Bideokonferentziak garrantzi handiko espazioak dira prestakuntza prozesuetan, bai online irakaskuntzan, bai gaur egungo presentzialtasun egokituko modalitatean. Komunikaziorako espazio sinkronorako aukera emateak jarduera aukera ugari egiteko modua emango du: edukien azalpena, talde-lanak, kasuen ebazpena, zalantzak argitzea, tutoretzak eta laguntza, etab.
Bideokonferentzietan gure ikasleen parte hartze aktiboa lortzea funtsezkoa da arreta mantentzeko eta ikaskuntza prozesuan konpromisoari eusteko. Gaurko postean, alderdi globalak hartuko ditugu aztergai, baliagarri izango baitzaizkigu gure bideokonferentziarako definitu ditugun helburuak eta dinamikak dena delakoak izanda ere.
- Bideokonferentziaren aurretik, egin beti klasearen plangintza zehatza: zelan egituratuko den, zelako jarduerak egingo dituzuen, zelakoa izango den ikasleen parte hartzea, zer baliabide beharko dituzuen…
- Jarri arau argiak saioetarako. Arau horietako batzuk ikasleekin adostu daitezke. Sartu beharreko gaien artean hauek egon daitezke: txataren erabilera, hitz egiteko txanden kudeaketa, mikrofonoa isilean edukitzea hitz egiten ez den bitartean, klasea hasi baino minutu batzuk lehenago konektatzea, gainerako partaideekin errespetuz jokatzea, etab.
- Segurtasunarekin eta pribatutasunarekin lotutako beste arlo batzuk ere jasota geratu daitezke: adibidez, janzkerari dagokionez gutxieneko etiketa bat ezartzea (ez atera pijaman), hondoa edo atzeko aldea (zaindu dezatela pantailan zer ikusten den, hirugarrenek ez dutela parte hartzen ziurtatzea), bilerak grabatuko direnean horren berri ematea, eta azpimarratu grabaketak ezin direla zabaldu (irakaslearen baimenik gabe gizarte sareetan argitaratzea edo zabaltzea debekatuta dago arauz eta, gainera, unibertsitateak jarriko dituen zehapenez gain, ondorio penalak eta administratiboak izan ditzake).
- Jorratuko den gaiari buruzko edo aztertzeko eskatu zaien material baten inguruko inkesta arin batekin hasi dezakezu klasea. Horrek aurretiazko ezaguerak aktibatuko ditu eta ikasleak hasieratik klasean sartuta egotea lortuko dugu. Galdera horietarako, bideokonferentzien plataformak berak edo kanpoko tresnek eskaintzen dituzten aukerak erabili ditzakezu, ALUDen (Moodle) inkesta bat, Google Forms-en inprimaki bat, Kahoot-en saio bat edo antzeko software bat.
- Garrantzitsua da klasea zelakoa izango den aurkeztea, zergatik antolatu den horrela eta zer espero den haiengandik azaltzea.
- Erabili txata ulertzen ari diren jakiteko. Galdetu ahal diezu gaia argi dagoen ala ez eta txatean erantzun dezatela, emotikonoak erabiliz, esaterako. . Erabiltzen duzun aplikazioak emotikonorik sartzeko aukerarik ematen ez badizu, Windows-en tekla eta puntua batera sakatuta (Win + .) lortu ditzakezu. . Beste aukera bat da irakasleak txatean bertan erabili nahi dituen emotikonoak itsastea, ikasleek interesatzen zaien sinboloa/emojia kopiatu eta itsatsi dezaten. Adibidez, irakasleak galdera bat egitean, ❌ , ❔ edo ✅ erantzun ahal izan dezaten.
- Erabili tresna
digitalak, ikasleek beren iritzia partekatu dezaten, adibidez:
- Horma digitalak: ikasleek beren ideiak jarri ahal izango dituzte post-it batean bezala, hitzen hodeiak sortu, etab. Horretarako, Padlet, Jamboard edo Answer Garden erabili ditzakezu.
- Galderak zuzenean egiteko tresnak: bideokonferentziako gaiak aurkeztu ahala, ikasleek erantzun posibleak bozkatu/hautatu behar dituzte. Tresna hauetako batzuek gamifikazioko elementuak dituzte.
- Ahozko galderak egin: arreta mantentzen laguntzen dute eta parte hartzea eta hausnarketa sustatzen dituzte. Egin galderak maiz eta, batzuetan, erabili ikasleen izen batzuk parte hartzea eskatzeko. Garrantzizkoa da, halaber, zalantzak planteatzeko espazioak ere sarritan uztea.
- Erabili talde-gelak: eman instrukzio argiak eta utzi ikasleei azpitaldeetan elkartzen bata bestearekin komentatzeko, eztabaidatzeko eta elkarrekin ataza batean lan egiteko. Azpitalde asko badituzu, haiek sortu ditzakete beren gelak eta zuri gonbita egin, zalantzarik badute argitzeko.
- Erabili pantaila partekatzea edo arbel digital bat partekatzea bezalako baliabideak, baina horrez gain, eskatu ikasleei egiteko, adibidez talde txikian egiten ari diren lana partekatzeko, proiektu bat partekatzeko, etab.
- Saioaren azken minutuetan ariketa edo galde-sorta labur bat betetzeko eskatu diezaiekezu, jorratu diren gaiak ulertu dituzten ikusi dezaten. ALUD-en (Moodle) galde-sorta baten bidez egin daiteke. ALUDen (Moodle) inkesta bat edo Googleren inprimaki bat egin daiteke klaseari buruzko feedbacka lortzeko eta etorkizuneko saioak hobetzeko.
Eta zure kasuan? Zeintzuk dira bideokonferentzietako gakoak? Zuen iruzkinen zain gaude.
Sonia Arranz
Latest posts by Sonia Arranz (see all)
- Bideokonferentzia bidezko klaseetarako gako batzuk - 21 October, 2020
- Printzipio Pedagogikoak Urrutiko Hezkuntzan - 23 January, 2020
- Unibertsitateko Online Irakaskuntza KolaborAktiboa - 30 April, 2019
Leave a Reply