Deian argitaratutako artikulua (2024/12/24)
Ezin uka daiteke goragoko mailetan hartzen diren erabakiek baldintzatzen dituztela Euskadiko lan-harremanak. Bestela esanda, gure lan-harremanak globalizazioaren ondorioek baldintzatzen dituzte, mundu-mailan goitik behera ezarri den ereduaren haritik. Horren adibide dira Garapen Jasangarrirako Helburuak eta Lanaren Nazioarteko Erakunderen Hitzarmenak goren mailan, eta, jarraian, guri dagokigunean, Europar Batasunak edo Europako Kontseiluak aldarrikatutako arauak, bai eta Espainiako lan-legeria ere.
Horixe da joko-esparrua. Aitzitik, badago alternatiba: glokalizazioa, hau da, modu globalean pentsatu eta toki-mailan jarduteko gaitasuna.
Aldaketa klimatikoak, teknologia digitalen arrakastak, desberdintasun ekonomikoek, langabeziak, osasun mentaleko arazoek, bereizkeria-mota desberdinek edota immigrazioak behartzen gaituzte ikuspegi globala izatera.
Baina mundu-mailako erronka horiei erantzuteko ezinbestekoa dugu tokian tokiko berrikuntza, enplegua sortu, gaitasunak garatu eta enpresen ekimena sustatzeko.
Gainera gurean erronkak handiagoak dira, batik bat, demografia-arazoak ditugulako eta inork ez duen gizarte-eredua dugulako, izaera unibertsaleko babes soziala eskaintzeraino edozein pertsonari, Euskadin bizitzeagatik bakarrik.
Jakina, horri eusteko tresna indartsua dugu, Ekonomia Ituna. Baina balioetsi behar dugu aberastasuna nola banatzen dugun, zer azpiegitura eta zerbitzu indartu nahi ditugun, XXI. mendearen errealitateari egokitu eta gureak gizarte solidario eta abangoardiakoa izaten jarrai dezan.
Horregatik behar dugu glokalizazioa, ditugun lan-harremanetatik izan ditzakegunetara aurrerapausoak emateko.
Ume sentitu nahiko nuke gaurkoan, eta Olentzarori eskatu glokalizazioa posible egitea gurean. Akaso, Olentzarok irakurriko ditu hemen esandakoak eta behar bezalako entendimentuaz jantzi ahal izango ditu enpresaburuen erakunde eta sindikatuak, elkar ulertu eta guztiontzako onuragarriak izango diren akordioetara heltzeko.
Badoakigu 2024a, eta edozenbat arau-aldaketa eta epai garrantzitsu eman dira, ikuspuntu globaletik kontuan hartu behar ditugunak. Horrenbestez, horiei erreparatuko diegu jarraian. Baina badago gure enpresaburuen erakunde eta sindikatuen esku arau eta epai horiek ezarritakoa gure errealitatera egokitzea, garatzea eta, hala denean, hobetzea. Jakina, beste batzuetan nahitaez errespetatu beharko dira gutxieneko arau gisa goitik emandakoak, baina halakoek distortsioak sortzen dituztenean alternatibak bilatu beharko dira, negoziazioa eta irudimena oinarri.
Ezbairik gabe hori guztiori ahalbidetzeko arau-aldaketarik garrantzitsuena maiatzaren 21eko 2/2024 Errege Lege-dekretuak eragindakoa da. Izan ere, horri esker orain Euskadiko lanbide arteko akordio eta hitzarmenek lehentasuna izan dezakete estatu-mailakoei begira. Alabaina, horretarako ezinbestekoa da enpresaburuen erakundeek eta sindikatuek arau kolektibo horiek akordatzea. Jarraian ikusiko dugun bezala badago zer akordatu.
Administrazio publikoetako aldibaterakotasun handia arazo latza da, egonkortasunik eza dakarrelako. Horren arrazoiak desberdinak izan daitezke, baina nahitaezkoa da kasuan kasuko akordioetara heltzea, etorkizuneko herri-zerbitzarien egitura eta antolakuntza egokiak izan daitezen, gizarteak izango dituen erronkei aurre egiteko.
Esangura horretan, Europar Batasuneko Auzitegiaren (EBAren) 2024ko otsailaren 22ko epaia nabarmendu behar da. Epai horren arabera, aldibaterakotasunak eragindako gehiegikeriak saihesteko, finkoa ez den iraupen mugagabeko kontratua ez da konponbide egokia. Orduan, gehiegikeriak pairatu dituzten enplegatu publikoak zuzen-zuzenean finko bihurtzeaz mintzatu ziren batzuk. Hala ere, hori ukatuz, gure ustez zuzenak diren interpretazioak egin ditu Kataluniako Auzitegi Nagusiak (ANak, irailaren 10eko eta 30eko epaietan, gogoratuz Konstituzioak ezarritako publizitate-, meritu- eta gaitasun-printzipioak nahitaez errespetatu behar direla beti. Aitzitik, horrek ez dio kalterik egiten egonkortze-prozesuetan esperientzia gehien duten hautagaiek abantaila izateari, Galiziako ANren irailaren 20ko epaiak aitortu bezala.
Atzerritik datozkigun pertsonei dagokienez, trafiko- eta trata-delituak dira une honetan arazorik kezkagarrienak, aintzat hartuz sarritan atzerritar horiek mafien biktima izan eta beharrizan-egoeran aurkitzen direla, izugarrizko lan-esplotazioa pairatzeraino. Ildo horretatik, garrantzi handikoa da G20ko Lan eta Enplegu Ministroen uztaileko bileran egindako adierazpena. Bertan adostu zen Administrazio publikoek berehalako neurri eragingarriak hartu behar dituztela derrigorreko lana, esklabotza modernoa eta tratarekin bukatzeko. Baina enpresek ere badute zeresana eginkizun horretan. Horren adibide da abenduaren 12ko 2024/3015 Europar Batasuneko (EBko) Erregelamendua, derrigorreko lanarekin egindako produktuak debekatu dituena EBko merkatuan.
Halaber, EBn atzerritartasun-zuzenbideari dagokionez, gehienbat, maiatzean onartutako Erregelamenduen norainokoa aztertu behar da. Espainian, azaroaren 19ko 1155/2024 Errege Dekretuak atzerritarren gaineko erregelamendu berria onetsi du. Erronka da berrikuntzak dakartzaten arau horiek guztiak koordinatzea eta praktikan jartzea. Dena den, benetako helburua izan behar da estatu tiranoen eta euren mafien aurka borrokatzea, euren herritarrek eskubidea izan dezaten euren herrietan askatasunez garatzeko, bai eta, hala denean, legeriaren arabera Europan sartzeko ere. Hori berori ahalbidetzera dator EBAren abenduaren 19ko epaia, legearen arabera Europan dauden atzerritarrek familia-prestazioak jasotzeko eskubidea bermatzeari buruzkoa.
Teknologia berrien arloan inteligentzia artifizialari (IAri) eta algoritmoei buruzko arau garrantzitsuak onartu dira, hala nola, ekainaren 13ko 2024/1689 EBko Erregelamendua, IAri buruzkoa, Europako Kontseiluko maiatzaren 17ko Esparru Hitzarmena, IAri eta giza eskubide, demokrazia eta Zuzenbideko estatuari buruzkoa, eta urriaren 23ko 2024/2831 EBko Zuzentaraua, plataformetan lan egiten dituztenen lan-baldintzak hobetzekoa. Orain ezinbestekoa da horiek guztiak enpresetan behar bezala aplikatzea. Egin-eginean ere, teknologia berri horiek langileen oinarrizko eskubideak urratzeko ahalmen handia dute. Zinez, izaera pertsonaleko datuak behar bezala erabili behar dira, halakoek eragin dezaketen bereizkeria oro saihestu behar da eta halakoek dakartzaten abantailen erdigunean pertsonak izan behar dute.
Gizarte-babesari begira, argi dago Espainiako Gobernuak Gizarte Segurantza asistentzializatzearen aldeko apustua egin duela, maiatzaren 21eko 2/2024 Errege Lege-dekretuak agertutakoaren arabera. Horren aurrean, komenigarri litzateke enplegu politika aktibo sendoak aktibatzea, gerogarrenean, hala behar izanez gero, langabeziarengatiko prestazio egokiak jaso ahal izateko, betiere, enplegua bermatzeko bestelako aukerarik ez dagoenean.
Aldaketa klimatikoaren ondorioak ere nabarmenak izan dira aurten. Duda-mudarik gabe, Valentziako Danaren ondorioz emandako arauak nabarmendu behar dira (2024/6, 7 eta 8 Errege Lege-Dekretuak, hurrenez hurren, azaroaren 5, 12 eta 28koak). Edonola ere, gogoetarako aukera ematen dute arauok, sarritan enpresen konturako neurriak hartu direlako langileak babesteko, enpresen bideragarritasuna eta ekintzailetza bultzatu beharrean. Trantsizio ekologikoak gurean izan ditzakeen ondorioen adibiderik garbienetakoa Añorgako Cementos Rezolako langileen kasua izan da, langile asko kale gorrian geratzeko zorian izan baitira.
Orobat, hainbat kolektiboren mesedetan onetsitako arauen edo emandako epaien ondorioak aztertu beharko dira. Halakoen artean dira irailaren 10eko 893/2024 Errege Dekretua, etxeko zerbitzariei lan-arriskuen aurreko babesa hedatzekoa; ezgaitasun iraunkorreko egoeran dauden langileak kaleratu aurretik nahitaez euren lanpostuei begira zentzuzko egokitzapenak egiteko betebeharra ezarri duen jurisprudentzia (urtarrilaren 18ko EBAEtik aurrera); eta urriaren 8ko 1026/2024 Errege Dekretua, LGTBI pertsonen aldeko neurriak jaso dituena.
Bukatzeko, kaleratzeak saihesteari dagokionez, Auzitegi Gorenaren bi epai nabarmendu behar dira. Bateko, azaroaren 13koa, argi-ilun gehiegirekin bada ere, aurreikusi duena aurrerantzean diziplinako kaleratzeak gauzatu aurretik ukitutako langilea entzun beharko dela, eta, besteko, abenduaren 19koa, ezarri duena bidegabeko kaleratzeetan auzitegiek ezin dutela legeak ezarritako irizpideetatik kanpo kalte-ordain handiagoak agindu, legegileak esku hartzen ez duen bitartean. Bi kasu horietan, ordea, negoziazio kolektiboak badu zeresana, auzitegiek diotenetik haratago. l
Deja una respuesta