Hasteko, bereizi egin behar da online hezkuntza eta urrutiko premiazko irakaskuntza. Covid-19ak larrialdi egoera sortu du eta horrek eskatu du hezkuntza erakundeek egoera horretan berehalako erantzuna eman beharra. Premiazko erantzunak dira. Egungo egoeran bideragarrienak direlako hautatzen dira, aurrez aurreko irakaskuntzari jarraipena eman ahal izateko.

Hau EZ da online hezkuntza. Online hezkuntza hasieratik diseinatu eta planifikatzen da, modalitate horretan oso-osorik eskaintzeko. Online irakasleak hilabeteetan prestatu dira online irakas-ikaskuntza estrategia bat sortu eta zehazteko, profil jakin bateko ikasleei zuzenduta. Aproposko programa bat garatzen dute ikaslearen jardunean eta behar diren baliabide eta material lagungarriak diseinatzen dituzte. 

Online hezkuntzaren esparruan hamarkadetan garatutako ikerketa eta esperientzia oso baliagarriak izan daitezke urrutiko premiazko irakaskuntza garatzeko. Hona hemen laburturik ideia batzuk urrutiko irakaskuntza horretarako erreferentziazko baliagarri izan daitezkeenak.

1. Antolatu, berrantolatu eta lehenetsi

Dagoeneko aldaketak eginda izango dituzu hasierako plangintzan, testuinguru berrira egokitzeko. Gaur egungo esperientziarekin, garrantzizkoa da plangintza hori beste begi batzuekin berrikustea. Testuinguru berri honetan, kontua ez da aurrez aurreko klasea bideokonferentziaz erreplikatzea. Aurrez aurreko irakaskuntzako denboraren banaketa aldatu egiten da, baita eginbeharreko lanak eta ekiteko modua ere. Horrek guztiak erronka bat planteatzen digu: gure ikasleen dedikazioko denbora eta lana ez gehitzea. Horretarako, komenigarria da irakasgaiaren plangintza berrikustea eta konprobatzea, zein baliabide (jarduera, eduki, bideokonferentziako saio) mantendu aukeratzeko eta burutzeko erarik onena zein den aztertzeko.  

Ondoren planteatzen diren galdera batzuek lagungarri izan dakizkizuke: 

  • Zein jarduera egin behar dira era sinkronikoan, bideokonferentzia bidez? Zein ez? 
  • Azalpen teoriko batzuen lekuan bideoak eta/edo talde txikietan egiteko jarduerak planteatu ditzaket?
  • Bideokonferentziek laguntzen dute taldeko parte hartzea, elkarreragina, zalantzak argitzea, azalpenak argitzea, etab. errazten? 
  • Bideokonferentziarik ez dugun egunetan, badituzte ikasleek egin behar dutenaren inguruko jarraibide argiak? Eskura jarri dizkiegu beharrezko baliabideak? Harremanetan gaude ikasleekin eraren batera?
  • Uste duzu irakasgaiaren plangintzan aurreikusitako gai guztiak jorratu ahal izango dituzuea? Hala izango ez bada, zeintzuk izango lirateke garrantzirik gutxienekoak?

2. Aztertu ikasleen lan-karga

Gure programan egiten ditugun doikuntzek aldaketak ekarriko dituzte ikasleen lan-kargan. Adibidez, eskolan aurrez aurre talde txikietan egiteko aurreikusita genuen jarduera bat urrutiko irakaskuntzan foro asinkroniko batera aldatzen badugu, egun batzuetan zabalik utzi beharko genuke, ikasleek parte hartzeko modua izan dezaten. Eztabaida modu berri horrek laneko denbora gehiago eskatzen dio ikasleari, ikaskideen aurreko ekarpenak irakurri, erlazionatu eta bere postura edo argudioa defenditu beharko dituelako, datu edo erreferentzia berriak emanez. Azken batean, dinamika horrek lagundu egingo dio ikasleari ikasitakoa aztertzen, hausnartzen, laburbiltzen, aplikatzen eta sendotzen, baina nabarmen gehituko ditu laneko eta ikasteko denbora. Horregatik, ondo aztertuko beharko da zein kasutan merezi duen eta egin daitekeen eta zeinetan ez. 

Testuinguru berri honetan, ez luke zentzurik izango bideokonferentzia saioak mantentzeak gure aurrez aurreko klase guztien ordutegian eta, gainera, zeregin gehiago eransteak. Doikuntza egokiak egin beharko ditugu gure ikasleekin zuzenak izateko eta lehen ematen zuten baino denbora gehiago eman ez dezaten ikasten. 

3. Indartu lankidetza eta elkarreragina ikasleen artean eta ikasleekin.

Elkarreragina funtsezkoa da kalitateko irakaskuntza sendotzeko, bai aurrez aurreko prestakuntzan, bai online prestakuntzan. Urrutiko irakaskuntzan elkarreragina sustatzeko jarduerak eta espazioak bi mailatan bultzatu behar ditugu: ikasleen artean eta ikasleen eta irakaslearen artean. 

  • Ikasleen artean: adibidez, foroen bidezko eztabaida, kasuen ebazpena edo bikoteka egiteko ariketak, bideokonferentzietan lantalde txikiak sortuz edo talde-lana eskatzen duten jarduerak eta lan-dinamikak erabiliz. Horrek guztiak elkarreragina eta ikasleen arteko harremana sustatzen du, lankidetzan eta erantzukizunez jokatzeko modua ematen du, isolamendu sentimendua saihesten du eta hausnarketa bidezko ikaskuntza eta ikaskuntza sendotzea errazten ditu. 
  • Irakaslearen eta ikaslearen artean: irakaslea erraztailea da, ikasleak gidatu eta laguntza eman behar die banaka eta taldeka. Eginkizun hori funtsezkoa da gauden testuinguruan. Horretarako, gomendagarria da kanal batzuk prestatzea zalantzak argitzeko edo galderak egiteko (irakasgaiko foro orokorra) eta epe laburrean erantzuteko; eztabaidarako foroak dinamizatzea; parte hartzen animatzea eta ikasleak zoriontzea; banakako eta taldeko tutoretzako momentuak mantentzea, gure ikasleen esperientziak, zailtasunak eta feedbacka ezagutzeko. 

4. Aukeratu edo sortu ikaskuntzarako baliabideak 

Aurreko puntuetan esaten genuenez, seguru asko, aurrez aurreko modalitaterako pentsatutako programa berrikusi eta aldatu beharra izango zenuen. Aurreko puntuetako premisa eta gomendioak jarraituz, irakasgaian ezinbestean garatu beharreko gaitasunei dagozkien baliabideak baino ez zenituzke jarri behar ikasleen esku. Beste baliabide batzuk argitaratzea erabakitzen baduzu, ikasleentzat osagarri edo lagungarri izan daitezen, argi adierazi aukerakoak direla.

Seguru asko zeure materialak sortuak izango dituzu, bideoak grabatuta aurkezpen baten laguntzaz, erreferentziazko dokumentuak garatuz, etab. Baina gogorarazi nahi dizugu badituzula hezkuntzako baliabide irekiak Interneten. Horretarako, badituzu Ikasteko baliabide irekien biltegiak (OER). Horien artean, hauek nabarmenduko genituzke: https://www.oercommons.org/ edo Canal UNED. 65.000 baliabide baino gehiago dituzte irekian.

5. Jarduerak, funtsezkoak urrutiko hezkuntza inguruan

Jarduerak funtsezkoak dira gaitasunak garatzeko. Jarduera desafiatzaileak, aplikatuak planteatzea, ikasleak egiten duenari zentzua aurkitu diezaion eta haren interesa pizteko baliagarri izango direnak planteatzea lagungarri izango da ikasle horiek “erakartzeko” eta konektatuta mantentzeko, egungoa bezain testuinguru konplexuan.

Urrutiko irakaskuntzarako erabiltzen ditugun baliabideek (plataformak, bideokonferentziek, etab.) testuinguru digitalean honelako jarduerak egiteko modua ematen digute: debateak eta eztabaidak, kasuen ebazpena edo ariketa praktikoak binaka edo talde txikietan egiteko, simulazioak, bilaketako jarduerak, mapa kontzeptualak sortzea, lanak aurkeztea eta feedbacka bideokonferentziaz ematea… 

Jarduera horiek eskatzen dute irakasleak ikasleek horretan emango duten denbora planifikatzea, baita zuzentzeko eta feedbacka emateko beharko den denbora ere. 

Funtsezkoa da jardueren instrukzioak oso argi egotea: emateko datak zehaztuta; egin beharreko jarduerak, instrukzioak eta gomendioak deskribatuta; erabili beharreko baliabideak, ebaluazio irizpideak etab. Oharrak idatziz emateaz gain, jardueraren hasieran denbora eskaini behar zaio instrukzioak ondo azaltzeari, faseak, ebaluazio irizpideak adierazteari bideokonferentzia bidez edo bideoan.

6. Planifikatu bideokonferentzia parte hartzaileak eta dinamikoak

Ikasleek informazio argia izan behar dute noiz izango dituzten klase sinkronikoak bideokonferentzia bidez, zein iraupen izango duten eta zelan sartu daitezkeen bertara. Klaseen maiztasunaren arabera, gogorarazteko ohar bat bidali dakieke aurretik, baita laburpen bat eta ondoren egin beharreko zereginen berri emateko bat ere.

Konektatzeko zailtasunak dituztela adierazi diguten ikasleak baditugu, komenigarria izango da bideokonferentziak grabatzea edo, horren ordez, berariazko baliabideak sortzea konektatu ezina izan duten ikasleentzat.

Bideokonferentziak ez dira aurrez aurreko klasearen erreplika, bestelako plangintza eskatzen dute. Espazio egokia dira ikasleen artean iritziak trukatzeko, taldeko lanak aurkezteko, zalantzak argitzeko, eskatzen diren eginkizunen azalpen zehatzak emateko, bideokonferentzien inguruko taldeko feedbacka emateko, etab. 

Azalpen bat emango baduzu, komeni da estrategia batzuk pentsatzea ikasleek era aktiboan parte hartzeko eta, horrela, interesa mantentzeko. Hona hemen proposamen batzuk:

  • Banatu azalpena 10 minutu inguruko ataletan.
  • Erabili txat bat ikasleen zalantzak kontsultatzeko.
  • Tartekatu edukien azalpena galderekin, zalantzekin edo kasuak planteatzearekin.
  • Eskatu laguntza ikasleei, azaldutakoarekin lotuta dauden kasuak edo ariketa praktikoak planteatzeko.
  • Planteatu taldeka kasu baten irtenbidea, teoriarekin lotuta.
  • Eskatu talde bakoitzari emaitzak labur-labur aurkezteko.
  • Gorde denbora taldeen arteko eztabaidarako.
  • Eskatu, azkenean, laburpen edo ondorioen laburpen bat bidaltzeko.

7. Zelan aurreratzen dute ikasleek? Zelan daude? Jarraipena eta lagun egitea

Online hezkuntzaren arrakastan giltzarri den alderdietariko bat ikaslea lagunduta sentitzea da, hau da, nolabait irakaslea hartaz arduratzen dela nabaritzea. 

Garrantzizkoa da topaketarako espazioak prestatzea, ikasleek entzun egiten zaiela sentitu dezaten, haien kezka edo zailtasunak konpontzen ditugula eta lasaitasuna, animoa eta ilusioa adierazten dizkiegula ikusi dezaten.  Lagun egite hori bideokonferentziaz egin daiteke (banakako eta taldeko tutoretzak) eta foroen bidez (lanak emateko datak gogorarazteko oharrak bidalita, intereseko gaiak partekatuta, etab.). 

Bestalde, plataformak tresnak jartzen dizkigu eskura ikasleen bana-banako jarraipena egiteko: konektatzen dira plataformara? Ematen dituzte lanak? Konektatu gabe denbora daraman ikasle batekin harremanetan jartzea, arazorik duen-edo jakiteko, ikasleak eskertuko duen keinua da eta aldatu egin dezake irakasgaiari heltzeko modua.

8. Ebaluatu ikasi dezaten 

Guk zelan ebaluatu, hala ikasiko dute gure ikasleek. Horregatik oso garrantzizkoa da ebaluazio sistema eta ikasleek garatzea nahi dugun gaitasunak koherenteak izatea.

Etengabeko ebaluazioa aukera bat da ikasleei erronka erakargarriak proposatzeko. Hala, gaitasunak garatuko dituzte eta, gainera, guk ebaluatzeko modua izango dugu.

Horretan, feedbackak funtsezko papera jokatzen du, giltzarri baita gaitasun horiek garatzen laguntzeko orduan.  Hobe da zeregin global zabalago bat eskatzea, tarteko mugarriak dituena, jarduera txiki ugari jartzea baino. Hartara, ikaslea hobetzen joango da jardueran, feedbacka jaso ahala.

Garrantzizkoa da ikasleei oso ohar zehatzak ematea ebaluatuko den zereginari buruz: zergatik da garrantzizkoa? zer egin behar dute? noiz? zer baliabide dute? zelan egingo zaie ebaluazioa? Argi eta garbi adierazi eta partekatu behar dira ikasleekin ebaluazioko irizpideak. Irizpide horiek gida bat dira irakaslearentzat ebaluazioa egiteko, baita ikaslearentzat ere, zeregina egin behar duenerako ere. Batzuetan errubrika edo kontrol-zerrenda batek lagundu diezaguke. Ez dugu ahaztu behar ebaluazioak informazio garrantzizkoa eman behar diola ikasleari hobetzeko.

Garrantzizkoa da kontuan izatea oso egoera berezian gaudela eta agian malgutu egin beharko dugula ebaluazioa (adibidez, salbuespenak egin lanak emateko epean, behar bezala justifikatuta).

Azken ebaluazioko proba bat egiteko asmoa badugu, hobe da kopiatzea zaila izango den jarduera bat pentsatzen ahalegina jartzea, zaintzeko teknologiako geruzak jartzea baino. Kontuan izan behar da, zenbat eta teknologia geruza gehiago jarri, aukera handiagoa dagoela egun horretan ikasle batzuek arazoak izateko eta, seguru asko, penalizatu egingo ditugula merezi ez zuten ikasleak. Ministerioak eta CRUEk eman dituzten jarraibideen artean azpimarratzen da segurtasun neurriek ez dutela zaildu edo ezinezko bihurtu behar ikasleek probak egitea.

Online azterketek kezka eta larritasun handia sortzen dute gure ikasleen artean. Dena ondo joango dela bermatzeko eta haiek lasaiago sentitzeko, funtsezkoa da aurretiaz proba bat edo azterketa simulakro bat egitea, zelan sartu ikusteko, zelako galderak aurkituko dituzten jakiteko edo haientzako alternatibak pentsatzeko.

Azterketan zehar garrantzizkoa da edozein gorabehera tekniko jakinaraztea eta une horretan erregistratuta geratzea (ez kalifikazioa lortu ondoren), ebaluazioari irtenbide edo alternatiba bat aurkitzeko lehenbailehen.

9. Koordinatu eta aurkitu laguntza beste irakasle batzuengan

Beste irakasle batzuekin sarean lan egiteak erantzun hobeak eta koordinatuagoak sortzen lagunduko digu, ikasleei begira. Gainera, elkarri laguntzeko modua ematen digu; bata besteari lagun egitekoa; ideiak, zalantzak, jardunbide egokiak, zailtasunak kontsultatu eta partekatzekoa. Hori programatutako bileren bidez egin daiteke, baita espazio informaletan ere (kafe birtualetan edo online foroetan).

10. Ilusioa giltzarri da

Ikasten ari gara eta gure urrutiko irakaskuntza lana hobetu egingo da egunez egun. Gainera, ikaskuntza horiek guztiek gure irakaslana hobetzen lagunduko digute, aurrez aurreko saioetara itzultzen garenerako. Berritzeko, gauza berriak egiteko eta ikasteko aukera bat da.

recursosdocentes.deusto.es webgunean argibide zehatzagoak aurkituko dituzu puntu hauei guztiei buruz, baita beste baliabide asko ere. DUko irakaslea bazara, gai honen eta urrutiko irakaskuntzarako garrantzitsuak diren beste gai batzuen inguruan antolatutako prestakuntzako hurrengo bideokonferentzien berri ere aurkituko duzu.

The following two tabs change content below.
Avatar

Sonia Arranz y Matxalen Belausteguigoitia

eCampus
Avatar

Latest posts by Sonia Arranz y Matxalen Belausteguigoitia (see all)