Deian argitaratutako artikulua (2024/10/01)
Urriaren 6an zendu zen Luis Baraiazarra Txertudi karmeldarra, aita Luis. Gaurkoan berau nahi dut gogora ekarri.
Meñakan jaio eta Markina-Xemeingo komentuan egin zituen azken berrogeita hamasei urteak, bizitzako zarata eta erritmo handietatik urrun. Ez zen zalaparta handien zale, ezta lehenengo tokietan ikusiko zenuen horietakoa ere, nahiz eta euskararen munduan bazen norbait. Batik bat, euskarari egindako ekarriarengatik zen ezaguna, baina hor ere apal eta langile nekaezina.
Gaurkoan ere erreparatuko diogu beraren euskal zaletasunari, euskarari egin dion ekarpen eskergari. Alabaina, gauza guztien gainetik, aita Luisen bestelako ezaugarri bat nabarmendu nahiko nuke, haren bizitza eta bizitzeko modua halakorik gabe uler ezin daitekeelakoan: bihotzari eta bihotzetik begiratzeko gaitasuna.
Nabarmendu ez ezik, goraipatu ere nahi dut ezaugarri hori. Goraipatu, gaur egun ez delako ohikoa. Are gehiago, esango nuke bihotzari eta bihotzetik begiratzeko premia dugula.
Hori berori gogorarazi digu Francisco aita santuak, urriaren 24an argitaratu berri duen Dilexit nos edo “maite izan gintuen” gutun-entziklikan.
Eliza ez dago modan eta sarritan pertsegitua ere bada, aintzakotzat hartu gabe hark musu truk eskainitako humanismoa, beste era batera bizitzeko aukera, Luisek hain barnean zeraman hori guztiori.
Horregatik dakart hona Dilexit nos gutun-entziklikaren berri. Egin-eginean ere, ezin hobeto islatzen du aita Luisi egin diezaiokedan omenaldirik onena.
Hurrean ere, gutun-entziklika horretan Frantzisko aita santuak diosku bihotza dela pertsonaren erdigunea, gunerik intimoena, pertsonarengan, gogoa eta gorputza uztartuz, nortasun bakar eta osoa eratzen duena. Dena batzen da bihotzean eta bihotza izan daiteke maitasunaren bizileku, horren osagai espiritual, animiko eta fisiko guztiekin izan ere. Azken buruan, bihotzean maitasuna bada nagusi, pertsonak bete-betean eta argitasunez nortzea lortuko du; izan ere, pertsona bakoitza batez ere maitatzeko sortu da, pertsona maitatzeko eta maitatua izateko eginda baitago oinarri-oinarrian.
Halaber, gutun-entziklika horretan, Frantzisko aita santuak Jesusen Bihotzarenganako debozioa berreskuratzeko beharraz dihardu, hark neurririk gabe maite izan gintuen bezala guk ere elkar maite izateko. Hain zuzen, horren eredu gisa hartu dituenen artean dago Santa Teresa Lisieuxkoa, aita Luisek hainbeste maite eta gogoan izan zuena, haren gaineko bi liburu eder itzultzeraino: Santa Teresa Lisieuxkoaren Idazlan Guztiak (1996, elkarlanean) eta Teresa Lisieuxkoaren Eskuizkribu autobiografikoak (1996, euskaraz-frantsesez).
Bihotzera eta bihotzetik begiratzeko gaitasunari dagokionez, ezin ahatz daiteke Santa Teresa Jesusena. Bada, Eliza Katolikoan, eta batik bat Karmeldarrentzat, hain garrantzitsua izan den emakume handi horri eskaini zizkion aita Luisek beste bi itzulpen eder: Santa Teresa Jesusena, Bizitza Liburua (2012, euskaraz-gaztelaniaz) eta Santa Teresa Jesusenaren Idazlan Guztiak (2016, euskaraz).
Azken liburu horren aurkezpena hunkigarria izan zen, 2016ko martxoaren 16an, Bizkaiko Foru Liburutegian. Benetan lan garrantzitsua eta kontuan hartzekoa, emakume horren ekarpenen berri izateko eta euskara aberasteko ere, morfologiaren eta lexikografiaren ikuspuntutik.
Hain justu, urte bereko abenduaren 1ean, lan horrengatik aita Luisi Espainiako Itzulpengintzako Sari Nagusia eman zioten, bai eta saria eman eta ordu batzuetara kendu ere, ulertzeko gaitzak diren inguruabarrengatik. Edonola ere, sariduna izan ala ez, ezin uka daiteke meritua, baina ez lan horrengatik bakarrik, ezpada, osotasunean, aita Luisek egindako lan guztiarengatik. Zinez, meritu horrekin euskaldunok gara sarituak. Horregatik, hunkigarria izan zen, berebat, beraren sorterriak, Meñakak, egun batzuk gerora, abenduaren 3an, egin zion omenaldia, bertoko liburutegiari bere izena jarriz. Txikian handi esango nuke.
Bai, txikian handi izaten jakin du aita Luisek, bihotzera eta bihotzetik begiratuta, maitasuna egunerokotasunean islatu duelako gurean, euskara izanik horretarako ezinbesteko lanabes edo tresna: euskara- eta bertso-irakasle, idazle oparoa hitz lauez nahiz neurtuez, itzultzaile bikaina, hiztegigintzan langile, hitzaldiak ere ugari, bertso-lehiaketetako epaile…
Azkarregi doan bizitza likido eta azaleko honetan, bat-batekotasunaren kultura nagusi den honetan, bestelako bide horretatik jotzen jakin zuen aita Luisek. Patxadatsu baina etenik gabe aritu zen berean beti, barrura begiratzen jakin izan zuelako.
Askok, aurrez aurre agurtzeko aukerarik ez genuen izan. Irailaren amaiera aldera, urtero legez, Karmel aldizkarian parte hartzen dugunon bilkura eta bazkarian faltan bota genuen. Orduan ez genekien ez genuela gehiago ikusiko. Katarro gogorra harrapatuta zegoela jakin arren, lasai geunden, beste batzuetan bezala gainduko zuelakoan. Baina ez, bizitzak bere bidea du.
Eta bizitzaren bide amaierara helduta, elkar maitatzeko, maitasunean irauteko eskatu zuen aita Luisek, Jaungoikoaren bideari ekiteko, hortik aritzeko beti, jakitun izan arren bide hori ez dela erraza izango, eta horren adibide izanik ospitalean erizainen aurrean ozta-ozta eutsi izana Karmengo eskapularioari ere, Jaungoikorengandik eta Elizarengandik erabat urrundu den gizartean, non eta geure Euskal Herrian.
Nolanahi ere, azken unean ere esanguratsuak izan ziren aita Luisen hitzak.
Ai Luis… esan didatenarengatik, ez omen zenekien -orain jakingo baituzu- hor goian nola kudeatzen diren gauzak, baina promes egin zenuen hango erara ere kudeatuko zenituela hemen kudeatu beharrekoak, guk bihotzera eta bihotzetik begira jardun ahal izateko, euskara eta euskal kulturari eutsita. Promes egin zenuen zainduko gintuzula.
Argi zenuen, bada, maitasun-iturri den Jaungoiko Aita aurrez aurre ikustean zerua izango zela zure bizileku berria. Horregatik joan zinen beldurrik gabe, bakean, maitatzen jakin izan duenaren kontzientzia lasaiarekin. Horregatik, zure azken ametsetan inoiz ikusi gabeko mendi eder eta baketsu batean ikusi zenuen zure burua. Orduantxe konturatu zinen mendi hori zerua zela. Arreba Pilareri kontatu eta joan zinen.
Izan gaitezen, bada, zure antzeko eta jakin dezagun guk ere bihotzera eta bihotzetik begiratzen. Ez da kasualitatea zure hileta-meza zuk beste karmeldar baten hiletan eskainitako bertso honekin amaitu izana:
Hona azkenik hemengo gauzak
ahitu, euriak atertu!
Gero Aitaren ate aurrean
deika zinen hor agertu;
aurrez, jakina, maitasunean
zintuzten ondo aztertu;
santuen lagun izateko zu
jada ikusirik gertu,
betiko aintzan sartzeko haien
lagun zintuzten onartu.
Duda-mudarik gabe zu ere santuen lagun zara jada. Esker onekoak baino ezin dira izan azken hitzak, bidelagun eta bide-erakusle izateagatik. Agur egun handira arte.
Deja una respuesta