Azken hilabeteotan pairatu dugun egoerak behin baino gehiagotan jarri gaitu arazo etiko larrien aurrean. Artikulu honetan horietako batzuk aipatuko ditut bakoitzari merezi duen tartea eskaini gabe. Irakurleari gonbitea luzatzen diot nire ekarpena irakurri ondoren nik egin ez dudan lana egin dezan komentarioen atalean gogoetan sakonduz, edo besterik gabe nire iritziak diskutituz.
Osasun baliabideak
Dakigunez, ikuspegi etiko eta humano batetik egoera bereziki mingarriak bizi izan dira erietxe eta zaharren egoitza batzuetan. Martxoaren amaieran guztion ahotan izan ziren erietxeetan arnasgailuak eta bestelako baliabide eta tratamenduak banatzeko irizpideak. SEMICYUC elkarteak (Espainian egoera kritikoan dauden gaixoak artatzen dituzten medikuen elkarteak) edo beste antzeko erakundeek ezarritako irizpideen inguruan, gazteak lehenetsi eta adineko pertsonak hiltzen uzten ari zirela iradoki edo salatu zuten batzuek.
Ulergarria da osasun baliabideak banatzeko irizpide horiek gizartean ezinegona hedatzea, egoera zein dramatikoa izatera iritsi zen erakusten baitute: gogorra da katastrofe humanitarioetarako pentsatuak izan diren neurriak gure gizarte aurreratuetan aplikatu behar izatea. Edonola ere, etika arloan aritzen garenoi dagokigu ezarritako irizpideak zentzuzkoak eta arrazoituak zirela azaltzea (diskutigarriak izan daitezkeen ñabardurak gorabehera). Etika banatzailearen ikuspegitik erantzun egoki eta humanoa izan ziren: edonork uler dezake urritasun egoeran hil ala biziko baliabide horiek “iristen lehenari” ematea ez dela erantzun etikoki zorrotza.
Heriotzako orduan
Oso bestelakoa da aldiz heriotza prozesuen kudeaketan bizi izan diren egoera batzuei buruz esan dezakeguna. Ez da orokortua izan, baina jakin badakigu gertatu dela: kutsadurak saihesteko hartu diren neurriek heriotzaren bizipena modu larrian kaltetu dute. Jendea bakarrik hil da, senideen maitasun eta berotasunik gabe. Egoera honek hiltzera doanaren duintasunarentzat suposatzen duen gutxiespena salatzerakoan nekez exageratu daiteke. Larria da ere senitartekoei eragindako kaltea: maite dituztenekin azken hitz eta hartu-emanak galarazterakoan min konponezina eragin zaie haiei ere, dolua ia ezinezko egiteraino kasu batzuetan.
Nire inpresioa da osasun zerbitzuen eremuan ez zegoela gai honetan behar bezalako gogoetarik eginda: inork ez du aztertu horrelako konfinamendu egoeran gaixo larrien akonpainamendua zein irizpiderekin bermatu daitekeen. Ulergarria da hau gertatzea egoera hain berezia izanik. Ondorioz, osasungintzako profesionalen esku geratu dira erabaki zail asko, egiturazko erantzun batek ahalbidetu zitzakeen baliabide eta aukerarik gabe. Gertaturikoak etxeko lan garrantzitsuak uzten dizkigu arlo honetan hurrengorako.
Baliozko bi ongi
Aipatu nahi dudan hirugarren gaia, osasuna bermatzeko neurrien eta ekonomia suspertzeko neurrien arteko dilemarena da. Hain zuzen, eztabaidaren izaera dilematikoa azpimarratzea dagokigula uste dut gainera. Etikako irakasleok esan ohi dugu pertsona batek egin beharreko edozein erabakitan eskura dituen aukerak (a) arrazoibide etikoa erabili; edo (b) etika albo batera utzi eta beste helburu batzuei men egitea baldin badira, pertsona hori ez dagoela dilema etiko baten aurrean, problema etiko huts baten aurrean baizik. Edozein egoera “dilematiko” izan dadin, aukera guztiek izan behar dute neurri batean zuzenak eta neurri batean txarrak. Horixe da dilemaren izaera.
Gatozen berriro osasunaren eta ekonomiaren eztabaidara: batzuek egoera desitxuratu nahi badute ere (“Negozioa osasunaren gainetik jartzen du gobernuak!”), gizartearentzat baliotsuak diren ongiak daude aipaturiko bi neurri mota horien atzean. Enpresak eta jarduera ekonomikoa lehenbailehen martxan jarri nahi izatea ez da —nahitaez— osasun eskubideen kontrako erasoa. Behar bezala eginez gero, ongizate ekonomikoak gizarte osoarentzat duen balioa aintzat hartzeko modua baizik, baita solidaritatea bermatzeko ere. Nire uste apalean, hori ikusten ez duenak kale egiten du bere deliberazio etikoan, balio garrantzitsu bat baztertzen duelako. Ekonomia suspertzearekin batera, noski, jokoan dagoen beste balioa ere kontuan hartu beharko dugu: osasuna. Eta hori egiteko segurtasunaren aldeko neurri eta kontrolak beharko dira, beti ere %100eko segurtasuna ezinezkoa dela aitortuz. Hori da gure agintariek egiten dutena, eta hori da etikaren ikuspegitik eskatu dakiekeena.
Dilema etiko baten aurrean edozein erabaki hartzen duenak kritikatua izateko arriskua izango du. Ez dut honekin esan nahi dilema baten aurrean ez dagoenik erantzun zuzen(ago) edo oker(rago)rik: jokoan dauden printzipio eta balioak behar bezala alderatu behar dira, gure erabakiek izango dituzten ondorioak aurreikusi eta horien inguruko erantzunkizunak onartu. Hori ondo egin daiteke edo gaizki, eta gu guztion eskubide eta betebeharra da kritika egitea. Neuk, bukatzeko, zuhurtzia opa diet agintariei eta ezinbestean egingo dituzten akatsak zuzentzeko umiltasuna. Horra, pandemia garai hauetan, lidergorako bi bertute garrantzitsu.