Memorizatzeko teknikak eta estrategiak
Azterketen garaia hurbiltzen ari da, eta dagoeneko ikasi eta barneratu beharreko informazio asko dugu. Batzuetan, konplexua egiten zaigu hainbeste teoria, datu eta kontzeptu fisiko buruz ikastea eta gogoratzea; baina ezinbestekoa dugu azterketak gainditzeko, eta, gainera, gure memorian konfiantza izan behar dugu, urduritasunak eraginda huts egin ez diezagun.
Apunteen aurrean ordu luzeak ematea eta mila aldiz irakurtzea, askotan ez da nahikoa izaten emaitza onak lortzeko. Irakurri duguna ulertu egin behar dugu, ikasitakoak buruan luzaro irauteko eta behar dugunean informazioa berreskuratzeko gai izateko. Horretarako, buruz ikasteko teknikak oso erabilgarriak dira, gure garunak egin behar duen lana erraztu egiten baitute.
Nola funtzionatzen du gure memoriak?
Memorizatzea prozesu konplexua da; haren bidez, informazio jakin bat gordetzen dugu buruan eta nahita berreskuratzen dugu. Prozesu horrek 3 fase ditu:
- Kodetzea:Lehenengo eta behin, gure garunak informazioa bildu eta kodetu egiten du, biltegiratu ahal izateko. Fase honetan kontzentrazioa eta arreta oso garrantzitsuak dira.
- Biltegiratzea:Gure garunak kodetu duen informazioa gordetzen du, aurrerago erabili ahal izateko. Informazioa eskema edo kategorietan biltegiratzen da, eta informazio berria lehendik dagoenarekin erlazionatzen da.
- Berreskuratzea:Biltegiratu dugun informazioa aurkitzeko eta eskuratzeko aukera ematen digu, hau da, gogoratzeko.
Elementu askok eragiten dute informazioa kodetzeko, gordetzeko eta berreskuratzeko dugun gaitasunean. Jarraian, prozesu hau erraztuko diguten gako batzuk ikusiko ditugu, baita modu eraginkorragoan buruz ikasteko aplika ditzakegun teknika batzuk ere.
Zer egin dezakegu gogoratzeko prozesuak errazteko?
1. Ulertu zer ikasten duzun. Askotan, ulertzen ez dugun informazioa pentsatu gabe errepikatzen dugu. Horrek, askoz denbora gehiago eskatzeaz gain, etorkizunean ez digu balioko, gure lanbideari buruzko ezagutza onik izango ez dugulako eta, ia ziurtasun osoz, ikasitakoa ahaztuta izango dugulako. Garrantzitsua da ulermenezko irakurketak egitea eta irakasgaia ondo ulertzen lagunduko diguten ikasteko teknikak erabiltzea (mapa mentalak, eskemak, etab.).
2. Ikasi era aktiboan. Ikasteko dugun denbora hobeto aprobetxatzeko, garrantzitsua da ikasten hasten garenean modu aktiboan egitea. Zertan datza ikasketa aktiboa? Informazioa irakurri ahala galderak egitean, testua edo apunteak lotuz. Hala eginez gero, adiago egongo gara eta, beraz, informazioa hobeto kodetu eta biltegiratuko dugu. Eta zenbait galdera egin diezazkiokegu geure buruari: zergatik da garrantzitsua hau? Zer garrantzi du ikasten ari naizenari begira? Nola lotzen edo uztartzen da beste irakasgai batzuetan ikasi dudanarekin? Nola konta diezaioket beste norbaiti?
3. Sendotu arreta eta kontzentrazioa. Biak dira funtsezko elementuak gure garunak informazioa kodetzeko eta biltegiratzeko eman behar dituen urratsak egiteko. Gure arreta eta kontzentrazioa hobetzeko, arreta galarazten diguten elementuak saihestu behar ditugu, eta une horretan egiten ari garen zereginean soilik jarri arreta osoa. Era berean, garrantzitsua da atsedenaldiak erregulartasunez egitea. Luzaroan atsedenik hartu gabe ikastea ez da eraginkorra, gure buruak ere denbora behar du deskonektatzeko (5 minutu nahikoa dira, ikasten ematen dugun ordu bakoitzeko, kontzentrazioa ez galtzeko).
4. Lotu aurretiaz dakigunarekin. Gure garuna gai da informazioa gogoratzeko, biltegiratzen dituen datuen eta informazioen artean egiten dituen konexioei esker. Horregatik, garrantzitsua da informazio berria gure garunean dugunarekin lotzea.
5. Gure emozioen garrantzia. Gure aldarteak garrantzi handia du ikasketan eta gure ikaskuntzan. Gure aldartea ona denean, gehiago eta hobeto memorizatzen dugu. Gehienontzat ikastea aspergarria izaten da. Horregatik, ikasten dugunean gozatzen lagunduko diguten estrategiak bilatu beharko ditugu; adibidez, istorio dibertigarriak sortu edo informazioa buruz ikasten lagunduko diguten abestiak egin.
Buruz ikasteko teknikak
Denbora laburragoan eta ahalegin gutxiagorekin buruz ikasten lagundu diezaguketen teknika asko daude. Aurkitu ikasteko materiari eta zure ikasteko moduari (hitzezkoa, bisuala…) begira egokiena dena.
Ahozko memorizazio-teknikak
Arau mnemoteknikoak. Arau mnemoteknikoak hitzen zerrendak, datuen sekuentziak, prozesuak, informazio zerrendak eta abar gogoratu behar ditugunean erabiltzen ditugun sistemak dira. Elementu edo esaldi bakoitzaren inizialekin hitz, akronimo edo esaldi bat osatzean datza teknika. Horrela, edukia errazago buruz ikasi ahal izango dugu, eta gure memorian luzaroago egotea lortuko dugu.
- Adibidea: Demagun 1. taldeko taula periodikoko elementuak ikasi behar ditugula: hidrogenoa (H), litioa (Li), sodioa (Na), potasioa (K), rubidioa (Rb), zesioa (Cs) eta frantzioa (Fr). Esaldi hau osatu ahal izango dugu: Hau Lioa eta Nahasmena! Kaneloiak barik Rabioliak jan ditugu Campusean Fr
- Beste adibide bat: Garuneko zurtoinak bizi-funtzio hauek erregulatzen ditu: bihotz-taupadak, arnasketa, odol-presioa, digestioa, irenstea, botaka egitea. Horiek guztiak gogoratzeko, akronimo bat egingo dugu 8 letrarekin: BTAOPDIB (Bi Tapir Azterka, Ostikadaka eta Puzka Daude Infernuko Baratzean)
Teknika honek bi aldaera ditu: 1. Irakurri duzuna gogoratzerakoan, egin ezazu ozen, beste norbaiti kontatuko bazenio bezala. Horrela, informazioa askoz hobeto atxikiko duzu; 2. Idatzi zure hitzekin gogoratzen duzun informazioa.
Oroitzapenaren teknika. Irakurri berri duzuna gogoratzeko ahalegin kontzientea egitea litzateke. Ikasi beharreko apunteen edo testuaren zati bat irakurri duzunean, kendu aurretik materiala eta saiatu zure hitzekin azaltzen, gogoratzeko eta buruan atxikitzeko gai zarela ziurtatuz. Horrek zure ulermena hobetuko du bigarren irakurketa bat egiten duzunerako, eta testua behin eta berriz irakurtzea baino askoz eraginkorragoa da.
Teknika honek bi aldaera ditu: 1. Irakurri duzuna gogoratzerakoan, egin ezazu ozen, beste norbaiti kontatuko bazenio bezala. Horrela, informazioa askoz hobeto gordeko duzu; 2. Idatzi zure hitzetan gogoratzen duzun informazioa.
Lehen letraren teknika. Oso eraginkorra da testu luzeak hitzez hitz buruz ikasi behar dituzunean, hala nola poemak, konstituzioko artikuluak edo legeak. Teknika hau buruz ikasi nahi duzun testuko hitz bakoitzaren lehen letra apuntatzean eta zentzurik gabeko letren lerro luze bat osatzean datza. Testua alde batera uzten duzunean, lerroa irakurri behar duzu eta jatorrizko testua gogoratzen saiatu, hitz bakoitzaren lehen letra soilik gida hartu. Jatorrizko testua behar duzun guztietan kontsultatu dezakezu, batez ere hasieran, baina egokiena erreferentziako lehenengo letra horiekin bakarrik gogoratzen saiatzea da.
Asmatu istorio bat. Oso testu luzeak dituen jakintzagai bat badugu, istorio labur bat asma dezakegu ikasi behar ditugun kontzeptuekin, eta gogoratu beharreko alderdirik garrantzitsuenak lotu. Gure istorioak buruz ikasi beharreko datuak bilduko dituzten pertsonaiak, egoerak, kokapenak eta ezaugarriak izango ditu. Gainera, gure istorioa dibertigarria edo arraroa bada, askoz hobeto gogoratuko dugu. Teknika horrek azkarrago ikasten eta azterketan ezer ez ahazten lagunduko digu.
Ikusizko memorizazio-teknikak
Zure memoria batez ere bisuala bada, ez izan zalantzarik eta erabili halako teknikak informazioa ikasteko eta memorizatzeko.
Asoziazioen teknika. Asoziazio mentala ikasitako kontzeptuak edo ikaskuntzak kodetzea eta, ondoren, berreskuratzea errazten duen teknika bat da. Horretarako, buruz ikasi beharreko informazioarekin lotzen ditugun irudiak sortzen ditugu gure buruan. Adibidez, migraina buruko mina duen piraña batekin lotuko dugu. Oso sortzaileak izan behar dugu, eta irudiak zenbat eta zentzugabeagoak eta dibertigarriagoak izan, hobe. Erraz gogoratzeko eta ikastea entretenigarriagoa egiteko modu bat da.
Memoriaren jauregia edo Loci metodoa. Memorizatu beharreko informazioa ondo ezagutzen dugun espazio fisiko batekin lotzea da (gure logela, klasea, sukaldea etab.). Objektu batzuk irudikatuko ditugu, edo espazio horrek duen banaketa (atea, leihoak, paperontzia, mahaiak, aulkiak…). Ondoren, lotu memorizatu nahi duzun elementu bakoitza bistaratutako objektu bakoitzarekin. Kokapen horietako bakoitza informazio, irudi edo eszena harrigarriekin aberastu daiteke, gogoratzea errazagoa izateko. Informazioa gogoratu nahi duzunean, bistaratu espazioa (zoaz zure memoriaren jauregira) eta berreskuratu informazioa.
Mapa mentalak. Teknika honek informazioa modu bisualean egituratzen laguntzen digu, eskema itxuran, hobeto memorizatzeko. Kontzeptu nagusi batetik abiatuta, kontzeptu nagusi horri lotutako informazio-adar batzuk sortzen dira. Mapa mentala lantzeko modua garunak informazioa biltegiratzeko orduan egiten dituen loturen oso antzekoa da, eta horrela lana errazten dio. Gainera, memoria bisuala badugu, buruz ikasi eta gogoratu behar dugun informazio guztia ikusiko dugu argazki batean.
Marrazkiak edo infografiak. Marrazkiak, diagramak edo infografiak egin ditzakezu, gaia errazago gogoratzeko. Saia zaitez denbora asko behar ez duten gauza erraz eta dibertigarriak marrazten, eta batu kontzeptu edo ideia desberdinak gezien bidez. Irakurri zure marrazkirako edo infografiarako informazioa ateratzeko erabili duzun testua hainbat aldiz, ipuin bat kontatzen ariko bazina bezala. Gai hori azterketarako gogoratu nahi duzunean, marrazkiaren zati batean bakarrik pentsatu beharko duzu, eta berehala etorriko zaizu burura informazio horrekin zerikusia duen guztia.
Baliabide digitalak:
Infografía: Memorizatzeko teknikak eta estrategiak