Deian argitaratutako artikulua (2023/08/30)
Sarritan gure hondartzak algaz beteta agertzen zaizkigu. Udazkenetik aurrera ohikoa bada ere, aurtengo udako itsas denboralek halako paisaiak utzi dizkigute. Barne aldean ere, egun hauetan, Ullibarri-Ganboako urtegia algaz bete da. Asko dira algak zikinkeriatzat edo gauza negatibotzat hartzen dituztenak. Baina algek badute makina bat ondorio positibo ere. Hain zuzen, horrek enplegu berriak sortzeko aukerak eskaintzen ditu.
Dena den, gizartean, oraindik nahiko ezezagunak dira algen ondorio positiboak. Horregatik, komeni da gaiari erreparatzea eta lehenbailehen ekimenak sortzea horien berri emateko.
Esangura horretan, Europar Batasuneko erakundeek hainbat agiri interesgarri argitaratu dituzte. Esaterako, 2022an, Europako Batzordeak Europar Batasuneko alga-sektore sendo eta jasangarrirantz Komunikazioa onetsi zuen, eta Europako Ekonomia eta Gizarte Komiteak horri buruzko Irizpena onetsi zuen iragan apirilean. Bada, agiri horiek oinarri hartuta, hobeto uler daiteke nola sor ditzakeen enplegu berriak alga-sektoreak, betiere, berau behar bezala antolatu eta kudeatzen bada.
Abiapuntu gisa,bizi dugun testuinguruan, algek baliabide berriztagarri bezala duten potentzialtasuna nabarmendu behar da. Egin-eginean ere, munduko populazioaren hazkundeak, baliabideak agortzeak, ingurumen-presioek eta aldaketa klimatikoak halabeharrez eragiten dute elikadura- eta ekonomia-sistemei ikuspuntu desberdinetik heltzea.
Horregatik, ez da harritzekoa Nazio Batuen Munduko Ituna algen iraultzaz mintzatzea. Aintzat hartu behar da algez hitz egitean uretako organismo fotosintetikoen 72.500 espezie inguruz dihardugula. Espezien %20 makroalgak dira, hau da, itsasoan aurkitzen diren tamaina handiko alga multizelularrak. Osterantzekoak mikroalgak dira. Azken horiek modu artifizialean ere landa daitezke eraginkortasunez eta beraien erabilera polibalenteagoa da, nahiz eta ekoizpena garestiagoa izan.
Era berean, 2021-2030 urteetarako Europar Batasuneko akuikultura jasangarri eta lehiakorragorako Jarraibide Estrategikoek azpimarratu dute alga-laborantza sustatzeko premia Europako Itun Berdeko zenbait xede ahalbidetzeko.Zehatzago, esan bide da algak ingurumena errespetatzen duten lehengaia direla eta algak modu sistemikoan ustiatzea bat datorrela hondakinak gutxitzeko oinarrizko printzipioarekin. Beraz, algak, aldi berean dira produktu berde eta urdin. Azken buruan, adierazi da alga-ekoizpena zenbat eta gehiago hazi, hainbat eta fosforo eta nitrogeno gehiago ezabatuko dela itsasoetan, CO2 isuriak gutxituko direla eta lurraren erabileraren gaineko presioa arinduko dela.
Halaber, Europar Batasuneko Batzordearen FoodfromtheOceans txostenak jaso du itsasoko algek potentzialtasuna dutela hurrengo 20 urteetako gizakien elikadura-kontsumorako biomasa-eskariari aurre egiteko. Giza elikaduraren ikuspuntutik, algak koipe-kopuru txikia dute eta zuntz dietetikoetan aberatsak dira. Kaloria gutxiko elikagai ez eze, elikagai osasungarri ere badira. Alga-mota batzuek proteina ugari dute. Baina algek bestelako erabilera batzuk ere izan ditzakete, euren ezaugarri eta osagai biokimikoak direla eta: animalia eta arrainentzako pentsuak, pentsuentzako gehigarriak, farmazia-produktuak, produktu nutrazeutikoak, produktu bioestimulatzaileak, ontzi biologikoak, produktu kosmetiko eta sanitarioak eta bioerregai produktuak. Orobat, hondakin-urak arazteko tratamenduetan erabil daitezke eta ur-ekosistemetako mantenugaiak ezabatzen dituzte, eutrofizazioa murriztuz. Itsasoan landatutako algak arrain eta ornogabe mugikorren espezientzako habitat berri bihur daitezke. Nolanahi ere, Europar Batasunak ohartarazten du itsasoko alga-laborantza hedatzeak ez diola kalterik eragin behar itsas ekosistemen orekari, eta ozeanoetan saihestu behar direla lehorrean historian zehar ingurumenari begira gauzatutako errakuntzak. Halaber, alga batzuk osasunarentzat arriskutsuak dira, metal astun kopuru handiak izateagatik.
Une honetan, Europako itsasoko algen sektorea hastapenetan dago, eta, batik bat, espezie basatiak biltzean datza eta ez horrenbeste algak uretako instalazioetan landatzean. Baina badira sektorea bultzatzeko arrazoiak. Algen askotariko erabilerez gain, kontuan hartu behar da, Asian, azken hamarkadan, algak uretako produkzio osoaren erdia izatera heldu direla, Europar Batasuna dela itsasoko algen inportatzailerik garrantzitsuenetakoa (554 milioi euro 2016an) eta itsasoko algen eskaria Europan 270.000 tonakoa izan zela 2019an. Edonola ere, nahiz eta, gaur egun, gehienbat, itsasoko algak produzitu, behar-beharrezkoa da lehorrean ere mikroalgak produzitzeari ekitea, adibidez, halakoak garrantzitsuak direlako proteina eta lipidoak sortzeko.
Baina alga-sektoreak behar duen bultzada lortzeko badira gainditu beharreko egiturazko arazoak. Halatan, alga-hazkuntzak produkzio-kostu handiak ditu, orain arte eskala txikiko produkzioa baino ez da gauzatu, ezer gutxi ezagutzen da alga-merkatuen, algei dagokienez kontsumitzaileek izan ditzaketen beharrizanen eta algak landatzeak ingurumenean sor ditzakeen arriskuen gainean, eta gobernantza-esparrua zatikatuta dago, Europar Batasunean nahiz estatu-kideetan asko direlako alga-sektorean eragina duten arauak.
Hain justu ere, arazo horiek gainditzeko asmoarekin Europar Batasunak honako hiru helburuak ezarri ditu: alga-produkzio jasangarria, alga-kontsumo segurua eta algekin egindako produktuen erabilera berritzailea gehitzea; alga-laborantza eta -produkzio birsortzailea hedatzea; eta elikadurarako eta beste helburu batzuetarako alga-merkatua garatu eta orokortzea. Helburuok erdiesteko hurrengo lau jardute-esparruak bultzatu nahi dira: algen inguruko gobernantza-esparrua eta legeria hobetzea; enpresen-egoera hobetzen laguntzea; ezaguera-, datu-, teknologia- eta berrikuntza-gabeziak gainditzea; eta kontzientziazio soziala nahiz algak eta algekin egindako produktuak onartzea.
Momentuz, finantzazioa bideratu da bi proiektu gauzatzeko, bata, Europar Batasunean alga-sektore birsortzailea sortzen laguntzeko, eta, bestea, alga-haztegi birsortzaileak instalatzea onesteko. Gainera, abian jarri da algen gaineko interesa duten alderdien Europako elkarlan-plataforma, ikerketa eta berrikuntzarako diru-laguntzen deialdiak egin dira, Europako Itsas eta Arrantza Funtsak eta Erregioak Garatzeko Europako Funtsak inbertsioak egin dituzte alga-sektorean, eta ekonomia urdinarekin zerikusia duten enpresei laguntzeko edozenbat mekanismo baliatu dira.
Etorkizunera begira, finantzazio-mekanismo berriak sortzeko asmoa dago, gehienbat, algak ekoizteko. Horretarako, enpresa txiki eta ertain berritzaileei laguntza bereziak eman nahi zaizkie, algen merkatuaren gaineko informazioa hobeto erabiliz, inbertitzaileen gaitasunak indartuz potentzial handiko enpresa eta teknologietan inbertitu dezaten, jasangarritasun-gaietan prestakuntza eskainiz, eta enpresen arteko lankidetza azkartzeko laguntza teknikoa emanez. Horrez gain, arrantzaleek euren lanbidea alga-sektorera bideratzea sustatu eta diruz lagunduko da horretarako beren-beregi sortutako proiektu-pilotuen bidez. Ikerketari dagokionez ere, badira edozenbat asmo. Batetik, ikerketa oinarrizko/estrategikoak eta aplikatuak finantzatu nahi dira alga-hazkuntzaren maila guztietan. Bestetik, Europan sistema itxi eta erdiitxietan bakarrik lor daitekeenez algen kalitate fidagarri eta errendimendu handia, eta horretarako ugalketa-material garbia behar denez, industria-sistemetan produzitzea errentagarri ez dena, behar-beharrezkoa da alga-ugalketarako material-bankuak sortzea, horien funtzionamendua finantzatzea eta bermatzea lehengaiak prezio arrazoitsuetan eskuragarri izango direla alga-ekoizleentzako eta I+G proiektuetarako.
Bestalde, algekin egindako produktuak etiketatze ekologikoaren eta kontratazio publiko ekologikoaren esparruetara bildu nahi dira.
Bien bitartean, Europar Batasuneko Batzordeak estatu-kideei eskatu die euren estatu-nahiz erregio-esparruak antolatzeko planetan alga-laborantza jasotzea, aintzat hartuta itsas esparrua antolatzeko Zuzentarauak xedatutakoa, garapen jasangarria sustatu eta itsasoan sektore desberdinak izatea bultzatzeko, bai eta lizentziak emateko prozedurak eta algak landatzeko gobernantza sinplifikatzea ere.
Batzordeak uste du bioekonomia urdinaren sektorea ezagutarazteko beharrezkoa dela hezkuntza-maila desberdinetan gai hori jorratzea, telebistako sukaldaritza-programetan algak erabiltzea eta gaiari buruz eskuorriak prestatu, prentsa-artikuluak argitaratu eta sare sozialetan kanpainak egitea.
Hurrean ere, algek izan ditzaketen erabilera guztiak kontuan hartuta, alga-sektoreak enplegua berriak sortzeko potentzial handia du. Behar bezala garatuz gero, uste da 2030erako 85.000 lanpostu sor daitezkeela Europar Batasunean. Hala ere, Europako Ekonomia eta Gizarte Komiteak gogorarazi bezala, sor daitezkeen enplegu berri horiek lan-baldintza duinak izan behar dituzte, eta, batez ere, ondo ordaindu behar dira. Horretarako, ezinbestekoa da Europar Batasuneko Itun Urdina abian jartzeko gaitasun bereziak sortzea eta prestakuntzan inbertitzea.
Deja una respuesta