Deian argitaratutako artikulua (2024/03/11)
ASKOTARIKOAK izan daitezke begiradak. Badira begirada zintzoak, ez hain zintzoak eta baita zitalak ere. Gera gaitezen begirada zintzoekin.
Begirada zintzoak dira egia oinarri dutenak, egia bilatzen dutenak.
Aspaldi galdetu zuen Pilatok zer den egia. Isiltasuna izan zen gurutziltzatzera kondenatu zuten Jesusen erantzuna. Izan ere, ez zen behar erantzunik. Jesusen bizitza zen erantzuna. Maisuki agindu bakar batean laburbilduta utzi zigun gainera: elkar maita ezazue. Zergatia ere argi utzi zigun: duintasun berberarekin eginak gara guztiok.
Bada, horixe da begirada zintzoek izan beharreko xedea: pertsonek elkar maitatzea: hurkoa errespetatzea, aintzakotzat hartzea, babestea, laguntzea.
Horregatik, gure herri-tradizioari eutsi eta korronte humanista guztietatik Elizaren Doktrina Sozialaren aldeko apustua egin dugunok badakigu gizartea eraldatzeko deia ez dela unean unekoa, konbenientziaren araberakoa edo taktikoa (aldaketa hutsa, alegia), ezpada une oro, kosta ahala kosta, ipar izan beharrekoa. Hain zuzen, egia oinarri, eraldaketak lanabes baino ez dira gizarteak dituen erronkei behar bezala erantzuteko.
Horregatik zuhur jokatu behar da begiradekin. Begiradetatik haratago joan behar da, gogoeta egin eta egiarekin bat egiten duten erabakiak hartzeko.
Begirada zintzoek bakarrik dakarte kontaketa zintzoa. Hortaz, kontaketa zintzorik gabe ez dago eraldaketa zilegirik.
Egia esan, aspalditik lantzen dihardudan gaia da hori. Baina badago lerro hauek idaztera bultzatu nauen gertaera zehatza.
Otsailaren amaieran, Sabino Arana Fundazioak eta Oreki Fundazioak Donostian antolatutako jardunaldian parte hartzeko aukera izan nuen. Trantsizio digital, ekologiko eta sozialen ildotik, herri gisa irauteko ditugun erronkak izan genituen aztergai. Jardunaldiko hizlarien artean izan ziren, hurrenez hurren, Andoni Eizagirre eta Ion Muñoa irakasleak, Mikel Irujo, Nafarroako Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilaria, Zigor Ezpeleta, Mondragoneko Gestio Sozialeko zuzendaria, Iñaki Goiogana historialaria, Patxi Juaristi irakaslea, Ione Ardaiz ikertzailea eta Eider Mendoza, Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusia. Halaber, bertaratutakoen artean lan-taldeak eratu eta mintzaldi interesgarri besteko aberatsa izan genuen.
Bada, jardunaldi horretan jasotako guztitik eta garatutako ideietatik sortu da begirada zintzoen inguruan norberak egindako gogoeta sakonagoa, jarraian azalduko dena.
Gaur egungo munduaren erronkei erantzuteko euskal senaren iturrien bila, etxea aipatu zen, euskal komunitarismoaren jatorri gisa aipatu ere. Etxeak babesa emateaz gain, eskubide eta betebeharretan berdindu zituen gure arbasoak. Gainera, etxeak berez gauzatu ezineko zereginei aurre egiteko, auzokoen arteko lankidetza antolatu zen, hots, auzolana, bai eta anaitasun edo ermandadeek eta kofradiek gauzatutako mutualismoa ere.
Denboran jauzia eginez, XX. mendeko 30eko hamarkadako testuinguruan, gogoratu zen nola Euskadik, orduan munduan bizi zen egoeraren aurrean, erdiko bidearen alde egin zuen, Elizaren Doktrina Sozialak ezarritakoari irmo jarraituz, muturreko liberalismotik eta sozialismotik ihesi. Zinez, Elizaren Doktrina Sozialaren printzipio eta balioak inon ez bezala hasi ziren gauzatzen Euskadin. Horren emaitzak diktadura betean ere antzeman ziren, Arizmendiarrietaren eskutik sortutako kooperatibismoan.
Behin Bigarren Mundu Gerra bukatuta, erdiko bide horren alde egin zutenen postulatuak nagusitu ziren herrialde demokratikoetan. Horren adibide dira Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala, Europako Kontseiluaren sorrera, Europako Erkidegoen sorrera, eta Keynesen ideietan eta Beveridgen planetan oinarritutako politikak. Horren guztiorren emaitza ozen goraipatu behar da: historian lortu den ongizaterik handiena, kapitalismoa ulertzeko modu jakin baten eskutik.
Orain arte esandakoetatik erraz ondoriozta daiteke hurrengoa: komunitate-sena nagusitzen denean herriek aurrera egiten dute. Baina nire ustez badago kontuan hartu beharreko eta batzuetan ahazten den inguruabar bat: komunitate-esperientziak modu arrakastatsuan garatzeko ezinbestekoa da bakea. Gure herriaren historiak horixe erakusten digu.
Alberto Santanaren lan ederrak erakutsi bezala, baserria, babes-gune eta auzolan eta mutualismoaren sorburu gisa, ganboatarren eta oinaztarren arteko borrokak bukatu ostean sortu eta egonkortu zen, XVI. mendearen erdialdetik aurrera. Jon Etxaidek Gorrotoa Lege eleberrian ezin hobeto erakutsi zigun borroka haien eta ororen ondorio latzak, bide batez, Txomin Agirrek bukatzeke utzi zuen asmoa gauzatuz. Artean baziren, ordea, bizitza duinagorako arnas-guneak: hiribilduak.
Bigarren Mundu Gerra osteko ongizatea ere bake-giroaren ondorio izan zen, alegia, gerrek eragindako gehiegikerietatik ihesi desberdinen arteko akordio eta itun sozialen bidez lortutakoa.
Diktadura bukatu, autogobernua berreskuratu eta herritarren borondateari jarraituz Euskal Gobernua eratu zenean, iraganean sustraitutako euskal senari eutsi zitzaion, euskal gizartearen ongizatea helburu izanik.
Garai haietan, ordea, dakigunez, eta historian hala jaso behar denez, batzuek alde bakarrez indarkeriaren alde egin zuten. Urte luzez itsu eta gor jardun zuten, herritarren borondatearen erakusle ziren euskal erakundeei bizkarra emanez, eta justifikaziorik ez duten mina, sufrimendua eta kaltea eragin zuten, Euskadi odolez orbanduz.
Zorionez, arrazoi desberdinak tarteko, garai ilun hori gainditu dugu, eta orain dena hankaz gora jartzearen aldekoak zirenak, desberdin pentsatzen zutenak erail edo pertsegitzearen alde egiten zutenak, enpresaburuei dirua kentzearen alde zeudenak normaltasunez ikusten ditugu horrenbeste kritikatzen zituzten erakundeetan parte hartzen eta erakunde horiek gobernatzeko prest. Badira, gainera, ate birakariak baliatu dituztenak ankerkeriatik sistemara jauzia egiteko, ezer gertatuko izan ez balitz bezala orain sistema horretatik bizitzeko. Inoiz ez da berandu, baina halakoak ezin dira eredu izan. Demokraziaren aldeko apustuak irmoa behar du eta atzera bueltarik gabekoa. Nolanahi ere, bakean, gurean ere posible da desberdin pentsatzen dutenen arteko itun sozialak egitea, guztion ona bilatzeko xedea dutenak, gaur egungo munduak dituen erronkei herri normalizatu bezala erantzuteko.
Begirada zintzoak horren guztiorren gaineko hausnarketa sakona behar du ordea, elkarrenganako gutxieneko konfiantza sortu eta eskutik bide berriei ekin ahal izateko. Urte luzez ereindako gorrotoaren legea zeharo indargabetu behar da, elkarri garbi eta zintzo begiratu ahal izateko, damutasunetik eta barkamenetik, oso-osoko memoria historikotik, inolako amnesiarik izan gabe eta historia berridazteko tentaldirik izan gabe, dena ez delako hemen eta orain hasten.
Begirada zintzo batetik argi dago gure herriak elkarlana behar duela erronka global eta tokian tokikoei aurre egin eta irauteko. Baina elkarlan horretarako, geure-geurea den komunitarismoa lantzeko, gaixorik dugun lurzorua ongitu behar dugu lehendabizi.
Ukaezina da: ongizate integralerako bidean argi-ilunak ditugu. Indibidualismoa, berehalakotasuna, biktimismoa eta har- tzekodun-sentimendua nagusi diren gizartean, askotan normala da pertsona batzuk atsekabetuta sentitzea. Baina ezin dugu jarraitu lan-gatazka eta lan-absentismo gehien duen herria izaten. Bestalde, demokrazian, protestak zilegi dira eta greba oinarrizko eskubidea da, baina horiek inertziaz gauzatu ohi direnean erakundeak jipoitu edota aldez aurretik inork aurreikusi gabeko ezbeharretatik etekinak lortzeko arriskua dago, eta begirada zintzoan horrek guztiorrek autokritika behar du, egoera denontzat irauli ezina bihurtu baino lehen. Autokritika behar duen bezala hain hedatuta dagoen jokabide honek: erakunde pribatu eta azpiegiturak kritikatzea eta gero horiek erreparurik gabe erabiltzea.
Baina gurean badira itxaropenerako berriak ere. Esaterako, azken datuen arabera, Gipuzkoan langabezia-tasa %5ekoa da; babes-soziala Europatik bigarren altuena da Eslovaquiaren ondoren; emakumeek, batez beste, gizonek baino 10 euro inguru gehiago irabazten dutenez ezin da genero-arrakalaz hitz egin orokorrean; salmenta eta esportazioek gora egin dute; eta berrikuntzan ere aurrera egin da. Horiei eutsi, eta autokonplazentzian erori gabe, lanean jarraitu behar da. Datu negatiboa, berriz, hauxe: azken hamar urteetan 18 eta 32 urte bitarteko gazteen ordainsariak ez dira apenas igo. Gazte-arrakala erronka dugu beraz.
Laburbilduz, gizarteko eragile guztiek ahalegin berezia egin behar dute begirada zin-tzoz elkarri begiratu, apaltasunez eta enpatiaz jardun eta herritarron zerbitzura jar- tzeko. Hori da komunitatea egin eta elkarlana bultzatzeko bide bakarra. Orduan ez dira egiatik, elkar maitasunetik, urrun ibiliko. Herritar gisa merezi dugu egia eta zorion hori.
Deja una respuesta