Berrian argitaratutako artikulua (2024/04/20)
Hausnarketa eguna dugu gaur. Ziur naiz legegileak pentsatu zuenean, inongo mezurik gabekoa beharko zuela gaurkoak, herritarrok aurreko egunetan entzun genuen guztiaren inguruan pentsatu, hausnartu eta erabakitzeko aukera izan genezan. Praktikan, gaurko egunez hautagaiak paseatzen, familiarekin edo lagunekin poteoan edo irakurketa lasaian ikusten ditugu, arropa informalagoekin jantzita, baina beste kanpaina ekintza bailiran pentsatuta dauden espazioetan. Praktikan, sare sozialek indarra dutenetik, alderdien periferietako profilek gaur ere mezuak gurutzatzen dituzte, azken egunetan gertatu den gauzaren baten zein bestearen inguruko erreferentziak eginez. Praktikan, inoiz hausnartu al dugu zer edo zer hausnarketa egunean?
Bihartik aurrera, bada, Legebiltzar berria hautatuko dugu. Legebiltzar berriak indar korrelazio berri batek osatutako legegintzaldi berriari emango dio hasiera, eta baita Jaurlaritza berri bati ere. Errealitatea hori bada ere, kanpainan zehar askotan entzun dugu, alde batetik zein bestetik, ziklo berri baten hasieran egon gaitezkeela euskal politikan. Hausnarketa egun hau egokia izan daiteke, ziklo zer den edo zer ez den, ideia batzuk partekatzeko.
Ziklo berri batek aktore politiko berrien parte hartzea eskatzen du. Aktore politiko berri horiek eszenatokia astintzen dute indar politikoen arteko logikak guztiz eraldatzeraino. Adibide gisa, Espainian 2015etik aurrera Podemos eta Ciudadanos alderdien agerpenak esan nahi izan zuena. Bi alderdi horiek Kongresuko (eta hainbat erkidego zein udaletxetako) mapa politikoa astindu zuten. Inkesten arabera bata zein bestea sorpassoa emateko puntuan egon baziren ere, ez zuten lortu. Hamarkada batean emaitza argia da: Ciudadanos desagertua dago, Podemos krisi larrian.
Badago ziklo berri baten hasiera irudikatu dezakeen bigarren elementu bat: agenda politikoan aldaketa garrantzitsuak izatea. Momentu zehatzetan gertatzen den zerbait da hau, baina zenbait momentutan iritzi publikoaren begirada aldatu egiten da eta oso modu ezberdinean begiratzen die ordura arte gizartearen lehentasun izandakoei. Krisi ekonomiko garrantzitsuak agenda aldaketa horien adibide garbia dira. Hori pasatu zen 2008ko krisiaren ondoren eta, zer esanik ez, 2020ko pandemiaren ondoren ere.
Egiturazko aldaketa sakonak martxan jartzeak ere definitzen ditu ziklo politiko berriak. Hirugarren ezaugarritzat har dezakegu hori. Egia da aldaketa sakonak ez direla sarritan gertatzen, baina gertatzen direnean haien oihartzunak ondorio luzeak izan ditzake eta herrialde baten testuinguru politikoa epe luzerako aldatu. Azkenaldian Hego Amerikan geratzen ari direnek itxura horixe daukate. Gogoratu besterik ez dago Txilen gertatutako istiluek, esaterako, Konstituzio erreforma bat abian jarri zutela, nahiz eta ondoren erreforma horiek bozkatu diren bi aldietan ezezkoa nagusitu den.
Gurean, beraz, ziklo berri baten aurrean ote gaude? Biharko emaitzek, norabide batekoak zein bestekoak izan, ziklo aldaketa ekarriko ote dute?
Arestian aipatutako aldagaiei erreparatzen badiegu, ukaezina da aspaldi xamarrean ireki zela ziklo politiko berria Euskal Herrian. Orain dela hamar urte baino gehiago ETA desagertu zenetik, Euskal Herriko agenda politikoak aldaketa nabarmena izan du. Ordura arte egunerokoa baldintzatzen zuten ardatz nazionalaren gaiak bigarren plano batera igaro dira eta gai sozialek hartu dute, nabarmen, eztabaida politikoaren lehen planoa. Hala plazaratzen da DeustoBarometroaren arazoen definizioan, eta atzo ofizialki bukatu zen hauteskunde kanpaina honetan aldaketa hori nabarmena izan da. Baina hala izan zen pandemiak markatutako aurrekoan ere. Eta krisitik ateratzen ari ginela zirudien 2016ko hartan ere. Gai sozialak aspaldian hasi dira presentzia hartzen eta horrek berak bakarrik dagoeneko irudikatu du ziklo aldaketa euskal politikan.
Kanpaina honek, hala ere, berritasunak ekarri dizkigu. Alde batetik, hautagai ia guztien berritzea (Miren Gorrotxategi izan ezik). Hurrengo belaunaldirako saltoa alderdi guztietan modu naturalean (edo ez horrenbeste) gertatu den zerbait izan da. Bestalde, inkestek nabarmendu dute EAJ ez den beste alderdi batek irabaz ditzakeela hauteskundeak, EH Bilduren aukerak azpimarratuz. Gauza batek zein besteak aldaketa nabarmenak ekarri ditu, ekar ditzake, baina sistema beraren logikan txertatzen diren aldaketak dira. Pertsonak alda daitezke, alternantzia izan daiteke, baina ez dira sistema politikoaren zutabeak zalantzan jarriko. Ez dakigu oraindik bihar zer gertatuko den. Baina emaitzetan gertatzen dena gertatzen dela ere, edozein berrikuntzak orain urte batzuk ireki zen ziklo politiko honen aldaera bat ekarriko du. Astelehenetik aurrera gauzak ezberdinak izango dira. Ziur ezberdin ikusiko ditugula, baina agenda sozialaren zikloak bere horretan jarraituko du.
Hausnarketa egunak zentzua galdu duela esan genuen aspaldi. Agian hala da. Edozein modutan, egun luzea dago aurretik, larunbata gainera, erosketa egin, paseatu, lagunekin pote bat hartu edo, zergatik ez, hausnarketarako. Niretzako egun luzea izango da biharkoa; hauteskunde mahaian egotea egokitu zaidalako lehenik, eta Euskadi Irratian egongo naizelako ondoren. Susmoa dut alderdiei, hala ere, luzeagoa egingo zaiela asteburua. Denentzat ere, hautagai gazte zein beteranoentzat, zorte on!
Deja una respuesta