue
tan, partiduak aise irabazten, Espainiako Kopako finalean; neskak ia finalera iritsita. Reala ere sekulako denboraldia ari da egiten; mutilak sendo lehiatzen hiru txapelketatan, Europako postuetan, neskak kopako finalean, denbora gutxian bigarrena irabazteko prest. Eta, hala ere, azken hilabete eta erdian zaletuei inkesta bat egin izan bagenie, egoera animikoa oso ezberdina zatekeen lurralde batean edo bestean: pozik txoratzen topatuko genituzke bilbotarrak; burumakur, aldiz, gipuzkoarrak. Futbolean, momentuak eta espektatibek sekulako eragina baitute. Irabaztera ohituta dagoenak aise topatuko du gorako bidea. Hilabetetan golik sartu ez duenari, aldiz, aldapa gora zailtasun bikoitza irudituko zaio eta bere sokan korapilatuko da gehiegitan, irteera non den ere ez dakiela.
Futbolean bezala, hala gertatzen da politikan. Egoera animikoak zein espektatibek alderdien momentua definitzen dute. Hauteskunde aurreko eszenatokian hautagaien, ingurukoen, ekitaldien eta taldeen aurpegi eta keinuak interpretatzen laguntzen digute. Bakoitza nondik abiatzen den eta zer espero duen, horrek determinatuko du datozen asteetan ikusiko duguna. Eta honetan guztian, futbolean bezala, gola nork sartuko duen esperoan, gehienak defentsa lanetan dabiltza, erasoan zein kontraerasoan gutxi mugituz.
Alderdi nagusietako bozeramaileak pibote lanetan dabiltza egunotan, eraso taktiketan gutxi, nor bere zelaia babesten gehiago. Hautagai ia guztiak berriak izaki, bakoitzak eskaintzen duena baino, galtzeko daukanaren beldurra izango balu bezala. Hala dabiltza hautagai nagusiak, Pradales eta Otxandiano. Arrazoi ezberdinengatik bada ere, ez dute hutsik egin nahi, ez dute beraiengan jarritako konfiantza zapuztu nahi. Urteetan landutako kudeaketaren motxila darama Pradalesek, eta hauxe bera da defentsa lanetan jartzen duena. Motxila goretex-a da, klima ezberdinak egoki aguantatu ditu, baina bere pisua ere badu. Pisuak berak dinamikak, kanpainak, estiloak, aldatzeko zailtasuna adierazten du, hautagai berria denari bere erritmoa ezarriz. Ez da erraza boteretik inertzia berri bat irudikatzea. Baina botereak iraungo badu, hau da Pradalesek hasi eta ibili beharko duen bidea. Arrazoi ezberdinengatik dabil defentsa lanetan Otxandiano. Inkesta guztiek ematen dituzten emaitza onen jakitun, espektatibak kudeatu nahian bezala, hona iristeko begirada luzeko estrategiaren jakitun, piano-piano jarraitzea da beraz helburua. Hobe arriskurik ez hartu. Hobe hankarik ez sartu. Eta horrela, batak zein besteak, bi hautagai nagusiek, defentsa taktikan dihardute, bakoitzak bereari eusten. Ezberdintasuna, hala ere, nabaria da: egoera animikoa. Gizonezkoen Realak eta Athleticek izandako aurreko hilabeteak bezala, jokalarien egoera animikoa ezinbesteko klabea da taldeak aurrera edo atzera egiteko. Eta hori, azkenean, zaletuek, hautesleek, herritarrek, nabaritu egiten dute.
Pentsa daiteke goiz dela, kanpainaurrean gaudela, eta benetako momentua gerturatu ahala ikusiko dugula estrategia aldaketaren bat. Izan daiteke, denbora badago, baina ikusitakoak ikusita, ez dirudi hala izango denik. Beste alderdi batzuk, txikiagoak, hasieratik dabiltza estrategia erasokorragoak mahai gainean jartzen. Batzuk, bere espazioa lortu nahi dutelako. Beste batzuk, marka bera erreibindikatzen ari direlako. Ziur aski, batzuek zein besteek zarata egitea beste aukerarik ez dutelako EAJ eta EH Bilduren inguruan gero eta gehiago polarizatzen den hauteskunde kanpaina baten testuinguruan. Bi marka nagusien artean eraikitzen den errelatoak eta hauen inguruan eraikitzen ari den sistemak espazio gutxi uzten die gainontzekoei, nahiz eta geratzen den espazio gutxi hori erabakigarria izan daitekeen (eta izango den) hauteskunde biharamunean.
Alderdi nagusiek asko dute jokoan kanpaina honetan, 2001az geroztik izango den kanpaina irekienean. Baina orduko egoerarekin alderatuta, dezibel askoz gutxiagokoa da kanpaina hau. Euskal derbi batean bezala, elkarri begira, bere atea eta jokoa mantendu nahian daude arerio nagusiak, besteari gola egiteko aukera gutxi utziz, baina norberak ere gola egiteko aukera gutxi sortuz, era berean. Tentsio eza momentuko edo epe luzeko estrategia den hurrengo hilabeteek esango dute, baita egoera animikoak azken emaitzan noraino eragingo duen ere.
Askotan esan izan da azken denboran gure lurraldeko iritzi publikoa gehiago bizi dela Madrileko testuinguru politikoak esango duenaren zain, gure gertuko testuinguruan gertatzen denera begira baino. Isabel Díaz Ayusoren inguruko edozein albistek zeresan gehiago sortzen du gurean, gertuko beste zenbait gertakarik baino. Argudio honek pisu garrantzitsua izan zuen hauteskundeak apirilean izateko erabakian, europar hauteskundeen haizeak honekin guztiarekin nahastuko zituelakoan. Baina aste honetan bertan aldagai berri bat etorri da pertza astintzera: Katalunia. Kataluniako hauteskundeen deialdiak gure agenda mediatikoa mugituko du ziur; hala izango al da, era berean, hautagaien estrategian?
Futbolaz ari garela, aspaldian esan omen zuen norbaitek futbola hamaika jokalarik beste hamaikaren aurka jokatzen zuten kirola zela, eta beti Alemaniak irabazten zuela. Hala izango ote da hauteskunde hauetan ere? Alemaniak irabazten jarraituko al du? Balioko ote du esamoldeak? Momentuz, inoiz baino irekiago dago eszenatokia, baina baita inoiz baino lasaiago ere. Hauteskunde emaitzek zer esango duten, hilabete barru jakingo dugu. Futbolean, borboitarren kopa behintzat gureek irabazi dezatela. Realeko neskak badira, oraindik hobeto. l
Leave a Reply