Deian argitaratutako artikulua – edizio digitala (2023/12/18)
EUSKADIRA eskualdatu beharreko eskumenen harira, azken aldian asko dira Gizarte Segurantzaz min-tzatzen ari direnak. Hala ere, bada argiro azaldu beharreko edozenbat inguruabar herritarren artean nahasmendurik ez sortzeko.
Orobat, Gizarte Segurantzaz landa, bada zabalagoa den Gizarte Babesa ere. Horregatik, euskal agendari erreparatzean, hobeto litzateke Gizarte-Babesaz hitz egitea, bere baitako beste erakunde batzuei heltzeko, berbarako, Lagun Aro, Borondatezko Gizarte-aurreikuspeneko Erakundeari (EPSV-BGAEri). Izan ere, estatu-mailan gauzatutako arau-eraldaketa batzuen ondorioz, urte batzuk barru arazoak izan daitezke.
Edozein kasutan, euskal agenda aipatzen denean horrek duen esangura zehaztea ere komeni da. Hartara, euskal agendara biltzen dira Espainiako Gorte Nagusietan hartu beharreko erabaki guztietatik Gernikako Estatutuaren arabera dagozkigun eskumenetan eragina izan dezaketen gaiak.
Jakina, estatu osoarentzako onuragarri dena Euskadirentzat ere onuragarri izan daitekeenez, eta, baita alderantziz ere, ernai egon eta arduraz jokatu behar da beti. Etengabe zuzentasunaren, jakintzaren, bikaintasunaren eta guztion onaren hauspo izateko premia dugu nonahi, bide-erakusle eta eredu alegia. Adibidez, arrantza-sektorean, neskatila eta enpakatzaileentzako koefiziente murriztaileak arautzea, zeregin horietan aritutako emakumeek jubilazioa lehenago har dezaten, neurri egokia da. Lorpen handia da, baina badago zer hobetu. Itsasoko Langileen Araubide Berezira bildutako emakume autonomoei ez ezik, koefizienteak inorentzako lan egin duten emakumeei ere aplikatu beharko litzaizkieke, badaudelako inorentzako lan egin duten neskatila edo enpakatzaileak. Bestalde, gaur egungo arauketak Bizkaiko neskatila eta enpakatzaileak baino ez ditu aipatu. Horrenbestez, komenigarri litzateke Bizkaitik haratago, aipatu neurria kostaldeko edozein portutan dihardutenei aplikatzea.
Beste adibide bat: pentsioak igotzeaz hitz egiten denean, ahaztu egiten da pentsio horiek igon arren, igotze horrek eraginik ez duela premia gehien dutenengan, txiroenak direnengan. Arean ere, gutxiengo pentsiora heltzeko lain kotizatu ez dutenen kasuan, pentsioa hobetzeko xedearekin aplikatu daitezkeen osagarriak, gehienez ere, kontribuziorik gabeko prestazioen gehieneko kopuruan jaso daitezke. Horrenbestez, nahi den beste igo daiteke kasuan kasuko pentsioa, baina gutxieneko pentsiora heltzeko osagarriak berriro kontribuzio bidezko bihurtzen ez diren bitartean, egoera kaskarrenean dauden pentsiodunek inoiz ezin izango dute baliatu pentsio-igoera.
Zinez, guretik irten gabe ere, baditugu erronkak, hala nola, lehentasunezko EPSV-BGAEak sektore guztietan hedatzea edota langabezian dauden pertsonak nahiz RGI-DSBEa kobra-tzen dutenak behar bezala laneratzeko helburuarekin gizarte-ekonomiako erakundeak hobeto baliatzea, Bermatutako Lanaren erakundearen ildotik abiatu eta kalitatezko enplegu osoaren printzipioa egia bihurtzeko, pertsona aktibo, aske eta sortzaileen herrialdea izan gaitezen.
Baina heldu diezaiogun euskal agendari, horren esangura hertsian, eta, zehatzago, Gizarte Segurantzari, kalterik egin gabe etorkizunean gainerako gaiak jorratzeari.
Gernikako Estatutuaren arabera, Euskadiri dagokio Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren kudeaketa. Estatutua onetsi zenetik 44 urte igaro ondoren, eskumen hori eskualdatu gabe dago. Beraz, EAJ-PNVk eta PSOEk sinatutako akordioaren arabera, eskumen hori ere eskualdatu beharko litzaiguke adostutako epean.
Baina zer da Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren kudeaketa? Agian, hobeto da zer ez den azaltzen hastea. Bada, kudeaketa hori ez da Euskadin Gizarte Segurantza propioa sortzea. Beraz, euskal herritarrok lasai egon gaitezke, euskal erakundeek ez dutelako inolako zulorik sortuko, ezta arriskuan jarriko herritarrok prestazioak jasotzeko aukera ere. Bestela esanda, gaur egun dagoen Gizarte Segurantzako Sistemaren barruan jarraituko genuke, inolako apurketarik eragin gabe. Alabaina, adi egon beharra dago, zuloa Sistemak berak duelako, kontribuzio bidezko prestazioek azken ordainsariei begira izan ohi duten ordezpen-tasa altua murriztuz joango delako Espainiako Gobernuaren aurreikuspenen arabera, 2070ean %41era jaitsi arte, gaur egungo %85etik. Hortik bada, aurrena, Madrilen Gizarte Segurantzaren lege-eraldaketak gauzatzean zur jokatzeko premia, eta, hurrena, gurean lehentasunezko EPSV-BGAEak sektore guztietan hedatzeko premia.
Behin ñabardura hori eginda, goazen arazoaren muinera, pausoz pauso.
1. Gizarte Segurantza estatuaren eta Euskadiren artean partekatutako eskumena da. Gure eskumen eta ahalmenak mugatuak dira, baina baditugu. Estatuak eskumen esklusiboa du Gizarte Segurantzako oinarrizko legeriari dagokionez. Kontua da Gizarte Segurantzan oinarrizko gisa hartzen dena ia-ia guztia: Sistemaren aplikazio-esparrua, kokatze-egin-tzak, babes-ekintza eta araubide ekonomikoa. Gainera, estatuak oinarrizkoa dena legez nahiz erregelamenduz zehatz dezakeenez, ezerezean geratzen da Euskadik beste esparru eta gai batzuetan oinarrizko legeria abiapuntu gauzatu ohi duen lege-garapen eta betearazpena.
Akaso, posible litzateke batasun-, solidaritate- eta berdintasun-printzipioak batera kontuan hartuta, interpretazio zabalagoa egin eta ulertzea oinarrizko legeria estatuko herritar guztientzako gutxieneko araubidea ezartzearen inguruan dabilela eta, ondorenez, posible dela autonomia-erkidegoek gutxieneko araubide hori osatzea. Baina 4/2005 Legeak ezerezean utzi zuen aukera hori kontribuzio bidezko adarrari dagokionez.
2. Nolanahi ere, Konstituzioaren eta Gernikako Estatutuaren arabera Euskadiri dagokio Gizarte Segurantzako zerbitzuak betearaztea. Horrek esan nahi du Euskadiri bere gain har dezakeen eskumenen araberako zerbitzuak baino ezin zaizkiola eskualdatu. Gainera, Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoa betearazteak tratamendu berezia du. Ildo horretatik, aintzat hartu behar da, bateko, Euskadik eskumen esklusiboa duela autogobernuko erakundeak antolatzeko, eta, besteko, Euskadik eskumena duela Gizarte Segurantzari lotutako zerbitzu guztiak antolatu eta administratzeko. Horren ondorioz, Euskadik erakunde propioak sortu ahal izango lituzke, Gizarte Segurantzako zerbitzuak administratzeko, betiere, estatuko oinarrizko legeriak ezarritako edukiak errespetatuta. Hain zuzen, eduki hori errespetatzen dela bermatzeko, estatuari dagokio Euskadiren jardunaren gaineko goi ikuskatzailetza.
3. Konstituzio Auzitegiaren arabera, Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoak araubide ekonomiko-finantzarioari egiten dio erreferentzia. Halaber, Konstituzio Auzitegiak adierazi du gai horren gainean estatuak ahalmen arauemaileaz gain, erabateko eta zuzeneko ahalmena duela Gizarte Segurantzako funtsen gainean. Horrela, gogorarazten du estatuak, dagokion eskumen esklusiboan oinarrituta, Gizarte Segurantzako Sistemaren batasuna bermatu behar duela, eta ez arauketa-batasuna bakarrik. Horrek ateak zarratzen di autonomia-erkidegoetan Gizarte Seguran-tzako politika desberdinak izateko aukerari. Azkenik, Konstituzio Auzitegiaren esanetan, estatuak bermatu behar du solidaritate finan-tzarioaren eta kutxa bakarraren printzipioak eragingarri direla. Horregatik, ez da onartzen autonomia-erkidegoek Gizarte Segurantzak sortutako funtsak administratu eta xedatzea.
4. Hala ere, Konstituzio Auzitegiak onartu du autonomia-erkidegoek Sistemako kokatze-egintzak gauzatzea, administrazio-egintza horiek (enpresak inskribatzea, langileak afiliatzea, langileei altak eta bajak ematea) ez dutelako eraginik estatuak dituen ekonomia-ahalmenetan, alegia, zeharo instrumentalak direlako.
5. Konstituzioaren 156.2 artikulua esangura zabalean ulertuz gero, posible litzateke autonomia-erkidegoak estatuaren eskuorde gisa edo horrekin elkarlanean aritzea, Gizarte Segurantzako baliabide ekonomikoei dagokienez. Behin arestian aipatu printzipioak errespetatuta, autonomia-erkidegoen autonomia politikoaren eta finantzarioaren printzipioak ere errespetatu beharko lirateke. Laburbilduz, posible litzateke Euskadik erakunde kudeatzaile propioak sortzea, estatuarenak ordeztuz. Baina Euskadiko erakunde kudeatzaileek estatuko arautegiaren arabera jardun beharko lukete, estatuko erakundeen eskuorde edo laguntzaile gisa. Konstituzio Auzitegiaren esanetan, Euskadiko erakunde kudeatzaileek kotizazioak bildu ahal izango lituzkete, betiere, bildutako guztia modu automatikoan Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian zentralizatutako kutxa bakarrera bideratuko balitz, inolako atxikipenik egin gabe eta estatuko ondare bakarretik banandutako funts propioak eratzeko aukerarik gabe.
Deja una respuesta