Europako argibideez eta Espainiako arautegiaz harago, onetsi daitekeen Estatutuak hainbat aldaketa ekar ditzake praktikak egingo dituztenentzat. Gizarte Segurantzan ere aldaketak datoz
Enpresabidean argitaratutako artikulua (2023/08/31)
Badator ikasturte berria eta zalantzak daude unibertsitateetako eta lanbide-heziketako ikasleek praktikak egitean izango dituzten lan-baldintzen inguruan. Orain arte bezala jarraituko dute? Aurreko legealdian onetsi gabe geratu zen Estatutua indarrean jarriko duen Gobernua eratuko al da Espainian? Nolanahi ere, ikasle horientzako berrikuntzak aplikatuko dira Gizarte Segurantzan 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera.
Praktiketako ikasleak: Europako jarraibideak
Praktiketako ikasleak definitzeko interesgarria da kontuan hartzea 2023ko uztailaren 14an Europar Batasuneko Parlamentuak emandako Ebazpena, Batzordeari zuzendutako gomendioak jaso dituena, Europar Batasunean kalitateko praktikaldiak izan daitezen. Bada, Ebazpen hori baliagarri da, erakusten duelako gai horretan estatu-kideetako arauek nondik jo beharko luketen.
Ebazpenak aipatu dituen praktikaldi-mota guztietatik hezkuntza-kualifikazioak eskuratzekoak izango lirateke aintzat hartu beharrekoak aztergai ditugun praktikei dagokienez. Horiei erreparatzeko orduan ezinbestekoa da Ebazpenean zehar Parlamentuak Batzordeari egindako hiru eskakizun nagusiak kontuan hartzea.
Praktiketako ikasleak definitzeko interesgarria da kontuan hartzea 2023ko uztailaren 14an Europar Batasuneko Parlamentuak emandako Ebazpena
Lehenengo eskaeraren arabera, Kontseiluaren 2014ko Gomendioa, praktikaldientzako kalitateko esparruari buruzkoa, eguneratu eta indartu beharko litzateke, baita lerrun handiagoko arau bihurtu ere.
Gogoratu behar da 2014ko Gomendioarentzat funtsezkoa dela gazteei laguntzea hezkuntza-sistematik lan-mundura igarotzeko bidean, lan-merkatuan izan ditzaketen aukerak areagotzeko. Halaber, beren-beregi aitortu zuen kalitateko praktikaldien garrantzia lan-munduan sartzeko. Haatik, Gomendio horrek bere aplikazio-esparrutik at utzi zuen hezkuntza-arloko ikasketa-planetara bildutako praktika oro.
Gogoratu behar da 2014ko Gomendioarentzat funtsezkoa dela gazteei laguntzea hezkuntza-sistematik lan-mundura igarotzeko bidean, lan-merkatuan izan ditzaketen aukerak areagotzeko
Bigarren eskaeraren arabera, kalitateko praktikaldiei buruzko Zuzentaraua onetsi beharko litzateke. Ildo horretatik, Zuzentarau-proposamena jaso du Gomendioak I. eranskinean. Hala ere, ikasketa-planetara bildutako praktikak arauketa horretatik kanpo utzi dira. Izan ere, lan-kontratua baliatuz gauzatzen diren praktikaldiak arautuko lituzke Zuzentarau horrek.
Hirugarren eskaeraren arabera, praktikaldientzako kalitateko esparruari buruzko Erabakia onetsi beharko litzateke. Bada, Erabaki horrek arautuko lituzke hezkuntza-titulazioak eskuratzeko ikasleek gauzatu beharreko praktikak. Hala ondorioztatzen da Gomendioak II. eranskinean jasotako Erabaki-proposamenetik.
Hezkuntza-kualifikazioak lortzeko praktikaldien helburua da ikasleei eskaintzea lanean oinarritutako ikaskuntza-esperientzia, jakitate akademikoak esperientzia praktikoarekin osatuz
Hain justu, Erabaki-proposamen horretan jaso dira praktika horien helburu eta ezaugarriak. Halatan, hezkuntza-kualifikazioak lortzeko praktikaldien helburua da ikasleei eskaintzea lanean oinarritutako ikaskuntza-esperientzia, jakitate akademikoak esperientzia praktikoarekin osatuz, euren intereseko lanbide-esparruak aurkitzeko aukera emanez eta laneratzeko gaitasuna hobetuz.
Hitzarmena eta helburu didaktiko partekatuak
Ezaugarriei dagokienez, praktikaldiek oinarri izan behar dute ikaslearen eta praktikak egiteko erakundearen artean egindako hitzarmena. Idatziz egin beharreko hitzarmen horretara bildu behar dira helburu didaktikoak, prestakuntza-baldintzak, ikaslearentzako konpentsazio ekonomiko egokia, alderdien eskubide eta betebeharrak, eta praktikaldiaren iraupena.
Helburu didaktikoak batera finkatu behar dituzte praktiketako ikasleak, praktikak egiteko erakundeak eta hezkuntza-zentroak. Edu horretan, praktikaldian zehar ikasleari eratxikitako zereginek ahalbidetu behar dute helburu horiek erdiestea.
Praktikak egiteko erakundeek ikasle bakoitzarentzako tutorea izendatu behar dute, gidari gisa jardun dezan
Praktikak egiteko erakundeek ikasle bakoitzarentzako tutorea izendatu behar dute, gidari gisa jardun dezan, eratxikitako zereginetan, zeregin horiei jarraipena egitean eta praktikaldian zehar gauzatutako ebaluazioetan.
Praktiketako lan-baldintzei dagokienez, ikasleei aitortu zaizkie, besteak beste, gizarte-babesa gaixotasunei eta istripuei dagokienez, lan-denbora mugatzea, eguneko eta asteko atsedenaldiak, oporrak, telelanerako eskubideak, ordezkaritza izateko eskubidea, prestakuntzaren ordutegia eta iraupena bateragarriak izatea ikasketa-planarekin horiek aldi berean bat egiten dutenean, bizimoduaren kostuaren araberako konpentsazio ekonomikoa izateko eskubidea eta lan-ikuskatzailetzak esku hartzea praktikak euren helburuetatik urrundu izana eta praktiketako ikasleen lan-baldintza eskasak salatzeko.
Praktikaldiak, gehienez ere, 6 hilabeteko iraupena izan behar du, praktikaldi batzuei begira ezar daitezkeen salbuespenak gorabehera
Praktikaldiak, gehienez ere, 6 hilabeteko iraupena izan behar du, praktikaldi batzuei begira ezar daitezkeen salbuespenak gorabehera. Era berean, inguru zaurgarrietatik datozen pertsonentzako, horien artean direla desgaitasuna dutenak ere, praktikaldiak sustatu behar dira. Gainera, lantokiak egokitu behar dira desgaitasuna duten ikasleek praktikak egin ahal izateko.
Praktikaldiak amaitzean ikasleei ziurtagiria luzatu behar zaie, eskuratu dituzten jakitate, gaitasun eta trebetasunak aitortuz.
Estatu-kideek euren funtsak ez ezik, Europar Batasuneko funtsak […] ere balia ditzakete Erabakiak ezarritako baldintzak betetzen dituzten erakundeei laguntzeko
Estatu-kideek euren funtsak ez ezik, Europar Batasuneko funtsak, hala nola Europako Plus Funts Soziala, Erregioak Garatzeko Europako Funtsa eta Errekuperazio eta Erresilientzia Mekanismoa, ere balia ditzakete Erabakiak ezarritako baldintzak betetzen dituzten erakundeei laguntzeko.
Bukatzeko, Erabaki-proposamen horrek gogorarazten du ikasketa-arloko praktikaldiak behar bezala arautu ezean, praktikak egiteko erakunde askok ikasleak balia ditzaketela langile merke edo ordaindu gabeko langile gisa.
Espainiako arautegia
2021-2027 Gazte Bermea Plus Planak aurreikusitako Estatutua onetsi arte, Espainian hainbat arauketa izango dira indarrean ikasketei lotutako praktiken esparruan.
Horrela, 592/2014 Errege Dekretuak unibertsitateko ikasleen kanpoko praktikak arautu ditu. Kanpoko praktikak curriculumaren barrukoak edo kanpokoak izan daitezke. Praktika horiek gauza daitezke unibertsitatean bertan nahiz erakunde laguntzaileetan, hala nola, enpresetan, erakundeetan eta antolakunde publiko edo pribatuetan, estatuan nahiz nazioarte-mailan. Kanpoko praktiken prestakuntza-izaera kontuan hartuta, horiek gauzatzeagatik ez dira inola ere sortuko lan-harremanei datxezkien betebeharrak, eta praktiken edukiak ezin izango ditu ordeztu lanpostuei datxezkien lan-prestazioak.
Kanpoko praktikak gauzatzeko, unibertsitateek edo, hala denean, praktikak kudeatzeko erakundeek, unibertsitateei lotuta egongo direnek, hezkuntza-lankidetzako hitzarmenak egingo dituzte erakunde laguntzaileekin
Kanpoko praktikak gauzatzeko, unibertsitateek edo, hala denean, praktikak kudeatzeko erakundeek, unibertsitateei lotuta egongo direnek, hezkuntza-lankidetzako hitzarmenak egingo dituzte erakunde laguntzaileekin. Hitzarmen horiek ezarriko dute ikasleen, erakunde laguntzailearen, unibertsitatearen eta, hala denean, unibertsitateari lotuta dagoen erakunde kudeatzailearen arteko harremanen arauketa. Hitzarmenean nahitaez jaso beharreko oinarrizko hizpaketen artean daude, hala denean, aseguruak hitzartzeko eta ordaintzeko arauketa, hala istripuena, nola erantzukizun zibilarena, edo baliokidea den finantza-bermea, eta ikaslearentzako ikasketa-poltsa edo -laguntza, baita hori ordaintzeko modua ere. Gizarte Segurantzaren ikuspuntutik, praktika horiek, ikasketa-planetara biltzen direnez gero, eskolako gizarte-aseguruen arauketaren mende daude.
Bestalde, ikasleek unibertsitatearekin edo lanbide-heziketako zentroarekin duten elkarlanaren ondoriozko praktikak daude. Praktika horien xedea da ikasleek prestakuntza osagarria eskuratzea, ikasleek euren ikasketa-zentroetan erabili ohi dituzten ikasketa-zerbitzuetakoren batean jardunez. Horregatik, halako praktikak egiteko oinarrizko betekizunak dira titulu ofizialak lortzeko irakaskuntzetan matrikulatuta egotea eta esparru edo espezialitate bakoitzean ezarritako baldintzak betetzea. Halako praktiken inguruko arauketa orokorrik ez dagoenez, kontuan hartu behar dira deialdi bakoitzaren baldintzak. Gizarte Segurantzaren ikuspuntutik, 1493/2011 Errege Dekretua aplikatu behar da, praktikok egiten dituzten ikasleak Araubide Orokorrera bilduz inorentzako langileekin berdinetsita, baina langabeziagatiko babesik gabe.
Gizarte Segurantzaren ikuspuntutik, 1493/2011 Errege Dekretua aplikatu behar da, praktikok egiten dituzten ikasleak Araubide Orokorrera bilduz inorentzako langileekin berdinetsita, baina langabeziagatiko babesik gabe.
Orobat, unibertsitateko edo lanbide-heziketako ikasketak bukatu dituzten ikasleek lan-izaerarik gabeko praktikak egin ditzakete, 1543/2011 Errege Dekretuak xedatutakoarekin bat etorriz. Halakoei ere 1493/2011 Errege Dekretua aplikatu behar zaie Gizarte Segurantzaren ondoreetarako.
Laburbilduz, praktikaldi horiek guztiak lan-izaerarik gabekoak dira. Horrenbestez, argiro bereizi behar dira Langileen Estatutuko prestakuntza eta inorentzako lan ordaindua txandakatzen dituen lan-kontratutik (hots, prestakuntza dualeko lan-kontratutik) eta lanbide-praktika eskuratzeko prestakuntzarako lan-kontratutik.
Onetsi daitekeen Estatutua
32/2021 Errege Dekretuaren bigarren Xedapen Gehigarriak ezarritakoa bete gabe dago oraindik, ez delako onetsi bertan aurreikusitako Estatutua, enpresetan lan-izaerarik gabeko prestakuntza praktikoa gauzatzen duten pertsonena. Lan Ministerioak eta CCOO nahiz UGT sindikatuek ekainaren 15ean adostu zuten testua, ordezkaritzarik handieneko enpresaburuen erakundeen eta Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziaren babesik gabe. Horrez gain, hauteskundeak deitzearen ondorioz legealdia amaitzen zegoen une horretan, arrazoi desberdinenak tarteko, Ministroen Kontseiluan Estatutua onartzeko babes nahikorik ere ez zen lortu.
Dena den, baliteke Espainian era daitekeen Gobernu berriak Estatutu hori onestea Errege Lege-dekretu bidez. Onetsi gabe geratu zen Estatutu hori bat dator Europako jarraibideekin eta zenbait kasutan haratago ere badoa, baldintza hobeak ezarri dituelako praktiketako ikasleentzako. Azter dezagun, bada, Estatutu horrek araututakoa.
Onetsi gabe geratu zen Estatutu hori bat dator Europako jarraibideekin eta zenbait kasutan haratago ere badoa, baldintza hobeak ezarri dituelako praktiketako ikasleentzako
Estatutuak zehatz-mehatz zehaztu ditu bere aplikazio-esparrura bildutako praktikak. Praktika horiek egin ahal izango dira enpresetan edo horiekin berdinetsitako erakundeetan (sektore publikoko entitateetan eta irabazteko asmorik gabeko entitateetan), 3/2022 Lege Organikoaren arabera Lanbide Prestakuntzaren Sistemako kasuan kasuko heziketa-graduak eskuratzeko; hezkuntza-sistemako arte- eta kirol-irakaskuntzei lotutako prestakuntza izateko; LMGS/283/2018 Aginduak ezarritakoaren arabera Enpleguaren Sistema Nazionaleko prestakuntza-espezialitateetako lan-izaerarik gabeko praktikak egiteko; eta 592/2014 Errege Dekretuak unibertsitatearen esparruan araututako kanpoko praktikak egiteko.
Eztabaida sortu duen puntuetako bat da unibertsitateko kanpoko praktikak modu honetara mugatu izana: curriculumaren barruko praktikek ezin dute kasuan kasuko titulazioaren ECTS kredituen %25 gainditu; curriculumaren kanpoko praktikek ezin dute kasuan kasuko titulazioaren ECTS kredituen %15 gainditu, eta inola ere 480 ordu; unibertsitateetako titulu propioetako ikasketetan egindako praktika guztiek, curriculumaren barrukoek zein kanpokoek, ezin dute kasuan kasuko titulazioaren ECTS kredituen %25 gainditu. Alabaina, gutxienez 60 ECTS kredituko iraupena duten titulu propioek 3 hilabeterainoko praktikak ezartzeko aukera izango dute.
Estatutuak ezabatu egin du ikasketa-esparrutik kanpo lan-izaerarik gabeko praktikak egiteko edozein aukera. Areago, Estatutuak araututako kasuetatik at egindako praktikek lan-harremanak sortuko dituzte
Modu horretara, Estatutuak ezabatu egin du ikasketa-esparrutik kanpo lan-izaerarik gabeko praktikak egiteko edozein aukera. Areago, Estatutuak araututako kasuetatik at egindako praktikek lan-harremanak sortuko dituzte, horren aldeko iuris et de iure erako presuntzioa ezarri baita. Beste horrenbeste uste izango da ikasleak gauzatutako jarduerak inorentzako langile baten egikizunak ordezten dituenean edo ikasleak enpresan gauzatzen duen jarduera bat ez datorrenean praktiken prestakuntza-planarekin.
Prestakuntza praktikoa bermatzeko, berebat, ezarri da ikasleek ez dutela ezer ordaindu behar praktikok egiteagatik. Halaber, enpresek ahaleginak egin behar dituzte gizon- eta emakume-kopuru antzekoa egon dadin praktikak egiteko sailetan. Beraz, praktiketako ikasleak hartzeko orduan irizpide hori kontuan hartu beharko da.
Estatutuak lankidetza-akordio edo -hitzarmenaren eta banakako prestakuntza-planaren garrantzia nabarmendu du. Halatan, izaera praktikoko prestakuntza-jarduerak ikasketa-zentroaren eta praktikak egiteko erakundearen arteko lankidetza-akordio edo -hitzarmenean bakarrik oinarri daitezke. Gainera, Estatutuan akordio edo hitzarmen horiek jaso beharreko gutxieneko edukia zehaztu da. Bestalde, praktikaldian zehar ikasleei eratxikitako zereginak bat etorri behar dira banakako prestakuntza-planean jasotako prestakuntza-edukiarekin. Horregatik, plan horren ezaugarriak ere zehaztu dira.
Estatutuak lankidetza-akordio edo -hitzarmenaren eta banakako prestakuntza-planaren garrantzia nabarmendu du. Halatan, izaera praktikoko prestakuntza-jarduerak ikasketa-zentroaren eta praktikak egiteko erakundearen arteko lankidetza-akordio edo -hitzarmenean bakarrik oinarri daitezke
Estatutuak dioena bete dadin bermatzeko neurri egokiak dira, baita ere, Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Ikuskatzailetzaren esku-hartzea arautzea eta Estatutuak ezarritakoa haustegatiko zehapen bereziak arautzea, 5/2000 Legegintzazko Errege Dekretua aldaraziz.
Estatutuak alderdien eskubide eta betebeharrak ere arautu ditu. Ikasleen eskubideen artean honako hauek nabarmendu behar dira: gastuengatiko konpentsazioa (hala nola, joan-etorrien eta mantenuaren gastuei aurre egiteko), salbu eta gastu horiei aurre egiteko beka edo laguntzak daudenean edo enpresak baliabideak ezarri dituenean; enpresako langileei aplikagarri zaien arautegia aplikatzea, lan-denbora mugatzeari eta atsedenaldiak izateari dagokienez; prestakuntza-jarduerak gaueko ordutegian edo txandaka egiteko debekua, salbu eta praktiketako jarduerak hala eskatzen duenean; enpresan gauzatu beharreko prestakuntza praktikoak bermatzea berau ikasketa-zentroko prestakuntza-jarduerarekin bateragarri izatea, baita, hala denean, lan-jarduerarekin ere, Langileen Estatutuaren 23. artikuluak ezarritakoari kalterik egin gabe azken kasu horretan; enpresan absente izatea medikuarengana joateko; praktikaldia etetea prestakuntza praktikoa eragozten duen istripu edo gaixotasuna izateagatik edo zaintza-arrazoiengatik; lantokiko langileek balia ditzaketen zerbitzu guztiak baliatzea; lan-arriskuak prebenitzeko arautegia aplikatzea Estatutuak ezarritakoaren arabera; indarkeriaren eta jazarpenaren aurkako babesa izatea eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako neurri guztiak aplikatzea; 2/2023 Legearen araberako babesa izatea, lege horrek xedatutako arau-hausteak salatzeagatik.
Tutore bakoitzak aldi berean bost ikasle izango ditu gehienez ere. Baina 30 langile baino gutxiagoko lantokietan ikasle horiek hiru izango dira gehienez
Enpresek tutoreak ezarri behar dituzte ikasleei lagundu eta jarraipena egiteko. Tutoreak bere egitekoa behar den moduan gauza dezan hainbat neurri jaso ditu Estatutuak. Konparazio baterako, tutore bakoitzak aldi berean bost ikasle izango ditu gehienez ere. Baina 30 langile baino gutxiagoko lantokietan ikasle horiek hiru izango dira gehienez. Edozein kasutan, enpresa orok hitzar dezake prestakuntza praktikoa bi ikaslerekin, enpresako langile-kopurua kontuan hartu gabe.
Praktikak egingo diren enpresetako langileen ordezkariek orain arte aipatutako guztiaren gaineko informazioa jasotzeko eskubidea izango dute.
Praktiketako ikasleak hartzen dituzten enpresentzako laguntzak arautzea aurreikusi du Estatutuak.
Gizarte Segurantzari dagokionez, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 52. Xedapen Gehigarrian ezarritakora igorri da.
Amaitzeko, praktiketako ikasleak hartzen dituzten enpresentzako laguntzak arautzea aurreikusi du Estatutuak. Gainera, gerogarrenean ikasle horiei lan-kontratuak egiteagatik 1/2023 Errege Lege-dekretuko hobariak izan ditzakete enpresek.
Praktiketako ikasleentzako berrikuntzak Gizarte Segurantzan
2024ko urtarrilaren 1etik aurrera indarrean jarriko da Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 52. Xedapen Gehigarria.
Momentuz, arauketa hori aplikagarri izango zaie soil-soilik unibertsitateetako ikasketei lotutako praktikak eta lanbide-heziketako praktikak (betiere, halakoak erregimen intentsiboan gauzatzen ez badira) egiten dituzten ikasleei.
Ikasle horiek inorentzako langileekin berdinetsita bilduko dira Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrera (baina ez horren baitan dauden sistema berezietara) edo Itsasoko Langileen Araubide Berezira, praktikak ontzietan egiten badira.
Ikasle horiek Gizarte Segurantzako babesa izango dute. Hala ere, ez dute langabeziarengatiko babesik izango
Horrenbestez, ikasle horiek Gizarte Segurantzako babesa izango dute. Hala ere, ez dute langabeziarengatiko babesik izango, eta, praktikak ordaindu gabeak direnean, arrisku arruntek eratorritako aldi baterako ezgaitasunarengatiko babesik ere ez dute izango.
Adingabekoa jaio eta zaintzegatiko prestazioak, haurdunaldi bitarteko arriskuarengatiko prestazioak eta edoskialdi naturalak iraun bitarteko arriskuarengatiko prestazioak Gizarte Segurantzak edo kasuan kasuko Mutuak ordainduko ditu zuzenean.
Ordaindutako praktiken kasuan, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak bete beharko ditu prestakuntza-programa finantzatzen duen erakundeak. Prestakuntza-programa erakunde desberdinek finantzatzen dutenean, betebeharrak bere gain hartuko ditu ikasleari kontraprestazio ekonomikoa ematen dionak.
Ordaindutako praktiken kasuan, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak bete beharko ditu prestakuntza-programa finantzatzen duen erakundeak
Ordaindu gabeko praktiken kasuan, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak bete beharko ditu ikasleak zein enpresa edo erakundetan egin praktikak eta enpresa edo erakunde horrek. Baina baliteke lankidetza-akordio edo -hitzarmenean betebehar hori ikasketa-zentroaren esku uztea.
Kotizazioari dagokionez, Xedapen Gehigarri horrek ezarritako berezitasunak hartu behar dira kontuan.
Bukatzeko aurreikusi da Xedapen Gehigarri horrek ezarritakoa indarrean jarri aurretik horrelako praktikak egin zituzten ikasleei ahalbidetuko zaiela Gizarte Segurantzarekin hitzarmen berezi egitea, euren praktikaldiei dagozkien kotizazioak egin ahal izateko, betiere, praktikaldi hori ez bada 5 urtetik gorakoa.
Deja una respuesta