El Diario Vasco-n argitaratutako aldizkaria (12/09/2023) | Begoña del Teso.
Ohiko, usadiozko irrati tradizional, klasiko batean egiten du lan, hainbat saiotako erredakzioan, lokuzioan eta gidaritzan. Baina Deuston komunikazioan eta Sevillako Loyola Unibertsitatean gaur egungo eta biharko transmedia hedabideetan gradudun honek badu ziento bat entzulerekin eta Jon K. Sanchez konplizearekin partekaturiko lau haizeetara zabaltzen den sekretua: Orlegia Irratia eta bertatik hedatzen diren soinu fikzioak. Euskaraz. Maiz.
– Zergatik?
– Zergatik zer?
– Zergatik nahiago ‘lokutore’ hitza ‘esatari’ baino.
– Zergatik bai.
– Erantzun primerakoa baino oso motz. Sakondu, arren.
– Justu hori gertatzen zait niri, ‘esatari’ motz, labur, estu, estuegi geratzen zait. Aditu orduko, mikrofonoaren aurrean den gizakia irudikatzen duzu. Lerro zuzen batean. Zuzen eta hertsian. Beharbada ez da azalpen egokiena baina ‘lokutorea’ nahiago joko anitzetarako aukera, parada, beta ematen didalako. Nik, lokuzioak egiten ditut. Ez bakarrik nire lantokian baizik eta pribatu mailan eta hainbat eremutan. Esparru komertzialak, industrialak, iragarkiak, zinemarako, ikus-entzumenezko ekimenetan, sorkuntzan. Grabaketa estudioa daukat etxean. Eta horrek frogatzen du ez naizela soil soilik esataria…
– Zergatik?
– Teknikarik ez dagoelako kristalaren bestaldetik. Egiari zor, kristalik ere ez dago. Ni nauzu lokutore, teknika arduradun, musika jartzaile, soinu-sortzaile. Ni naiz naizena. Eta hauexek nire bitartekoak: mikro bat, soinu-txartela eta kablea.
– Arranopola. Ez al zenuen ba besterik behar Bradburyren ‘Gabon kanta’ airean jartzeko? Zoragarria izan zen eta hor dago entzungai zure soinu fikzioetan.
– Irudimena ezinbestekoa zen/da. Baita entzuleen aldetik ere. Eta jolas egiteko grina. Bai soinuekin, bai euskararekin. Ironia noraezekoa suertatzen zait. Baita kritiko izateko beharra ere. Pentsa Orlegia Irratia albistegi formatuko fikziozko podcast bat dela. Areago, Euskadi protagonista duen ekodistopia. Ez bazara kritikoa, ez bazara ironikoa, ez bazara botere guztien aurrean ez makurtzen saiatzen diren horietakorik, ez baduzu zure entzuleak ere ertzera eraman nahi, alferrik duzu erronka.
– Deusto eta Sevillako Unibertsitateetan jaso zenuena aipatu dugu baina badituzu beste bi ikastetxe markaz kanpoko…
– Bai. Gidoigintza ikasi nuen Larrotxenen eta irrati teknika(k) Altzako Casaresen. Ez ziren ez esperientzia makalak. Eta gainera bertako nire ikaskide eta irakasleekin komunitate polit bat (bi) sortu genuen. Gurean talentua ‘saretu’ egiten d a. Baina ez dakit horren berri ote duten hor goi goian.
– Goi-goi goian? Erakundeetako zeru goietan?
– Horixe nire susmoa, bederen. Ez dakit ba. Nire irudiko, sorkuntza nahi dute bultzatu, sostengatu, hedatu baina altuegi jotzen dute. Izugarrizko proiektuak, izugarrizko ikasketak eta, ahal bada, atzerrian izugarrizko saririk jaso izana behar duzu, maiz, laguntzak zureganatu ahal izateko. Ez dut uste jakitun direnik: talentua bazterretan, iskinetan, etxeetan zehar dago barreiaturik. A, beste kontu bat, adin bereizkeria.
– ???!!!
– Aspaldian ikasi nuen nik nire edadea curriculumetan ez jar-tzen. Nigandik baloratzen zuten oro, derrepentean egiten zuten gutxietsi gazte gaztea nintzela ohartzerakoan. Goraipatzen dute baina gazteon kemena. Diskutsoetan. Ez ordea errealitatean.
– Eta erantzun horretan ez duzu batere ironiarik erabili.
– Ez.
– Gustura egiten duzu lan euskaraz. Zer ematen dizu gure hizkuntzak? Zer exijitu?
– Asko. Alde batetik ahotsarekin jolas egitea laket, oso laket, dut. Zaintzen dut nirea nahiz eta gaupasa geroko ajeak eztarrian nabaritu (mimatuz gero, bere onera dator, ez kezkatu). Bestalde, gustuko dut, gustuko oso, euskararen ezaurragiekin joakatzea.
– Adibidez…
– S,Z, X bereiztu, ondo bereizi. Ergatiboaren K sakon markatu. Kasik, nik uste, dagokion hitzatik separatu, banatu egiten dut duen indarra azpimarratzeko. Euskarak erronka anitz botatzen dio lokutore bati. Esaldi luze batean baldin badira ‘R’ asko saiatzen naiz ni beste era batez esaten edo esaldi bakar hori hiru bihurtu. Badago nire lan horretan oso kontu bitxi bat, lokuzio pribatuei dagokiena …
– Azaldu, mesedez.
– Behin baino gehiagotan, nahiz eta hemengo enpresa batek egindako lan baterako izan, Madrilgo edo Bartzelonako batetik iristen zait enkargua, proposamena.
– Xelebre samar dirudi.
– Ba bai. Izan daiteke komunikazio eza. Izan daiteke gurean den hainbat ofizioko jende prestuaren berri ez izatea. Harira, kanpoko horiek hainbat segundoko lokuzioa eskatzen didate eta nik, maiz, kontu batez konbentzitu behar. hizkuntza bakoitzak bere erritmo eta luzera ditu. Euskarak segundo batzuk gehiago behar ditu. Ez baita gauza bera ‘noventa’ edo ‘larogei eta hamar’ esatea.
Deja una respuesta