
Deustuko Unibertsitateko Bilboko eta Donostiako campusetan eukaristiak ospatu dira gizon hau gogoratzeko: lider izan nahi ez zuen arren, konpas moral bihurtu zen eta baztertuen bila irten zen, egiturak astinduz eta mugarik gabeko anaitasunerako deia eginez.
Ane Bores | Deustuko Unibertsitateko prentsa bulegoa (2025/05/06)
Deustuko Unibertsitateak apirilaren 21ean batu zen Frantzisko Aita Santuaren galeraren dolura. Jorge Mario Bergoglio SJ, lider ikusi nahi ez zuen jesuita argentinarra, bere 12 urteko aitasantualdian erakutsi zuen beti dagoela poztasunerako, errukirako eta itxaropenerako tartea. Egiturak astindu zituen, koherentziarik eza agerian utzi eta barkamena eskatu zuen Eliza hobeago bat posible dela erakusteko. Nahikoa zen soberakoaz askatzea, behar gehien zutenengana arinago iritsi ahal izateko.
Bergogliok bere izena aukeratu zuen Asisko San Frantziskoren omenez, XIII. mendeko italiar santua, pobrezia, apaltasuna eta sorkuntzarekiko maitasunagatik ezaguna. “Berarentzat, Eliza kanpaina ospitalea zen, errukiaren lekua, zauriak sendatzen ziren tokia, eta ez bere burua babesteko besteak kaltetu zitzakeen gotorlekua”, adierazi zuen Juan José Etxeberria SJ errektoreak apirilaren 29an Bilboko campuseko Kapera Gotikoan ospatutako eukaristian eskainitako homilian.
Bertan, Frantziskok bere bizitza osoan zehar entzun zuen Jesusen esker oneko kantaren “melodiaren” gako nagusiak eskaini zizkigun: errukia, zerbitzatzeko benetako boterea, bereziki pobreenei, ahulenei eta ahaztuei; Frantzisko Aita Santuak koherentzia apartaz bizi izan zuen hori; Eliza ausart, erromes eta anai baten ametsa, pertsona guztiak onartuko lituzkeena, sexu-orientazioa, etnia, erlijioa edozein izanda ere; eta fede bizia, haragiztatua eta irekiarekiko itxaropena, unibertsitateko gure eginkizunetik pertsonak eta gizarteak eraldatzeko ekintzara deitzen gaituena.

Bilbon egiteaz gain, Donostiako campusean ere ospatu zen eukaristia Antxieta eraikineko kaperan, Jon Sagastagoitia SJren gidaritzapean. Horrela, unibertsitateko ehun kidek baino gehiagok azken agurra eman nahi izan zioten Frantzisko Aita Santuari, bere profeziazko goxotasunaren, harrokeriarik gabeko egiazkotasunaren eta neurrigabeko maitasunaren ondarea bizirik mantentzeko konpromisoarekin.
> Errektorearen homilia
> Deustuko Unibertsitaren adierazpena Frantzisko Aita Santuaren heriotza dela eta
> Arturo Sosa Aita Orokorraren homilia (InfoSJ)




“Ez galdu umorea, mesedez”

Juan José Etxeberria errektoreak gogorarazi du Aita Santuak Deustuko Unibertsitatearekiko erakutsitako gertutasuna eta maitasuna, 2024ko urriaren 8an izandako audientzia pribatuan. Bilera hartan, Teologia Fakultateko dekanoa, Francisco José Ruíz Pérez SJ, lagun zuela joan zen errektorea, eta Aita Santuak Deustuko unibertsitate-komunitateari eskatu zion “ez galtzeko poza”. Topaketaren helburua Unibertsitatearen unea ezagutaraztea izan zen, Deustok Elizaren barruan unibertsitate-eremuan dituen erronkak eta gu geu osatzen dugun unibertsitate-komunitatea, misioaren arduradun gisa.
Leave a Reply