COVIDak mahai gainean jarri dizkigun eztabaida etikoen artean, iristear dagoen txertoaren banaketarena da azkena. Zein irizpiderekin banatu hain baliotsua den ongi hori?
Bi proposamen
Justizia banatzailearen ikuspuntutik, txertoa herrialde desberdinen artean banatzeko «bidezko lehentasun eredua» izendatu duten modelo bat defendatu dute zenbait egilek Science aldizkarian. Xehetasunetan sartu gabe, modeloak balio desberdinak kontuan hartzen ditu —kalteak gutxitu, zahurgarrienei lehentasuna eman, eta inor ez diskriminatu— eta fase desberdinak definitzen ditu herrialde bakoitzaren datuetan oinarrituriko irizpide teknikoak ezarriz. Modelo konplexu honek arazo honen aurrean “txerto-nazionalismoa” gainditu, gizabanakoak erdigunean jarri eta irizpide unibertsalak aplikatzeko modua emango luke. Horrelako ekarpenak behar beharrezkoak dira etika aplikatuaren ikuspegitik benetako justiziak zer eskatuko lukeen uler dezagun.
Munduko Osasun Erakundeak, ordea, bestelako irizpidea proposatu du: herrialde bakoitzari bere populazioaren araberako txerto kopurua ematea. Lehenengo fase batean, herrialde guztien populazioen %20k txertoa jasotzea nahi luke erakundeak, hartara arrisku egoeran dauden gizarte sektoreak babestuz. Planteamendu honen ahulguneak agerikoak dira. Herrialde desberdinetan gaixotasunak izan duen zabalkundea, populazioen ezaugarriak eta COVIDak eragiten dituen kalteak desberdinak dira. Txertoaren bidezko banaketa Estatuen arteko banaketa ekitatibo modura ulertzea ikuspegi eskasa da etikaren aldetik.
Eztabaida teorikoaz haratago
Baina Munduko Osasun Erakundea kritikatu aurretik, kontuan har ditzagun egoera eta testuingurua. Zein da gure gizartean nagusitasun osoa duen instituzio banatzailea? Merkatua, noski. Txertoa (edo txertoak) salgaiak izango dira nazioarteko merkatuan eta Estatuak, erosle. Gaur egun, arriskua, COVIDaren aurkako txertoaren banaketa salerosketaren eta boterearen logikaren arabera gertatzea da. Munduko Osasun Erakundeak sustatzen duen COVAX ekimena merkatu lege horri egiten zaion zuzenketa bat izango da. Hainbat estatuk baliabideak jarriko dituzte herrialde txiroek ere txertoak jaso ditzaten eta txertoaren banaketa Munduko Osasun Erakundearen irizpideetara hurbildu dadin. Baina programa horretan parte hartzeak ez du galarazten estatuek beren aldetik txertoa pilatzea. Europar Batasuna, adibidez, ari da hainbat ekoizle handirekin negoziaketetan.
Munduko Osasun Erakundearen ikuspegitik, COVAX ekimenak erabiliko duen irizpidea da jokoan dagoena, ez justizia banatzaileari buruzko eztabaida teoriko hutsa. Eta merkatuaren oihan basatiaren aurrean banaketa bidezkoagoa aldarrikatzen du bere proposamenak, irizpide nahiko egingarri batekin: herrialde bakoitzari, populazioaren arabera. Horren ordez “bidezko lehentasun eredua” bezalako proposamenek —edo estatuez haratago azken hartzaileak diren gizabanakoen arteko justizia bilatzen duen edozein proposamenek— kudeaketarako gaitasun eta zilegitasun handia exigituko lituzke. Nahiz eta interesgarria eta aproposa izan, nekez lortuko du horrelako ekimen batek estatuen aldetik behar duen babesa. Eta gaur gaurkoz nazioarteko eragile nagusiak estatuak dira. Agian, gaur egungo testuinguruan, Munduko Osasun Erakundearen helburu xumearekin konformatu beharra dago, zertxobait hurbildu gaitezen justizia banatzaile osoago batetara.
Etorkizunera begira
Edonola ere, atera ditzagun krisi honetatik beharrezko irakaspen guztiak: mundu globalizatu honetan —non gizakion mugikortasunagatik birus bat aise planeta guztira zabaltzen den—, nazioarteko gobernantza tresnak behar ditugu baita osasunaren eremuan ere. Mundu mailako arazoentzat konponbide globalak emango dituzten erakunde legitimo, garden eta eraginkorrak aldarrikatzeko arrazoi eta esperientzia berri bat dugu. Eta kontuan har dezagun horrelakorik ez izatearen biktima nagusiak nortzuk diren munduan. Oraingoan ere, irakurle estimatua, zu eta ni ez gaude seguru aski horien artean.