Berrian argitaratutako artikulua (2024/06/23)
Asteburua iristearekin batera emango diogu hasiera udako jaien zikloari. Sanjoanetan hasi eta iraileko sanmigelak bitarte ez dira gutxi izango herri batean zein bestean jai giroan sartuta euforiak eramanda biziko direnak. Halaber, ez dira gutxi izango uda giro honetan ere muturrak jaten ibiliko direnak. Elkarren artean asko, udako pasioak lagunduta; platerean beste hainbat, horrekin konformatu beharrekoak. Muturrak disfrutatzeko modurik onena da hau, inongo zalantzarik gabe.
Baina oraingoan muturrak albiste badira, ez da udako giroak ekarriko dituenengatik, udaberriko hauteskunde giroak ekarri dizkigunengatik baizik. Udako giroan muturrak elkarri jatea zinez gozagarria da. Udaberriko hauteskunde giroan eskuin muturrarekin gertatutakoa ikustea (eta baita pairatzea ere) benetan kezkagarria. Orain dela mende luze baino gehiago, Europan zehar zebilen mamu bat aipatzen zuten askok. Orain mamua beste bat da, baina Europan zehar dabiltzan haizeek kezka sortzen dute han eta hemen, gure lurraldetik bertatik hasita.
Fronte Nazionala lehen indarra izan da Ipar Euskal Herrian. Immigrazioaren kontrako diskurtsoa hauspotuta hasi zenak beste hainbat arlo ere hartu ditu gaur egun. Alderdi tradizionalen prestigioaren galerak eta mezu populisten gailentzeak toki asko utzi dizkiote errealitate honi. Harriduraz ikusi dugula esan genezake, baina ez litzateke analisi egokia izango. Aspaldian indarra hartzen ari zen fenomenoa zen hau eta oraingo honetan eztanda egin du. Ez da toki bakarra. Gauza bera gertatu da Herbehereetan, Alemanian eta, zer esanik ez, Italian. Eskuin muturraren presentzia ez da dagoeneko hauteskunde bakan batzuetan gertatu den anekdota bat. Europa osoan zehar (eta baita mundu zabalean ere) hedatu den logika bat da, esplikazio sinpleetatik harago, hurrengo urteetan guregan eragin zuzena izango duena.
Asko dira, hala ere, Hegoaldea irla bat dela pentsatzen dutenak. Moderazioaren lur hauetan muturrek espaziorik ez dutela pentsatzen dutenak. Urtetako dinamikek eskuine(ta)ko erradikalizazioei joko zelairik utziko ez dietela defendatzen dutenak. Spoiler: oker daude.
Eskuin muturraren diskurtsoek oinarri nagusi bat dute Europan: immigrazioaren gaineko beldurra. Besteak eta gu logika klasikoaren gainean delinkuentziaren erabilerak beldurra izaten du azken emaitza. Erraza da besteak edozeren errudun jotzea gu orokortuarekiko ezberdinak badira janzkeran, hizkuntzan, edo baita azalaren kolorean ere. Gure gizarte oraindik homogeneo honek azkar bilatzen ditu erantzuleak dibertsitatearen irakurketa antzuan. Era berean, erraza da gure ongizatea auzitan jarriko dutenak edozer gauzaren errudun jotzea, hau auzitan jartzen ez badute ere. Garai batean ongizatearen lorpena helburu progresista bat bazen, egun, argudio kontserbadore bihurtuta, immigrazioaren kontrako hauspo garrantzitsu bihurtuta dago.
«Kontuz, kanpotik datozen horiek lapurtzera datoz». «Kontuz, kanpotik datozen horiek gure bizitza estiloarekin amaitzera datoz». «Kontuz, kanpotik datozen horiek deseroso egiten dute gure egunerokoa». Ostrukaren moduan burua lur azpian sartuta bizi ez bagara behintzat, ziur naiz esaldi hauek denok entzun ditugula gure auzo eta herrietan. Ez da arraroa testuinguru askotan behin baino gehiagotan horrelakoak (edo are okerragoak ere) entzutea. Erabat transbertsalak diren posizioak dira, alderdi guztietako boto-emaileen artean, baita adin ezberdinetako pertsonen artean ere entzun daitezkeenak. Ez da nonbaiten fokatuta topatu dezakegun zerbait, baina egon badago.
Zergatik orduan eskuin muturrak ez du oraindik bere espazio propioa eraiki Hegoaldean? Zergatik Iparraldean lehen indarra izan dena ia anekdotikoa da Hegoaldean?
Zalantzarik ez dago; Hego Euskal Herriko alderdi sistemak (bai EAEn eta bai Nafarroan) badu berezko legitimitatea. Alderdiak, hauen atxikipena, krisian daude, baina hori guztia ez da oraindik puntu kritiko batera iritsi. Gerta al daiteke, hala ere, momenturen batean Aliança Catalanamodukoren bat sortzea gurean? Posible da, eta honek, aurreko puntuetan esandako guztiarekin bat egingo luke. Gurean dauden diskurtso horiei guztiei batasuna emango lieke Euskal Herrian espazio propioa izan dezakeen ideologia abertzale edo independentziazale baten baitan. Momentuz, hala ere, ez dirudi hau gertatzeko bidean dagoenik, eta bertako alderdiek ez dute inondik ere diskurtso hori babesten. Momentuz, diskurtso horiek gure herri eta auzoetan entzungo ditugu ondorio handiegirik gabe.
Muturrak ezinbestekoak omen dira edozein posizioren eraikuntzan. Gerra hotzean marraztu ziren muturrei esker eraiki zuten demokrazia kristauak eta sozialdemokraziak Ongizate Estatuari forma eman zion adostasuna. Muturreko posizio erradikalak, era berean, ezinbestekoak dira argudiaketa zorrotzak eraikitzeko, eta aukera asko ematen dituzte norabide egokiak bilatu ahal izateko. Europak bizi duen arazoa, hala ere, oreka arazoa da. Edo, hobe esanda, desoreka arazoa. Indarra duen muturra bakarra baita: eskuinekoa. Eta honek politika guztiak apur bat eskuinera biratzea dakar, Europa mailan, baina baita estatu eta lurralde bakoitzean ere. Garai zalantzatiak datoz politika publikoen formulaziorako, gizarte politiken formulaziorako, kutsu soziala izan dezakeen edozein neurri hartu ahal izateko. Oso adi jarraitzeko mugimenduak izango dira, Hegoaldean lehendakaria izendatu berritan, eta Iparraldean, datozen hauteskundeek ematen dutenaren esperoan. Eskuin muturraren garaia ote?
Bitarte horretan, hasieran esan bezala, herrietako festak. Hemen ere, modu batean edo bestean, mutur bakarrarekin, jai!
Leave a Reply