Prentsa da, zalantzarik gabe, baina jario nekaezina sortuko duen prentsa… Honen bidez Jaunak Bere Hitza zabalduko du. Egia hutsezko udaberri bat sortuko da bertatik, ezjakintasunaren ilunak deuseztuko dituen izar berri bat, eta gizakien artean ikusi ez bezalako argi bat ekarriko du.
Johannes Gutenberg, 1468
Gauzek jabea dutela irakatsi digute aspalditik (eta jabeek, gauzak). Hala ikasi dugu, hala ikasiarazi digutelako. Urrea, lurra, jana, teilatuak, egurra, ura, basoak, mendiak, janztekoak… ez dira deus, jabetzak ez badira, jaberik ez badute. Hesiak jartzen ikasi dugu soro, baserri eta itsaso orotan. Marra imajinarioz banatzen “nirea” eta “besterena”. Jabedunez eta desjabetuz bete dugu mundua.
Sinestu dugu -hala sinestarazi digutelako- ideiek eta letrek ere jabea izan dezaketela eta hala izan behar dutela. Irakurri, erosi dezakeenak soilik irakurri dezakeela, liburuek jabea dutelako, eta jabeek, liburuak. Idazleez baino, eskubideen jabeez hasi gara hitzegiten, sortzaileez baino, argitaratzaile eta banatzaileetaz.
Baina behinola karaktere mugikorrak europar merkatuan sartu (asmatu arinago ere asmatu baitziren Txinan eta Korean) eta berauek inprentaren zerbitzuan jartzerakoan ezkribauen ofizioa irauli bazuen Johannes Gensfleisch zur Laden zum Gutenberg deituriko gizon hark, zenbat aldatu ote du hizkien jabego, ekoizpen eta banaketa egungo egitura teknologikoak?
Informazioaren, testuen, hitzaren banakera ia berehalakoa, ia doakoa den gurutzbide digitalaren aurrean Gutenberg Proiektua sortu zen giza ezagutza eta sorkuntza literarioaren aurrean bestelako jarrera bat, bestelako jokabide bat posible eta zilegi zela argi uzteko. Internet oraindik ez zela, 1971.ean Michael S. Hart amerikarrak sortu zuen egun lehen Liburutegi Digitaltzat daukagun Gutenberg Proiektua.
Oinarrian, jabego intelektualaren mugetatik aske zeuden liburuak digitalizatu (lehen liburuak eskuz sartu zituen Hart berak) eta ahalik eta jende gehienaren eskura uzteko helburuarekin sortu zen GP-a (jatorrizko ingeleraz PG, edo Project Gutenberg) boluntario bezala lan egiten duten ehunka pertsonei esker. Gehienbat ingelesezko testuak argitaratzen diren arren, badira testuak beste hizkuntzetan ere (Txinatar edota Espainieratik hasi eta Gaskoiera edo Esperantoraino)
Azken datuen arabera 25.000 izenburutik gora bildu ditu jada Gutenberg Proiektuak, eta zenbait ekimen eta talderekin elkarlanean (Wikibooks, BlackMask , MobileBooks…) guztira 100.000 titulu ezberdin daude eskuragarri.
Hizkuntza, gai, aro eta autore anitzetako testuak eskuragarri beraz sarean, edozein ordenagailutan irakurri ahal izateko bezalako euskarrian (argitaratze orok txt bertsio bat du, ASCII karaktereen unibertsaltasuna lehenetsiz software komertzialaren edizio txukun baina jabedunen gainetik).
Eta ez hori bakarrik, testu idatziaz gain, testu entzuna ere leku bat egiten hasi da McLuhanek “Bigarren Gutenberg Galaxia” deitu liezaiokeen interneteko txoko honetan, eta hartara audio liburuak agertu dira, herabe hasieran eta gero eta indar handiagoz gero, norberak etxean, autoan edota kalean mp3, ipod edo eskuko telefonoan entzuteko moduan.
Librivox proiektuak adibidez, “Jabego publikoko liburuen askapen akustikoa” aldarrikatzen du, eta planeta osoko irakurle bolondresei esker copyright-a gaindituta duten liburuak eskaintzen dituzte egunero, bai artxiboak aukeran jaisteko eta baita podcast sistemaern bidez ere. Coleridge, Descartes, Tolstoy, Goethe eta Kafkaren lanak aurki daitezke bertan, Lewis Carrol edo Lao-Tserekin batera.
Ehunka, milaka, ehunka mila irakurle, idazle, liburuzale elkarrekin lanean beraz, giza espezieak sortutako ideia eta letrak eskuragarri egiteko asmoz, Johannes zaharrak amestutako “egi hutsezko udaberri” haren alde. Liburuak apalategietan gordetzeko jabegoa baino zerbait gehiago direlako… baita –agian bereziki- euskaldunontzat ere.
Estekak:
Gutenberg Proiektua: www.gutenberg.org
Librivox: http://librivox.org
http://www.audiobooksforfree.com/
The Fifth Imperium: http://baencd.thefifthimperium.com/
Marybeth Vaughen says
«post a reply» -«comments closed»