Etxetik kanpo oihartzunik izan ez duten emakume anonimoak aztergunean ipintzea da lan honen helburua.
Elixabete Perez Gaztelu eta Leyre Arrieta Alberdi Deustuko Unibertsitateko irakasleek “Sukaldetik agorara. Benita Gorostizu Imaz “emakumeak lurralde ilunetik” irteten” ikerlana aurkeztu dute, euskaraz idatzi duten emakumeak «lurralde ilunetik» argitaratzeko proiektua, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak euskara eta genero berdintasunari buruzko ikerlanak egiteko BERDINTZEN beken babesean.
Lan honen helburu orokorra etxetik kanpo oihartzunik izan ez duten emakume anonimoak aztergunean ipintzea da. Proiekzio publikorik izan ez duten, kultura gaietan nahiz bestelakoetan lekurik izan ez duten, baina sukaldean (zentzu hertsian) axota edota arkatza eta papera hartu, eta hainbat gairen gaineko iritzi-gogoetak, nahiz bestelako sorlanak bere eskuz idazteko zaletasuna izan duten emakumeei beren lekua aitortzea du helburu. Egileek dioten modura: “Gorostizu legez, «lurralde ilunean» emakume gehiago ere egongo direlakoan baikaude. Sukaldean, etxe giroan, euskaraz idatzi zuten emakume ezezagunak eta beren lanak argitara, esparru publikora, «agorara» irteten laguntzeko bitartekoa eskaintzeko asmoa dugu, hortaz.”
Lan hau egitasmo zabal horren lehen urratsa da, «Goierriko emakume baten», Benita Gorostizu Imazen gainekoa, hain zuzen ere. Bere pentsamendua aztertzeko eta ulertzeko, bere unibertsoa konprenitzeko, paradigma interpretatibistatik hurbildu dira egileak, ikuspegi feminista gidari izan dutela. Benita Gorostizu Imaz (Altzaga, 1915-1981) Altzagako Sarasola baserrian jaio zen. Justo Antonio Gorostizu Maiz eta Migela Antonia Imaz Agirre gurasoek izan zituzten zazpi senideetan zaharrena zen.
Ikerketa honetan erantzun nahi izan diren galderak ugariak dira: Nola bizi zuen Benita Gorostizuk emakumea izatea? Nola euskalduna izatea? Zergatik pentsatzen zuen pentsatzen zuen moduan? Nola hautematen zuen bere errealitatea? Zein testuinguru historiko eta sozialetan kokatu behar ditugu Gorostizu eta idatzitako lanak? Zein zen bere banakako egoera eta zein bere sistema kulturala? Zer balio transmititzen ditu/transmititu nahi ditu? Eta nola transmititzen ditu? Zein baliabide linguistiko, estilistikoren bitartez?
Galdera horiei erantzuten saiatzeko, hainbat lan egin dituzte Arrietak eta Perezek, askotariko teknikak erabiliz. Batetik, bere biografia osatu dute. Horretarako, Gorostizuren seme-alabei egindako sakoneko elkarrizketez baliatu izan dira, egilearen testuingurua eta bere kultura- eta balio-sistemari eta egoera pertsonal eta sozialari buruzko datuak jaso nahian. Bestetik, paraleloki, Imazen lanak bildu dituzte, argitaratuak eta eskuizkribuak, eta forma eman eta editatzeaz gain, egileak jorratutako hitzen eta gaien esanahia eta bere idazteko estiloa aztertu dute, baita egilearen idazkien edukia ere.
Zergatik idazten zuen Benita Gorostizuk? Zerk bultzatu zuen baserriko etxekoandre bat, lana besterik ez zuen hamabi seme-alaben ama bat, euskaraz alfabetatu gabe zegoen emakume bat, idaztera eta euskaraz idaztera? Zer kontatu nahi zuen Gorostizuk? Leyrek eta Elixabetek dioten moduan: ”Beste intuizio bat ere izan genuen orduan. Gorostizu ez zela bakarra izango. Egongo dela, bai, ezkutuan edo erdi ezkutuan, sukaldean, idatzi duen beste emakumerik, euskaraz idatzi duen beste emakumerik.”
| Egileei buruz
Elixabete Perez Gaztelu (Errenteria, 1961). Euskal Filologian doktorea, Deustuko Unibertsitateko irakasle titularra da. Egun Euskal Hizkuntza eta kulturako, eta Komunikazioko graduetako irakaslea da. Euskaltzain urgazlea da (2006). Euskararen normalizazioa, estandarizazioa eta biziberritzea (izan) ditu ikergai. Doktore-tesia Koldo Mitxelenaren normalizazio-egitasmoaz egin zuen (1994). Azken urteotan batik bat euskal gazteen hizkuntza-praktika digitalak aztertzen dihardu hainbat proiektutan. Emakume idazle eta bertsolarien biografiak eta lanak eskuratu, ikertu eta plazaratzen ari da. Aipatzekoak dira Joxepa Antoni Aranberri Petriarena berreskuratzeko egindako lanak; besteak beste, Joxepa Antoni Aranberri “Xenpelar” (1865-1943) (2013), “Joxepa Antoni Aranberri bertsolaria, plazandrea feminista?” (2019). Frantziska Astibia errenteriar poeta eta (Liberen) itzultzailea ere aztertu du (“Frantziska Astibia Etxegoien, Onintze, Astitxe. (Gerraurreko) emakume fededun militantea” (2017)). Errenteriako Urdaburu Mendizale Elkarteko emakumeak ere ikertu ditu: “Amandretzatik lehendakaritzara. Urdaburuko emakumeak 1942-2017” (2017).
Leyre Arrieta Alberdi (Mutriku, 1971). Historia Garaikidean doktorea, Deustuko Unibertsitateko irakasle titularra da. Bere irakaskuntza-jarduera Nazioarteko Harremanetako eta Komunikazioko graduetan kontzentratzen da. Bakarka zein taldean, euskal nazionalismoarekin, euskaldunen erbestealdiarekin eta europeismoarekin lotutako gaiak ikertu ditu, baita komunikabideen historiari buruzkoak ere. Beste arlo hauek ere landu ditu: sinbologia musikala, komunikabideek errealitatearen pertzepzioan duten papera eta, oro har, Euskal Herriko historia garaikidea. Bere obra ugarien artean nabarmenenak Europa geltokia. La política europeista del PNV en el exilio (1945-1977) (Tecnos, 2007), F. J. Landabururen La Causa del Pueblo Vasco liburuaren edizio kritikoa (EHU/ UPV, 2017), eta Al servicio de la causa vasca deituriko F. J. Landabururen biografia (Tecnos, 2021). Azken urteotan, euskal nazionalismoan emakumeari emandako paperaz, emakumeak euskal nortasunaren transmisioan egindako lanaz eta Libe euskal heroiaren balio sinbolikoaz ere idatzi du.
Deja una respuesta