Gure unibertsitateko hainbat jakintza-arlotako irakasle eta ikerlariek parte hartuko dute Euskal Herrian erreferente den topaketa honetan, gizarte eta lurralde kohesioa bultzatzeko ekimen berriak bultzatzeko.
Prentsa-kabinetea (2024/09/16).
2024ko urriaren 2, 3 eta 4an Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresua izango da Gasteizko Europa Biltzar Jauregian. Kongresu honen izenburua “Elkartzen gaituena / Lo que nos une / Ce qui nous rassemble” da, eta hain zuzen ere Euskal Herriaren jendartearen eta lurraldearen kohesioa hobetzeko Herri Itun baterako proposamenak egin nahi ditu. Azken urteotako Eusko Ikaskuntzaren ikerketa-ildoetan egindako hausnarketa eta ikerketetatik abiatuta, konponbideak bilatzen eta aurrean ditugun aldaketa eta erronkei aurre egiteko proposamen egokiak formulatzen lagundu nahi du.
Kongresua hiru ardatz nagusietan egituratua egongo da, bakoitzari egun bat eskainiko zaiolarik: eredu sozio-ekonomikoa eta ongizatearen gizartea lehen egunean; jendartea bigarrenean; eta lurraldetasuna hirugarrenean.
Felix Arrieta Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzietako Fakultateko dekanordea kongresuko batzorde zientifikoko kide da, eta kongresuko hiru egunetan Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikerlarien partehartze nabarmena izango da hitzaldi eta mahai inguruetan. Lehen egunean DBSko Leire Gartziak lanaren etorkizuna eta ongizate-politikak izango ditu hizpide, eta Orkestrako Edurne Magrok eta Mercedes Oleagak transizioaren kostu eta iraunkortasunaren inguruko gaiak. Bigarren egunean, Gizarte eta Giza Zientzietako Fakultateko Jone Gorigolzarri irakasleak euskara eta euskal nortasunari buruz hitz egingo du; eta hirugarrenean fakultate bereko Ion Muñoa irakasleak herri txikien iraunkortasunari buruz.
Leave a Reply