Euskonews-en argitaratutako artikulua (19/10/2022)
Uda gehienak informatiboki ahulak izaten omen dira. Sasoi horretan izaten diren albisteei, tradizionalki, udako sugeak deitu izan zaie, udan bai, garrantzia izan badutelako, baina hortik kanpo gutxitan izango liratekeelako albiste. Uda honetan aldiz epe luzean mahai gainean izango diren gaiek bete dituzte titularrak: berotea eta aldaketa klimatikoak, prezioen igoerak eta larrialdi energetikoak. Eta guztiek marraz dezaketen eszenatoki kuasi-apokaliptikoaren gainetik uztaila hasieran Usurbilen UEU eta Jakinen eskutik plazaratzen genuen beste bat: erronka demografikoa eta zaintzen krisia.
Azken bi urtetan, musukoa lagun, gure bizitzetan inoiz ezagutu gabeko pandemia bati aurre egiten egon gara. Honek, zuzenean eragin die gure harremantzeko moduei, elkar begiratzeko moduei eta birtualki konektatzeko aukeraren derrigortasunak, edo askotan sentitu dugun beldurrak kontaktu fisikoa urrutiratu egin du. Zorionez harreman eta elkarrekintza fisikoak berreskuratzen ari garen uda amaiera honetan, denbora honetan ikasitakoaz hausnartzea dagokigu.
Pandemiak, agian harremanek eta kontaktu fisikoak berreskuratu duten garrantzia horrek bultzatua, kontsentsu zabal bat eraiki du zaintza artikulatzearen beharraren inguruan. Azken bi urtetatik elementu positibo bat atera behar izanez gero, hauxe genuke. Askotan entzun genuen itxialdi handiaren garaiean etxetik ateratzean denok solidario, lagun eta ia borobilean ‘Kunbaia’ dantzatzen aterako ginela. Hau ez da pasa, inondik ere. Baina itxialdiak, eta pandemiak orokorrean, agerian jarri zuen orain arte zaintzeko ditugun egiteko moduek, zerbitzuek eta formek pentsaldi bat behar dutela. Baina nola egin hau? Nola jarri martxan aldaketaren norabidea?
Has gaitezen baieztapen argi bat formulatuz: ez dago momentu honetan bere horretan zaintzaz arduratzen den politika publikoen sistemarik. Esaldi hau, horrela formulatuta probokaziotzat har daiteke. Eta halaxe da. Baina bere zentzua duena ondoren datorren azalpenarekin. Tradizionalki ongizate estatuaren zutabeak osatu dituzten sistemek beste helburu batzuk dituzte, beren formulazioan behintzat. Hezkuntza sistemak, pertsonen heziketa eta pentsamendu kritikoaren lanketan jarri du bere begirada. Osasun sistemak pertsonen osasunaren zaintzan eta arazoen prebentzioan. Gizarte segurantzak lan merkatuak sor ditzakeen zailtasun eta segurtasun gabezien konponketan. Eta azkena batu den zutabeak ere, gizarte zerbitzuek osatzen duten laugarren zutabeak, elkarrekintzen hutsuneek sortutako beharretan jarri izan du, eztabaidak eztabaida, bere begirada. Hala ere, gizarte zerbitzuen ardatza beste bat izanik ere, zaintzaz hitz egiterakoan laugarren zutabe honetan jartzen dugu denek normalean begirada, zerbitzu gehien eskaintzen dituena baita. Baina zer gertatzen da gizarte zerbitzuen sisteman? Eta zein aldaketa beharko lirateke zaintza sistema baterako saltoa eman ahal izateko?
Gizarte zerbitzuen sistema erlatiboki gaztea den sistema bat da, azken berrogei urteetan izan dugu bere garapenaren berri. Gainontzekoekin alderatuz beraz, bere erakundetze eta egikaritzea askoz beranduago gertatu da. Eta beranduago gertatu da, era berean, berau oinarrizko eskubide izendatzeko prozesua, hau XXI. mendekoa izaki. Guzti hau kontuan izanda eta guzti honengatik (nahiz eta ez bakarrik) hiritarrek gutxien ezagutzen duten politika publikoen sistema da, gutxien bisualizatzen dena, nahiz eta denei eragingo digun bere ekintzak bizitzaren momenturen batean edo bestean.
Ez ezagutza honek, besteak beste, hainbat erronka jartzen ditu gizarte zerbitzuen sistemaren mahaiaren gainean. Sistemaren irudi eta izenak edo lidergoak sustatu behar duen eztabaida publikoak, hiritarren ezagutzarekin harreman zuzena dute. Zerbitzuak jasotzeko baldintzak, hauen zabaltzeak edo koordinatzearen eztabaidak, unibertsalizazioarekin. Hauek guztiek eragiten dute azken logikaren eraikuntzan: sistemaren legitimazioa. Sistema bati modu diferente askotan dei baitiezaiokegu, baina gizarte legitimazioa lortzen ez duen heinean, ez da politika publikoen sistema bat izango. Eta oraindik ere asko dira gizarte zerbitzuen sistemari horretarako falta zaizkion pausoak, eta asko landu beharrekoa.
Horrela izanik ere, badira gaur egun gizarte zerbitzuetatik abiatuz zaintza sistema bat artikulatzearen bidean sor daitezkeen aukerak.
Lehenengoa, momentua berak determinatzen du. Pandemia ondorengo momentu honetan, ‘normalitatea’ (hala deitu badaiteke) errekuperatzeko bidean gauden honetan, zaintza beste modu batetara artikulatzearen beharrak kontsentsu zabala lortu du agenda politiko eta sozialean. Inork ez du kuestionatzen zaintza beste modu batean artikulatzearen beharra eta kontsentsu honek aurrerapauso nabariak ematea suposa dezake. Kontsentsu orokor honek eztabaidak ekarri ditu ereduen inguruan, edo bakoitzak pertsonalizazioaz uler dezakeenaz, baina albiste ona da beharraren diagnosian adostasun zabala garatu eta izateak.
Bigarrena, erakunde publiko askok martxan jarritako proiektu esperimentalek zoru on bat eman diezaiokete trantsizio hau martxan jartzeari. Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz ekimenaren baitan garatutako Zaintza HerriLab proiektuak bultzada garrantzitsua emango dio toki mailan sistemen arteko eta erakunde publiko eta komunitatearen arteko harremanak artikulatzeko moduak berpentsatzeari. Kolore politiko ezberdinetako udalak (Pasaia, Hernani, Usurbil, Urretxu edo Donostia, besteak beste), Foru Aldundia bera eta elkartegintza eta eragileekin elkarlanean eratu diren dinamikek osatzen dituzte proiektu hauek. Guztiek azpimarratzen dute toki mailak eraldaketa prozesu hauetan izan dezakeen garrantzia. Espazio hauek benetako aukera bihur daitezen ariketa esperimentalak egiturazko bihurtzea izango da hurrengo pausoa.
Hirugarrena, aurrekoarekin oso lotuta, komunitatearen aktibazioa sustatzen duten proiektuak hauspotzen jarraitzea da. Azken urteetan nabari hazi dira komunitatea aktore gisa jokatzen ikusi nahi duten era guztietako proiektuak. Are gehiago, komunitatea sustatu eta indartu nahi duten era guztietako proiektuak. Martin Zuñigak ederki landu bezala, askotan ez dakigu komunitatea errekuperatu nahi den imajinarioa den, edo lortu beharreko ideala. Baina argi dago, lantzen ari diren proiektu guztiak ikusita, politika publikoekin izan dezakeen osagarritasuna lantzeko bideak anitzak eta pluralak izan daitezkeela eta horretarako borondate anitza egon ere badagoela.
Hiru aukera elementu hauetatik abiatuz eman beharko dira benetako zaintza sistema bat eraikitzeko benetako pausoak. Modu progresibo baina etengabean, ezin da egun behar nagusi bat bezala ulertzen dena, kontsentsu zabala jasotzen duena, alboan utzi. Birusak astindutako azken urte hauek lehentasun aldaketa baten aurrean egon gaitezkeela erakusten digute. Ez bakarrik hurkoarekiko zaintza edozein diskurtsoren erdigunean jartzen dugulako. Baita nor gure buruaren zaintza ere lehen mailako ardura bihurtu dugulako. Zaintzak bere baitan dituen bi adieratan izango ditu aldaketak gure bizitzak, honi begiratzeko moduak eta eragiten digunak ere zer esan handia dutelako.
Gure gizartearen erronkak handiak dira. Bizitza itxaropen gero eta luzeagoa dugun honetan ahots batzuek gizartearen zahartze honek negu demografikoa ekar dezakeela adierazten dute. Ez dugu hala ere horrelakorik espero. Zientziaren eta gure bizi ohituren garapenek posible egin duten fenomeno hau albiste positibo bezala ulertu beharra dago. Eta horrela izanik, gure politika publikoak eta gure egiturak eszenatoki berri horretarako prestatu behar ditugu, progresiboki horretarako beharrezko saltoak emanez.
Udak ez omen dira inoiz berri handietarako garaiak izan. Baina udako hausnarketek askotan atea irekitzen diete udazkenean martxan jarri behar diren erabaki handiei. Aldaketa klimatikoak urtaroak dantzan jartzen dizkigun honetan, ez ote dizkigu ere ideietarako gune eta espazioak zalantzan jarriko? Ez ote da uda ere izango, gainontzeko urtaroen gisara, ideia eta aldaketa handietarako tokia?
Deja una respuesta